Sol Pico (Alcoi, Herrialde Katalanak, 1967) dantzari eta koreografoa da. Bere izena duen konpainia sortu zuen 1994. urtean, eta ironiaz eta indarrez beteriko ikuskizunak sortu ditu geroztik etengabe. El llac de les mosques lana taularatuko du gaur, 20:00etan, Arriaga Antzokian.
El llac de les mosques zer da, Beltxargen aintzira-ren bertsio punka?
Ez. Harremana duela eman dezake, baina ez du. Ez dago beltxargarik. Gehiago du zerikusia Edurnezurirekin eta gaztetasuna galtzearekin, ederrena ez izatearekin. Izenburua zoriz sortu zen, beti bezala. Ikuskizunak kontzertu itxura du, eta probasaioak sekulako anabasa ziren, nahasiak eta ilunak, aintzira beltz bat bezalakoak.
40 urte betetzearen krisia gainditu duzu lan honi esker?
Ez, zoritxarrez ez dut gainditu oraindik. Lan hau ez nuen sortu krisian nengoelako, baizik eta gauzak aldatu egiten direlako, 40 urte betetzen dituzunean edo 42. Niri 40 urte bete baino lehen etorri zitzaidan krisia, bizitza berriz planteatzera eraman ninduten sintomak agertzen hasi zirenean. Aldaketari nola aurre egin planteatu nuen lanean.
Zergatik antolatu dantza ikuskizun bat rock kontzertu formatuarekin?
Nire aurreko ikuskizuna Sirena a la plancha izan zen. Formatu handiko lana; dantzari asko, eta denera, hamabi pertsona agertokian. Dena zen handia horretan. Beraz, jatorrira apur bat itzuli nahi nuen honekin; zer edo zer intimoagoa egin, musika nire gainean jarrita.Musikariek ez didate laguntzen; nirekin ari dira, %50 dantza eta %50 musika den ikuskizunean. Oso ondo moldatu gara, denok 40 urte beteta ditugulako. Denontzat bizitza-bidaia izan da.
Ez duzu beldurrik inoren eremuan geratzeko, dantzazaleek kontzertua aurkitzen dutelako eta musikazaleek dantza?
Ez. Argi izan denok, hau dantza ikuskizun bat da. Dantza garaikidea da, baina zuzeneko musikariekin, eta musikariak istorioaren parte dira. Ez dut kontzertu gisa saltzen. Baina musika lan handia dago. Ikusleekin komunikatzen saiatzen naiz etengabe, hasieratik. Hitz egiten dut ikusleekin agertokira ateratzen naizenetik, baina zaratarekin ez didate entzuten. Musika originala da, Mireia Tejerorena; oso punka hasieran. Ikusleek oso ondo hartu dute dantzatu dugun leku guztietan.
Posible al da enfant terrible-a izaten jarraitzea 40 urteak pasatuta?
Nik ez dakit non ikusten duen jendeak probokazioa nire lanean. Nik ez dut probokazioa bilatzen, baizik eta erabateko komunikazioa, erabat hor egotea ordu oso batez. Baina, agian, hori probokatzaile suertatzen da. Nire lanean denak dira bizitzari buruzko erreferentziak, denok bizitakoak, eta azaltzeko era argia eta zuzena da.
Ikuskizunean, garbigailuan sartzen zara. Rockean tipikoa da heriotza hori eta berpizte istorio zahar bat da, edo karma txarra duzu garbitzeko?
Espero dut karma txarrik ez izatea. Zentrifugatzea da ideia, eraberritzea, esan duzun bezala. Arropa aldatzen dut, magia trikimailuan. Gustuko dut halakoak egitea. Cactus lanean su ematen nion dantzari baten besoari.
Nola prestatuko gara psikologikoki gaurko?
Kinshashan, Kongon, ikusleak altxatu egin ziren gurekin ikuskizunean parte hartzeko. Bilbotarrek ere gozatzeko modukoa izango dela uste dut.
«Ez dut probokazioa bilatzen, baizik eta erabateko komunikazioa»
'El llac de les mosques' dantza ikuskizuna aurkeztuko du artista valentziarrak, gaur, Bilbon. Rock itxurako koreografia da, zuzeneko musikarekin; 40 urte betetzearen krisiari buruzkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu