Ana Pagola Divasson margolariak (Iruñea, 1983) Serioa bizitza da, alaia artea erakusketa dauka jarrita Donostiako Lugaritz kultur etxean, urriaren 29a arte. Horrez gain, eginiko azken koadroak ditu ikusgai Groseko Kur galerian. Iruindarrek ere ez dute arazorik haren lanak ikusteko, artistaren estudioan bertan, San Jose kaleko 4.ean.
Meninak pop, eta meninak kitsch. Zergatik interesatzen zaizu horrenbeste Velazquez?
Bartzelonan ikasketak eta doktoretza egin nituen, eta han hasi nintzen klasikoetan arreta jartzen. Haien koadroak hartu, eta neure bertsioa egin nahi nuen. Meninak izugarri saturatuta daude, eta nik are gehiago saturatu nahi nituen. Bat egiten hasi, eta ideia gehiago sortzen zitzaizkidan. Azkenean, Velazquezen zale amorratua naizela ematen du, hala ez bada ere.
Zure lana klasikoen iluntasunaren kontrakoa da, halere.
«Nahikoa da horrenbeste iluntasun eta neurrirekin», esaten diet. Irudiaz baliatzen naiz, eta kolorea sartzen dut, neuri kolorea zaidalako interesgarriena. Ahalik eta kolorerik bizienak sartzen saiatzen naiz, baina begiari min egitera heldu gabe. Eta irribarrea ateratzen badizu, hobeto.
Zeure burua sartzen duzu erretratuotan. Ez al zaizu hori arriskutsua iruditzen?
Ez dakit zergatik egiten dudan, agian Leo naizelako. Zergatik sartuko dut beste inor, neure aurpegia hementxe izanda? Ez naiz egolatra, ez baitiot neure buruari ederresten. Erretratuetan beti dago erretratatutakoa denboratik ateratzeko asmoa. Halako saltsan sartu banaiz, neuk ere barruan egon beharko dut, ezta?
Lehen ere esana duzu ez duzula zeure lana justifikatzeko asmorik.
Arte kontzeptuala lantzen dutenek ezinbestekoa dute euren lanaren testuingurua besteentzat ere argi egotea. Neure kasuan ez dago halako beharrik. Norberak nahi duen bezala uler dezake: koadro koloretsu eta apaingarriak iruditzen bazaizkizu, primeran. Asmo ironikoa ikusten baduzu, arazorik ez. Jende guztiak ez du pertzeptzio ahalmen bera. Neuk ere ez dut berdin ikusten margotzen dudanean, bukatzean edo hiru urteren buruan berriz ikusten dudanean.
Azken boladan krisia eta hondamendi ekonomikoa dabiltza hitzetik hortzera. Zuk nondik ateratzen duzu baikortasun hori?
Agian zortea izan dut, giro baikorrean hazi naizelako. Batzuek izaera malenkoniatsua dute, eta beste batzuek jostaria. Ni bigarren horietakoa naiz, zorionez. Arteak konpromiso soziala izan behar duela esaten ziguten irakasleek. Baina zer gertatzen da jolasarekin, atsedenarekin, ondo pasatzearekin?
Nafarroako Gobernuak txosten bat plazaratu zuen herenegun. Horren arabera, nafarrek beste herritarrek baino interes gutxiago dute kultur ekitaldietan.
Ez nau harritzen. Beste hiriekin parekatuz gero, nabaritzen da Iruñean. Asmo asko daude, baina emaitza gutxi: Europako kultur hiriburua izateko asmoa, esaterako. Kanpoan ikasitako artistak estudio txikiak jartzen ari gara orain alde zaharrean. Kostatuko zaigu, Iruñea, agian, zailagoa delako, kontserbadoreagoa delako.
Txosten horretan oinarrituta, kulturarako mozketak egingo dituzte.
Ez dit askorik axola, ez dudalako laguntzarik jasotzen. Hau lasterketa bat da, eta eutsi behar diozu. Aukera dudan bitartean, margotzen jarraituko dut, eta modu berean. Ez ditut koloreak eta poza galduko. Ez dut aspertu nahi.
Ana Pagola. Margolaria
«Ez naiz egolatra, margolanetan ez diodalako neure buruari ederresten»
Artistaren lanak Donostiako bi aretotan ikus daitezke egunotan, eta Iruñeko alde zaharreko estudioa ere irekia du bisitarientzat. Bere burua menina gisa margotzen du, kolore saturatuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu