Ezarian. Zientzia

Ezagutzaren iturri

Royal Society Europako zientzia elkarte antzinakoenak 'Philosophical Transaction' argitalpenaren artxibo historikoak zabaldu ditu Interneten. 1665etik 1945 arteko ikerketak kontsulta daitezke: Newton, Franklin, Darwin, Huxley eta beste askorenak.

xabier martin
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Zientzia sustatzeko, hau da, ikerlarien aurkikuntzak bultzatzeko, aurkikuntza horiexek kontatu egin behar zirelako ustearekin abiarazi zuten Philosophical Transaction Londresen,1665ean. «Atal filosofikoaren aurkikuntzak bultzatzeko haiek hedatzea baino garrantzitsuagorik ez dago». Henry Oldenburg (1619-1677) Philosophical Transaction aldizkariaren lehenengo zenbakian idatzitako eskutitzaren lerro batzuk dira. 1665eko martxoaren 6a zen.

Sekula egon den zientzia alorreko aldizkari zaharrenaren zuzendariak garbi azaldu zituen argitalpenaren xedeak: ikerlarien lana hauspotu, hiritarren ezagutza sustatzeko eta asebetetzeko zientziaren aurkikuntzekin, ikerlan burutsuekin. Aldizkariak «modu argian eta zorroztasunez» jakitera emango zituela esaten zuen Oldenburgek bere eskutitzean. Hau da, gaur egun zientzia ataleko argitalpen prestigiodunek betetzen dituzten arau zorrotzekin aritu ziren antzinako argitalpenean; irizpide horiek betetzen lehenengo aldizkaria izan zen Philophical Transaction, Royal Society munduko elkarte zientifiko zaharrenetakoaren argitalpena bera.

Ikerlariek eta zientzialariek, erreferentzia gisa izan zuten urte askoan; 1665ean kaleratu zen estreinako aldiz. Ordutik XX. mendeko lehen zatira arte, Philophical Transaction-en azaldutako 60.000 ikerketa jarri ditu kontsultatzeko moduan Interneten Royal Societyk berriki. Isaac Newton, Benjamin Franklin, Charles Darwin, Thomas Huxley, Michael Faraday, Robert Boyle eta Stephen Hawking zientzialarienak dira lan horiek, historikoak asko eta asko, oinarrizkoak gaur egungo ezagutzan.

Hastapen zailak

Royal Society of London from Improving Natural Knowledge, soilik Royal Society gisa ere ezagutzen dena, 1660an sortu zuten; elkartearen sortze urtetzat hartzen da hori, baina urte batzuk lehenago ere bazebilen aldika-aldika biltzen zen zientzialari talde bat. Bost urte geroago kaleratu zuten lehen aldiz Philosophical Transaction. Aldizkariaren hastapenak ez ziren errazak izan: 1666an, Londres kiskali zuen sute handi batek; eta 1665 eta 1666 artean, 100.000 pertsona hil ziren Ingalaterran, izurri beltzaren ondorioz. Hori gutxi balitz, Henry Oldenburg argitalpenaren lehen zuzendaria aldi baterako kartzelatu egin zuten, herbeheretarren aurkako gerran espioitza lana egiteaz leporatuta. Hala eta guztiz ere, Philosophical Transaction gaur arte iraun du, eta etenik gabe kaleratu izan dute beti. Royal Societyk dituen bederatzi argitalpenetako bat da egun. Oso bestelako egitura dauka XVII. mendeko aldizkari harekin alderatuz gero.

Philosophical Transaction aldizkariko webgunera jo (http://rsta.royalsocietypublishing.org/) eta 1665etik 1945era doan tarte bat aurkitu ahal da. Free Content izeneko estekan 60.000 ikerlan eskaintzen dituzte musu truk: aldizkariaren artxiboak dira. Royal Societyren 350. urteurrenarekin lotuta jarri dituzte eskuragarri artikulu horiek. Aukeraketa bat egitea ez da erraza, hainbeste eta hain izen handikoak dira sinatzaileak. Adibidez, Isaac Newtonen lehen ikerketa irakur daiteke; 1672ko lana da: Argiak atxikia duen ezaugarria da kolorea, eta argi zuria beste koloreen nahasketa batek osatzen du.

Charles Darwin (1809-1882) naturalistaren lanak (lehen arokoak) ere jaso zituen bere garaian Philosophical Transaction-ek. Ikerketa historikoak, erreferentzia izan direnak mendeetan, baita bitxikeriak ere, denek izan zuten isla zientzia aldizkarian. Kasurako Darwinen lehengusu batek, Francis Galtonek hatz markak aurkitu zituen 1891n. Pertsonak identifikatzeko balekoa zela frogatu zuen, eta Scotland Yarden metodo hura erabiltzen hasi ziren luze gabe.

Bestalde, Benjamin Franklinek kometa bat erabili zuen elektrizitatearen teoria frogatzeko, 1752an. Tximistak hodeietatik lurrera zihoazen elektrizitate indarrak zirela uste zuen, eta haiek modu artifizialean jaso zitezkeelako susmoa zuen. Ekaitz baten erdian kometa bat zeruratu zuen. Franklinek arrazoi zuen. Aldizkarian kontatu zuen dena.

Odol transfusio bitxia

Fisika, kimika, biologia, astronomia… hainbat diziplinatako ikerlanak biltzen ditu Philosophical Transaction-en artxiboak. 1666an Thomas Coxek odol transfusio baten berri eman zuen, esaterako, dokumentatutako lehenetarikoa. Bi zakurren artean egin zuen. Batak hazteria zuen, besteak ez. Odolaren bidez gaitza transmititu ahal zen ikusi nahi zuen. Zakur osasuntsuak osasuntsu jarraitu zuen, eta bestea osatu egin zen gazta eta esnea hartu ondoren…

XIX. menderako zientzialarien artean zabaldurik zegoen Royal Societyk kaleratzen zuen aldizkarian urte askoan jasotako ezagutza oinarrizkoa zelako ustea. Thomas Huxley biologoak (1825-1895) hala esan zuen 1870ean: «Munduko liburu guztiak, Philosophical Transaction salbu, suntsituko balira, seguru esan genezake zientziaren oinarriek iraungo luketela, eta azken bi mendeetan pilatutako aurrerakuntza intelektuala gordeko litzatekeela, zatirik handienean behintzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.