Ezaguna da txakurren jabeek asko gozatzen dutela txakurrekin; sentipenak sorrarazten dizkiete, aldartean eragin. Txakurrek horretarako gaitasuna dute, baina baita gehiagorako ere. Azken urteotan gaitz psikologikoak eta burmuineko kalteak dituztenek terapia egin dezaten ere baliatzen dituzte txakurrak. Katalunian indar handia dauka teknika horrek, Centre de Terapies Assistides Amb Cans (CTAC) elkarteari esker. «Hezkuntza edota medikuntza alorreko profesional batek zuzentzen ditu saioak. Terapia hartzen dutenen hainbat arlotan eragin nahi dugu: hezkuntzan, emozioetan, arlo fisikoan, kognitiboan, sozialean...». Francesc Ristol CTACko zuzendariak (Viladecavalls, Katalunia, 1965) argi dio pertsona bakoitzari aurretik jarri behar zaizkiola helburuak eta horien arabera antolatu behar dela txakurrarekiko terapia. «Mesedeak askotarikoak dira: enpatian, terapeuta eta terapia jasotzen ari denaren arteko komunikazioan, ezagutza handitzeko suspertzean, kontzentrazioan, alor fisiologikoan, eta abar».
Gaitasungabeen artean ia edozein izan daiteke egokia txakurrekin terapia egiteko, «baina gauzak betiere oso modu profesionalean eginaz soilik». CTACk 1999an jarri zuen proiektua martxan. «Hasieran, Downen sindromea duten gaztetxoekin hasi ginen; haiekin asko ikasi genuen. Gero beste pertsona batzuk hartzen joan gara; garuneko kaltea dutenak, esaterako, eta gaixotasun psikologiko larriak dituztenak».
CTACkoek txakurrak hazten dituzte, baita trebatu ere. «Oso prozesu luzea da, neketsua. Horregatik egiten digute hainbeste kalte Mirariak egiten dituzten txakurrak eta antzeko tituluak kaleratzen dituzten hedabideek. Guk garbi diogu: arazoak dituztenen bizi-kalitatea hobetzeko gai gara, baina ez gaixotasunak sendatzeko». Txakurraren eginkizuna, izan ere, terapia hartzera joan denaren arreta harrapatzea da, une hori profesional batek aprobetxa dezan, mediku batek edo hezkuntza bereziko profesional batek. «Terapia bat baino ez da, eta ez du bultzatzen beste terapia batzuk eta zainketak baztertzera».
San Joan Jainkoarena erietxea
Txakurrek ematen duten laguntza aintzat hartzen dute medikuntzako profesional batzuek. Kasurako, Mercedes Roca psikiatra, CTACrekin elkarlanean, eskizofrenia kronikoa duten gaixoekin lanean ari da txakur terapia baliatuz San Boin (Katalunia), San Joan Jainkoarena erietxean. Pertsona horien gizarteratze maila handitzea eta buru-higienea dira San Boiko erietxean egiten duten horretan xedeak. Iaz hasi ziren lan horretan, eta «oso emaitza interesgarriak» ekarri ditu. Aurten ere ari dira txakur terapia ematen.
Iaz bost txakur baliatu zituzten talde terapia egiteko. Ekimenaren hartzaile guztiak emakumezkoak ziren eta eskizofrenia zuten. Mediku psikiatrak «onura asko eta askotarikoak» ikusi zituen gaixoen artean. «Haurren San Joan Jainkoarena ospitalean ere hainbat programa egiten ditugu gaur egun», dio Francesc Ristolek.
www.ctac.cat da Centre de Terapies Assistides Amb Cans elkartearen webgunea. Informazio gehiago nahi duenak han eskura dezake, modu errazean.
EZARIAN. ANIMALIEKIKO TERAPIA. Gizakiaren lagunik onena
Eskizofrenia duten gaixoekin emaitza onak lortu dituzte Katalunian CTAC elkarteak eta Mercedes Roca psikiatrak elkarlanean; txakurrekin terapia egiteak on egin diezaieke burmuineko kalteak dituztenei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu