Joan den hilabetean, urtarrilaren 2an zendu zen Antonio Zabala, Iruñean, 80 urte zituela. Bertsolaritzaren eta oro har herri literaturaren ikertzaile, biltzaile eta zabaltzaile tematia, harribitxiz betetako bilduma Xabierren zuen Zabalak, berarekin. Gipuzkoako Aldundiaren eskutan dago orain, Koldo Mitxelena kulturunearen ardurapean, katalogatu eta digitalizatzeko. Ez da nolanahiko lana izango, hainbat gauza oso txukun ordenatuta badaude ere mota guztietako material andana baitago: bertsopaperak, eskuizkribuak, egunkari zaharrak, aldizkari zatiak, argazkiak, diapositibak, audio zintak, liburuak, agiri digitalak... Zabalak idatzitako eta bere ekimenez argitaratutako ehunka libururen jatorria hor dagoela da hark utzitako ondarearen neurriaren eta balioaren erakusgarri.
Lehen 32 kaxak Zabala artean bizirik zela ekarri zituzten Gipuzkoara haren lagun min Joxemari Iriondok eta Frantxi Lopez Landatxek, joan den azaroan. «Harrapakin ederra daramazue!», esan zien, erdi txantxetan, azken kaxa furgonetan sartzen ari zirenean... Harrapakin horretako lagin ñimiño bat mahai gainera atera, eta Zabalaz eta haren bildumaz kontu-kontari hasi dira Iriondo eta Lopez Landatxe.
Jesuitaren heriotzaren ondoren, urtarrilaren 13an eta 14an joan ziren biak Xabierrera, han gelditzen zena ekartzera. Lopez Landatxerentzat «latza» izan zen Zabala gabe lan hori egitea. «Azaroan bai polita. Ni kaxak betetzen, eta hauek biak (Zabala eta Iriondo) dosier bat hartu eta 'aiba!' hasten ziren, 'hau Urruzunori buruzkoa; Mendaron izan ginenekoa...'». Azkenengoan ere horrela hasi ziren Iriondo eta Lopez Landatxe, «baina Jose Luis Zinkunegi probintzialak ohartarazi zigun erritmo horretan gauza gutxi egingo genuela. Konturatu ginen Zabala ez zegoela eta gauzak hartu eta kaxetan sartu behar genituela, besterik ez; eta horrela egin genuen, errespetu osoz». Guztira 170 bat kaxa handi bete dira Zabalaren ondarearekin, eta orain teknikarien txanda iritsi da, haiek zabaldu eta guztia katalogatzeko.
Estropezuak
Luzea izan da Gipuzkoara iristeko artxiboak egindako bidea. Jakina zen Zabalak egindako bilketa lanaren balioa, baina gordailu baliotsu hori erakunderen baten eskuetan uzteko urteetan egin zitzaizkion eskaintzak ez zituen onartu Zabalak. «Imanol Murua Kultura diputatu zen garaian inbentarioa egiteko eskatu zioten», azaldu du Iriondok. «Baina Diputazioak garai hartan ez zekien zer zen Zabalaren artxiboa», gaineratu du Lopez Landatxek: «Zer esan nahi du inbentarioa egiteak? Horrelako papertxo bakoitzaren inbentarioa egin behar duzula? Nik uste dut ezjakintasunaren araberako estropezuak izan zirela».
Bilduma non geldituko zen baino, hasitako lana bukatzeak garrantzi handiagoa zuen Antonio Zabalarentzat, eta horrek kezkatzen zuen. «Jakina, bere lana bukaezina zen», dio Lopez Landatxek. Iriondorekin egunero hitz egiten zuen telefonoz, batez ere azken urteetan. «'Joxemari hau bukatzen ari da', esaten zidan, eta nik galdetzen nion, sinesmen handiko gizona izanda, ez al zuen aitaren etxera joateko gogorik. 'Ez! Lan asko daukat oraindik!', erantzuten zidan». Abenduaren 31ko gauean gaizkitu zen Zabala. Eta egun horretakoak dira Zabalaren bi ordenagailuetan topatutako azken dokumentuak. «Uztapideren jaiotzaren urteurrena dela eta, Lengo egunak gogoan berriz argitaratzera goaz, eta nik hitzaurrea eskatu nion; baliteke hitzaurre hori izatea idatzi zuen azken hori», uste du Iriondok. Bere bi macintoshetan Zabalak gordetzen zituen agirien zerrendak orriak eta orriak betetzen ditu. «Aberatsa da oso artxiboa», egin du gogoeta Lopez Landatxek; «pentsa, XVIII. mendeko bertsopaperetatik hasi eta ordenagailuko agirietaraino».
Zabala irakasle izan zuen Lopez Landatxek, eta, Iriondoren arabera, «hori zortea izan zen, Zabalak Diputazioko inorekin ez zuen harreman ona Frantxirekin baitzuen». Espainiako Literatura erakutsi zion, «garai haietan filologian ez zen besterik erakusten eta», gogoratu du Lopez Landatxek. «Deustuko Unibertsitatean honoris causa doktore izendatu zutenean, 2000. urtean, erakusketa antolatu genuen Koldo Mitxelenan, Auspoaren auspoa. Bere gauza batzuk ekarri genituen, eta erakusketa bukatu zenean hemen uzteko esan zigun. Bazuen zer edo zer buruan». Gipuzkoako Aldundia 2003an Auspoako liburuak argitaratzen hasteak ere harremana erraztu zuen artxiboaren etorkizuna finkatzeko unean.
«Serio hitz egin behar dugu»
Baiezkoa, hala ere, 2005ean lortu zuten Joxemari Iriondok eta Pello Esnalek, Xabierren. 2005eko maiatzean joan ziren Zabalarengana. «Serio hitz egin behar genuela esan genion», kontatu du Iriondok. «'Zuk urte asko dituzu, eta auskalo zer gertatuko den egun batean zu falta bazara. Aita Otañoren liburutegia ere itogin batek hondatu zuen. Zu hiltzen edo gaixotzen bazara, anaia lego bati esango diote: 'begiratu ea zer duen honek paper horietan', eta hasiko dira, 'paper hau... bota egingo dugu; argazki hau zein polita agure hauekin, hau gorde egingo dugu... eta zure artxiboa horrela erreko dute'. 'Gauza larriak esaten ari zara', esan zidan. 'Serio ari naiz, egingo al dugu konponbide bat Gipuzkoako Diputazioarekin?'». Baiezkoa lortu arte ez zuten amore eman egun hartan Iriondok eta Esnalek. «Gauza gogorrak esan genizkion, gaizki utzi genuen». Auspoa digitalizatzeko baimena ere erdietsi zuten. «Iluntze hartan, etxera heldu, eta Zabalari deitzeko enkargua nuen», jarraitu du Iriondok. «'Atzera egin dik', pentsatu nuen». Baina ez zen hala. «Berak ez zuela deitu esan zidan, 'nahiko kalaka izan dut gaurkoz zuekin!'».
«Azkenean, hizketan ez asmatzearen problema izan zen», dio Iriondok, Zabalaren eta Aldundiaren arteko konponbide faltaz. «Zabala nahiko bakartia zen, eta inoiz ez zitzaion justizia handirik egin. Bakartia zen, intelektuala, jesuita... eta bere garaian gustuko eskaintzarik ez zitzaion egin. Eta erakunde formalak ere ez zituen gustuko. Esnal eta biok ez ginen Xabierrera baten izenean joan». Behin baiezkoa emanda, kontratua zehazteko inolako arazorik ez zela izan gaineratu du Frantxi Lopez Landatxek: «Behin erabakia hartu zuenean, lasai zegoen».
Zabalaren beldurrak
«Bazuen beldur bat ere. Bilduma mitifikatu egin genuela leporatzen zigun Zabalak», kontatu du Iriondok. 'Hemen ez dago zuek esaten duzuen guztia', esaten zigun. Nik ez dut uste mitifikatu egin denik». Lopez Landatxek ere badu azalpen bat: «Agian lotsa pixka bat ere bazuen, gauzak ez zeudelako berak nahiko zukeen ordenan. Horren froga da berak prestatutako karpeta hauek oso ordenatuta bidali dizkigula. Eta guk aurkitu ditugun asko ere ondo ordenatuta daude. Aldiz, beste batzuk nahasi samarrak daude».
Azkenean, beraz, sinatu zuen Zabalak bere bilduma Gipuzkoako Aldundiari emateko kontratua, besteak beste, artxibo horretan bildutakoen %80 herrialde horretan bilduak zituelako jesuitak. Hori bai, haren izaera bakartia eta lotsatia agerian geratu zen sinadura egunaren bezperagoan ere. «Bi egun lehenago jakinarazi genion nolabaiteko protokolo bat antolatuta zegoela, lagunak, bertsolari zaharrak... prentsa ere egongo zela...», kontatu du Lopez Landatxek. «'Nola?' Berak ez zuela hori nahi». Joxemari Iriondok jarraitu du: «Probintziala joango zela zioen, 'Ni ez naiz joango!'. 'Antonio, ez zaitez berriketan ibili. Bila joango gara!». Eta Lopez Landatxe bila joan zen: «Ez nion etortzeko agindu. Hara joan, berarekin egon, eta hurrengo egunean biok etorriko ginela esan, eta konforme etorri zen. Halakoa zen».
Sinaduraren ondoren, ez ziren berehala hasi haren gauzak Xabiertik Donostiara ekartzen. «Ez genuen strip-tease psikologiko horretara behartu nahi. Garbi geneukan berak askatu ahala joango ginela gauzak ekartzen», gogoan du Iriondok. Bitarte horretan, bilduma hori errazago ulertzeko aukera joan egin da Antonio Zabalarekin. Baita lagunei agindutako haren anekdotei buruzko liburua ere. «Baina baliorik ba al du ba horrek?», galdetu omen zuen Zabalak proposatu ziotenean.
Orain, Gipuzkoako Aldundiko teknikarien eskuetan dago Antonio Zabalaren bilduma. Lopez Landatxeren arabera, lauzpabost urte hartuko ditu hura oso-osorik katalogatzeko eta digitalizatzeko lanak.
Aranalderen apustuak izan zuen jarraipena, eta halaxe kontatu du Joxemari Iriondok: «Mikel Atxagak kontrako apustua egin nahi zigun gero. Ezetz ezagutu guk artxibo hau Gipuzkoan. Ezagutzen ez bagenuen, hari eta Luis Aranalderi bazkaria, gure kontura. Kaxa guztiak ekarri genituen iluntze hartan hots egin nion Mikeli: 'Ez diagu bazkaria pagatuko. Artxibo osoa Gipuzkoan zagok'».
Frantxi Lopez Landatxe eta Joxemari Iriondo garraiolari finak
Adiskide zituen biak Antonio Zabalak eta biak izan dira jesuitaren gordailua Xabiertik Donostiara garraiatu dutenak. KM liburutegiko, kultura sustapeneko eta hedapeneko zerbitzu burua da Lopez Landatxe (Donostia, 1953). Kazetaria eta euskaltzain urgazlea Iriondo, herri literaturako batzordekide (Azpeitia, 1938).Biltzaile lanarekin batera, beste hainbat alor jorratu zituen Antonio Zabalak. Hark abiatutako Auspoa bildumak, esaterako, 300dik gora liburu argitaratu ditu.
Nekatutako nekaezina
I. Lasa DonostiaXenpelarri buruzko elkarrizketa bat egin zion Zabalari kazetari batek. «Zer esan dezakezu Xenpelarri buruz?». Iluntze hartan Zabalak erretxinduta deitu ziola gogoratu du Iriondok. «Hauek analfabeto batzuk dira! Xenpelarri buruz? Gutxienez 10 ordu osatuko nituzke! Egin dezala galdera zehatzagoa!».
Antonio Zabalarekin (Tolosa, 1928- Xabier 2009), euskal kulturaren figura erraldoi bat joan da, Joxerra Gartziak Argia-n esan berri duen moduan (2170. zenbakia). Haren bilketa lanaren handian, bildutakoaren kalitatea eta hori ezagutarazten egindako lana sekulakoa izan da.
1954an ekin zion Zabalak bertsolaritzaren eta herri literaturaren ingurukoak bildu eta ikertzeari. 1961ean abiatuko zuen Auspoa bilduman, 300dik gora liburu argitaratu dira; horietatik ia erdiak, berak idatzitakoak. Lanean bereak eta besterenak egiteko gaitasuna zuen Zabalak, Iriondok kontatu duenari begiratuta. Bertsolari txapelketetan aldi berean Auspoako sarreran liburuak saltzen, barruan bertsoak grabatzen eta epaimahaian epaile egoteko gai baitzen.
Zabalaren landa lana goraipatu du Lopez Landatxek: «Txirritari buruzko liburu batean kontatzen du nola bertso batzuetan agertzen zen norbait hil zutela Santa Barbara atzeko gurutze baten ondoan. Zabalak bertso haien bertsioak bilatu zituen. Lekura joan, eta baserritarrari gurutzeaz galdetu zion. Sasi artean 40 urtez hautsita egon zen gurutze hura topatu, eta hildako haren baserrira eraman zien». Norbaiti buruz idatzi behar bazuen, haren inguruko informazio guztia bilatzen zuen Zabalak: jaiotza agiriak, argazkiak, egunkarietako zatiak... Eta garai hartan ez zen Internetik.
Nekaezina zen. «Lo orduak nahastuta zeuzkan», kontatu du Iriondok. «Hamar urte izango dira medikuak neke kronikoa diagnostikatu ziola».
Indarrak beste arlo batzuetan jarri ziren garaian, herri literaturan Zabalak egindako lana albo batean geratu zen, baina haren ekarpenak izan du aitortzarik.
Mundu zaharraren lekuko
I. L. DonostiaNahi duzuena egin, baina, herriak erabiltzen duen euskarari errespeturik ez badiozue, herriak abandonatu egingo zaituzte», esaten zion amak Antonio Zabalari. 1954an, ikasle gazte batek Xabierrera 27 bertsopaper eraman zizkionean, konturatu zen halako zenbat izango ziren Euskal Herriko baserrietan gordeta, eta zenbateraino zegoen landu gabe alor hori.
1956an eman zuen Euskaltzaindian bere hitzaldi ezaguna: En busca de la poesia popular a través del Pais Vasco - Bertso berrien billa Euskalerrian zehar. Ordurako 50.000 bertsotik gora omen zeuzkan bilduta.
Zabalak berak esaten zuen moduan, Auspoan «ez dago Euskal Herriko historia guztia, baina Euskal Herriko historiaz jakin nahi duenak hau ere irakurri behar du». Zenbateraino aitortu zaio Zabalari hark egindako lan guztia? Frantxi Lopez Landatxeren ustez, denbora behar izan da Zabalaren ekarpenaren aberastasunaz jabetzeko. «Normaltasun pixka bat izan dugunean konturatu gara Antonioren lanaz. Garai hartan euskara batuaren beharra zegoen, euskara guztientzako tresna bihurtzeko beharra, eta indar asko horretan joan ziren». Bertsolaritza berpiztu zenean ere, «eskolak sortu ziren eta beste adar bat zabaldu». Zabalaren lana, ordea, «mundu zaharrari begirakoa zen». Dena den, «zorionez», azken urteetan aitorpen mugarri batzuk izan dira, Lopez Landatxeren arabera. Bernardo Atxagak berak aipatu izan du, esaterako, Obabaren mundua deskubritzeko leihoa nola izan zen Auspoan argitaratutako Pello Errotaren alabaren liburua.