EZARIAN. ARGAZKILARITZA. 36ko gerra, Photoshop gabe

Mexikoko Maletan aurkitutako 1936ko gerrako zenbait argazki ikusgai daude Manhattanen. Horietako asko Euskal Herrian hartutakoak dira; borrokaren errealitateak dira, Chim, Taro eta Caparen begietatik ikusita.

New York
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
«Gure berriemaile berezien erreportajeak, Bilbo eta Valentziatik eginak». 1937ko urtarrilaren 28ko Regards aldizkariko izenburuak hala zioen. Azaleko argazkian, Errepublikaren aldeko hiru soldadu euskaldun ageri dira, soalsaldian, atzean ikurrin handi bat dutela.

Sei hilabete geroago, ekainaren 10ean, eta aldizkari berean, titulu hau irakur zitekeen: «Gernika! Almeria! Eta bihar?».Espainiako zenbait herritarren irudiak ekarri zituzten azalera.

Aldizkari horien eta beste batzuen ale originalak eta ehunka argazki ikus daitezke datorren urte hasiera arte New Yorkeko International Center of Photographyn, Manhattanen erdi-erdian, 43. kalean. Guztiak, Mexikoko Maleta deiturikoan aurkitutako piezak dira.

2007ko abenduan, ustez 1939tik galduta zeuden hiru kaxa aurkitu zituzten Mexikon. 35 milimetroko 4.500 negatibo zeuden han; Robert Capa, Gerda Taro eta Chim (David Seymour)argazkilariek 36ko gerran (1936-1939) hartutako argazkien negatiboak dira guztiak.

Orduko gertakizunak ordena kronologiko batean jarraitu litezke, horrela txukun gordeta baitzeuden kaxa horietan: 1936an hasi eta 1937ko lehen hilabeteak arte, Chimek atera zituen argazkiak. Gerda Taro emakume berriemaile argazkilariak jarraitu zuen lan horretan, 1937ko uztailean argazkiak ateratzen ari zela Bruneteko batailan hil zuten arte. Handik aurrera gerra amaitu arteko irudiak Caparen kamerak hartutakoak dira.

Errepublikaren aldekoen bizimodu eta borrokaren irudiak atera zituzten hiru argazkilari berriemaileek nazioarteko zenbait argitalpenetarako: Vu, Life, Schweizer IllustrierteZeitung, Volks-Illustrierte.Gerraren gordintasuna erretratatu nahian, oso gertuko ikuspegia ematea lortu zuten, eta, zenbait adituren ustetan, ordura arte sekula erakutsi gabeko moduan, gainera. Gerra sekuentziaz sekuentzia jarraitu liteke argazkilarien lanaren bidez; agerian utzi zituzten bizipen horien alde guztiak. Gerra argazkilaritza modernoaren sortzailetzat hartu izan dira hirurak: Capa distiratsua, Chim ikastuna eta Taro ausarta.

Irudi horien artean denetarik ikus liteke. Ikusgai daudenen artean, Bartzelona, Valentzia, Madril, Teruel, Oviedo eta Euskal Herrian hartutako irudiak daude, besteak beste.

Gerran, borrokan hartuak dira asko: borrokarako prestatzen ari diren gizonena, altzairuzko tankeen indarraren erakusgarri, astoek zaurituekin anbulantzia lana nola egiten zuten erakusten duena, borrokak dakarren heriotza islatzen duten hildakoena...

Chim Euskal Herrian

Gerraren irudirik gordinenak, ordea, herritarren eguneroko bizimodu gogorra agertzen dutenekin nahasten dira erakusketan: baserritarrak soroan lanean, haurrak haien ondoan jolasean, idi parearekin lurra lantzen, arrantzaleak beren zereginetan...

Bereziki Chimek ateratakoetan ikus litezke Euskal Herriko parajeak eta jendea: 1937ko otsailean argitaratutako erreportajerako, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin elkartu zen Bilbon, eta hainbat argazki atera zizkion. Soldadu errepublikanoek ikurrin eta guzti Bilbon egindako desfilearen irudiak erakusten dituen argazkiarekin batera, haiei begira Agirre lehendakaria eta Armada Errepublikanoko Iparraldeko buru Llano jenerala ikus litezke.

Euskal Elizako kide askok errepublikanoen alde hartutako jarrera ere jasoa dago argazkietan. Irudi horietako askotan agertzen baitira fraide, apaiz eta mojak. Euzko Langile egunkari errepublikanoa irakurtzen ari den fraidearenarekin batera, nabarmentzekoak dira Gueñesko Santa Maria elizako kanpoaldea ageri dena, edo mojen eguneroko bizimodua erakusten dutenak.

Lekeitio ondoan, baserri baten atarian Chimek ateratakoak leku berezia du New Yorkeko erakusketan: soldadu errepublikanoak borrokara joan aurretik meza entzuten ikus litezke.

Izan ere,geltoki nagusia Bilbo izan bazuen ere, handik ondoko herrietara bidaiatzeko ohitura hartu zuen zenbait astetan Chimek. Herritarren eguneroko bizimodua jaso nahi zuen bere kameraren bidez; arrantzale herrietan edo baserritar giroan hainbat eta hainbat irudi atera zituen.

Gernikan eta Durangon

SS Aya Mendi itsasontziko arrantzaleak pozik ageri dira beste zenbait iruditan. Eta ez zen gutxiagorako izango sentitu zuten poza: Francorentzat munizioz beteta zetorren SS Palos ontzi alemaniarra atzeman baitzuten.

Gernikako bonbardaketaren ostean hartutako irudiak ere aurkitu zituzten Mexikoko Maletan: juntetxekoak, Gernikako arbolarena, zauritua erietxean zaintzen ari den mojarena eta nazien bonbak jaso zituen Durangoko kale batena, esate baterako.

Espainiako hainbat tokitan hartutako irudien artean, berebiziko garrantzia hartzen du erakusketan Garcia Lorca ageri denekoak ere: 1936ko uztailaren 13an hartutako argazkia da. Handik hilabetera hil zutenez Granadan, poeta bizirik ageri den azkenekotakoa izan liteke duela hiru urte aurkitutako hori.

Hiru argazkilari berriemaileek beren kameren bidez jasotako irudi asko jendearen erretratuak dira, eta horien bidez senti dezake ikusleak gerraren gogorkeria, sufrimendua, nahigabea eta ezina. Zenbait erretrataturen aurpegiko zimurrak edo begirada galduak dira horren erakusgarri.

Capak egindako gerrari buruzko bi film ere ikusgai daude erakusketan.

Argazki guztiok eta haien historiak bi liburutan argitaratu ditu International Center of Photographyk : The Mexican Suitcase: The History eta The Films liburukitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.