Zuhaitzen itzalpean, XVIII. mendeko Nekatoenea etxeko murruen artean, bizitokia alde batean, bestean tailerra. Itsas bazterra bost minutura, beste bostera Anton Abadiaren gaztelua, arte horretan, natura indartsuaren eremu babestu zabala baratze.
Goizean jaiki eta, garunak bete, lekuak ezagutu, bereganatu, harremanak sortu, pentsatu, entseguak egin, tronpatu, berriz hasi, lortu, sortu, bizi, arratseraino, eta berriz hasi. Horrela hiru hilabetez.
Arte plastiko egileen egonaldiak 1997ko neguaz geroztik antolatzen ditu Abadiako adiskideak elkarteak Nekatoenea egoitzan. Urte bakoitz bi artista errezibitzen dituzte bertan.
Artista batentzat, beti «memento bereziak bezain arraroak» dira egonaldiak, argi du Sabine Delcour argazkilariak. «Sorkuntzarako ez da hoberik». Nekatoenean dago une honetan artista. Laster bukatuko ditu bere bi hilabeteak. Azken hilabetea larrazkenerako atxikia du. Paisaiak hartzen dituenez argazkitan, sasoiekin jokatzea garrantzitsu zaio. Paisaiak, bideak, barneko paisaien ispilu. Bere argazkiak poesiak bailiran, bakoitzak nahi duena ikustea eta ulertzea du helburu.
Lauzpabost egonaldi eginak ditu jada Delcourrek, beti leku desberdinetan. Ikuskizunetako artistentzat intermitente estatutua existitzen bada Frantzian, arte plastikoetako egileentzat, ordea, oro har, beren artearen bidez zuzenean bizitzea zaila da. Alde horretatik, beti izaten dira ongi etorriak egonaldiak. Horiek horrela, Euskal Herrira etorri izana ez du kasualitatea Delcourrek. Txikitan, Baxenabarreko Aldudeko ibarrera joaten zen familiarekin bakantzetan. Orduko oroitzapenekin marraztu barneko paisaien bila jin nahi zuen, nonbait.
Arrunt beste estilo batean, Philippe Herbet, aurtengo gonbidatu duten bigarren artista belgikarra da. Han artistentzako aukera gehiago dauzkate. Egonaldirako bere burua aurkeztu du Euskal Herria ezagutu nahian eta amodio galdu bat ahazteko xedez, besteak beste. Euskal Herriaz bakarrik aurreiritziak entzunak zituen ordu arte, dela bortizkeriari lotuak direnak, dela alde turistikoari lotuak. Gehiago jakin nahi zuen. Hemengo jendeak, errealitateak hobeki ezagutu. Euskaldunak, euskaldunak ez direnak, gazteak, zaharrak, iritzi orotakoak. Argazkitan hartu eta testuak idatzi. Zerbait berezi aurkituko zuelakoan zebilen. Eta hala gertatu da. Hiru hilabeteak bururaturik sartu berri da Belgikara, baina berriz etortzekoa da urrian, bere kontu. Autorik gabe, autobusez edo autostopaz Donostiatik Baionara, zernahi anekdota jaso ahal izan ditu. Emaitza, berriz, Delcourren argazkiekin batera, Angeluko Beatrix Enea aretoan zintzilikatuko dute heldu den urtean.
Angeluko Herriko Etxearekin partaidetza bat dauka Abadiako adiskideen elkarteak. Funtsean, horri esker daude ikusgai ekainaren 26ra arte iazko egonaldiko Olivier Turpin margolariaren obrak. Angeluko Barojako Zalditegietan jarri dituzte. Bideoarekin lan egiten du usaian Turpinek. Margoa aspaldian bazterrean utzia zuen. Egonaldiaz baliatu da berriz horretan jartzeko. Nekatoeneko tailerretik kasik ez zen atera hiru hilabetean. Buru-belarri sartu zen horretan, eta frango gozatu: «Ez dut behin ere hainbeste lan egin nire bizi osoan!».
Hiru artista, hiru ibilbide eta proiektu arras ezberdin. Hori bai, aldi bakoitz lekuak bere eragina izan du artistaren proiektuaren barnean. Dena bazterrengatik ala ezagutu jendearengatik. Eragin hori zaio interesgarri, preseski, Abadiako adiskideak elkarteari. Artistak laguntzeaz gain, kuriositatea sustatzea badute ere helburu, bai herritarren artean, baita artisten baitan ere.
1997tik 20 bat artista pasatu dira Abadiatik. Japoniatik Etiopiara, Errusia eta Etiopiatik pasatuz, jatorri anitzetakoak. Ibilbide artistiko garatua izatea, hori da, hautakerarako orduko irizpideetako bat. Egonaldiaren oihartzunak ahal bezain zabalak izatea nahi du elkarteak. Baina dena dela, pisurik handiena egonaldiaz baliatu nahi duten artistek aurkeztu proiektuak du. Lekuarekin lotura izan behar du.
Abadiako adiskideez gain, Itsas Bazterreko kontserbatorioa eta Akitania eskualdeko kultur erakundeko (DRAC) langile bat dira hautatzaileen epaimahaian. Erakunde publiko anitz dauzkate diru sostengatzaile, beharrei aurre egiteko. Urtero, 40 bat artistak aurkezten dute beren burua.
EZARIAN. ARTE PLASTIKOAK. Abadia, sorkuntza eremu
Hendaiako Abadia eremuko Nekatoenean, arte plastikoetako egileen egonaldiak aldizkatzen dira 1997tik; aurten, bi argazkilari gonbidatu dituzte, Philippe Herbet eta Sabine Delcour.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu