Izpegiko leporantz abiarazten den harrizko xendrari jarraituko diogu Bordagaineko baserritik. Gero, aspaldiko kontrabandisten antzera-edo, astiro-astiro egingo dugu gorantz. Aintzinaga gailurraren azpiko magalek sorrarazten dituzten ur-jauzien irudi liluragarriekin txundituta geratuko gara. Ziur asko lepoko bentetako batean ibilbidean atzemaniko altxorra partekatzeko gogoa izango dugu.
Baigorriko eta Baztango ibarren artean irekitzen da Izpegiko lepoa. Altitude xumea eduki arren, alde banatan gailentzen diren Auza (1.306 m) eta Iparla (1.044 m) mendien goratasuna dela eta, nekez gaindi litekeen muraila natural ederra irudituko zaigu. Euskal Herriko gainerako mendateetan legez, bazterrotako elkargune izan da Izpegiko lepoa, garai batean Baigorriraino iristen baitzen Nafarroako Erresuma. Hala, mugak aldatzeaz batera, behialako komertzioa kontrabando bilakatu zen; ezinbestean. Ezagunak oso dira, esaterako, Izpegi inguruan XIX. mendean Jean Antxordoki kontrabandista lapurtarrak eginiko negozio klandestinoak.
Baina Izpegiko lepoaren gorabeherak ez dira bertan amaitzen. Hamarkada batzuk geroago, bigarren mailako mendateak kontrolpean izateko asmoa obsesio bilakatu zen Franco diktadorearentzat. Hori zela eta, ibilbidean bisitatuko ditugun parajeok militarren zaintzapean izan ziren denbora batez. Azkenik, XIX. mendearen bukaeran, saleroste askerako ituna sinatzeaz batera, lepootako kontrola ahuldu zen garaian, oroigarriak eskuratzeko eta turismoa ostera ere erakartzeko xedez, bentak eraiki ziren. Izpegiko lepoan dauden bentak bisitatzeko asmoa dugu guk ere.
Horrela gauzak, Baigorriko herritik abiatuko gara Izpegiko errekak zizelkaturiko ibarrean gora egiteko asmoz. Kontrabandistak ez bezala, egun argiz irtengo gara Baigorritik eta, sigi-sagaka basoan gaindi, desnibela leunduz joango gara. Ezustekoak izango ditugu Bordagainetik hurbil: bazterrok zaparrada emaritsuek harrapatzen dituztenetan ur-jauzi dotoreak gertatzen baitira han. Ikusmenerako, zinez, opari galanta!
Izpegiko sakanean gora
Baigorriko elizaren atzealdeko aparkalekuan utziko dugu autoa, bertantxe hasiko baitugu gaur egun Nafarroako muga adierazten duen Izpegiko leporako bidea. Aldude ibaiaren gaineko zubia gurutzatu eta asfaltoari segika, gorantz abiatuko gara, Izpegiko mendatera doan errepidea lagun. Seinale batek dioen legez, 168 metrotan gaude eta Izpegiko mendateraino 500 metroko desnibela dugu. Seinale horretara iritsita, errepidetik irten eta ezkerretik darraion kaleari ekingo diogu beherantz. Belardiak eta arkitektura ederreko baserriak gogaide, Izpegiko sakanetik barrena boteka eta jauzika jaisten doan erreka igaroko dugu. Asfaltozko basabideari men egingo diogu ondoren.
Arnasestuka hartuko ditugu lehen aldatsak, gogorrak baitira oso hasieran. Tinda horiko arrastoak lagun ditugula, goratasuna hartuko dugu ziztu bizian, hots, Izpegiko sakanetik aldentzengoazen heinean. Behin aldapa amaituta, urkidian barrena soa luzatzeko tenorea izango dugu, espezie eder horrek magalak bete-betean harrapatzen baitu. Behealdean, berriz, uraren harrabotsa entzungo dugu. Jakina, ibarraren hondoan erraz baita imajinatzen errekak sorrarazten duen hiruzpalauko altuerako ur-jauzi artifiziala; izan ere, salto hura aprobetxatuz, Aldudeko ibarreraino luzatzen den ubide xume bat hasten da hor.
Leunkiro segituko dugu, Izpegiko magalak eta tontorrak aurrez aurre ederki nagusitzen direlarik. Hasieran errekatik aldendu bagara, oraingo honetan gero eta hurbilago sentituko dugu haren uberka. Ertzez aldatzera gonbita egingo digun pista gainetik zeharkatu bezain agudo, goratasuna hartzeari ekingo diogu berriz ere. Bordagaineko baserrian amaitzen da errepidetxoa, Izpegiko lepora igotzeko bide zaharra hasten den leku ederrean. Bordagain baserrira iristean, ezkerraldetik jarraitzen duen belarrez jantzitako pistatik ekingo dugu, leun-leun. Basoraino bideratuko gaitu orduan zidorrak, elorri zuriak, haritz amerikarrak, gaztainondoak eta gorostiak bidaide.
Erreka bazterrean altxatzen den etxola batean gordetzen du artaldea Bordagaineko artzainak. Harekin solasari ekitea plazer handia izaten da, naturaren beharretara egotea zer den ulertuko badugu. «Lan nekosoa da, eta ontsa gogoratzen dut nola jaisten genuen belarra goiko larreetatik: ebaki ondoren, bizkarrean lotuta». Bera ere bada, euskal herritar askoren kasuan bezalaxe, joan den mendean Ipar-Ameriketara jauzi egin zuen artzainetako bat. «Ingelesa gutxi ikasi nuen Kalifornian, ardiak gobernatzeko ez baita askorik behar; hitz solte batzuk baino ez».
Aintzinaga inguruko turrustak
Eskuinetik datorkigun errekasto jauzkaria gurutzatuko dugu segidan. Artzainak kontatu digunez, Aintzinagako lepotik amiltzen da errekastoa, Tutturru gailurraren eta Pausugaiztoko kaskoaren artean. Ez du ur emari handirik ekartzen, nahiz eta bidexka nagusitik bost minutura lauzpabost metroko turrusta xume bat ikus dezakegun, gehienbat euri zaparradak kopurutsuak izaten direnean. Uda partean, haatik, bestelakoa izan ohi da panorama. «Arrain txikiak ikusi izan ditut uberkan, baina uda partean, ur-faltagatik-edo, hil egiten dira» esan digu Bordagaineko artzainak. Negu gorrian eta udaberri emaritsuetan, ordea, zer deskubriturik badago Aintzinagako magal belarditsuetan. Errekastora iritsi baino 30 metro lehenago jo dezakegu eskuinera eta harritza gainetik doan xendatik segi. Hala, estugune baten bueltan, lauzpabost metroko ur-jauzia ikusiko dugu. Ur-salto xumea, akaso, gorago sortzen direnekin erkatuz gero.
Ibarrean gora jarraitzea ezinezkoa baita, Bordagaineko baserritik datorren xenda nagusira aterako gara ostera ere, eta, ondoren, Izpegiko leporanzko bideari ekingo diogu. Sigi-sagaka, urkiak, gaztainondoak eta isatsak bidelagun, goratasuna hartuko dugu talaia eder batera heldu arte. Suak erabat kiskalitako etxola bat ikusiko dugu aparteko muinoan. Mapa kartografikoetan Turrustegi izenaz azaltzen den inguruan gaude, Kuarteleko Kaskotik amiltzen diren hainbat turrustaren inguruan. Baina, aho bete hortz geratzeko moduko ikuskizuna ekialdean izango dugu, Aintzinagako magal ederrean: beherago ikusitako ur-jauziaren gainetik lau jauzi dotore agertzen dira orain, sakan estuan euren buztan zuriak ageri uzten dituztela.
Izpegiko talaia
Magalak zeharkatuta, basoan barrena eskuin-ezker eginez, Izpegiko lepora begira jartzeko unea iritsiko zaigu. Leporainoko azken metroak igotzen lagunduko digu xendra batek. Astiro hartu behar dugu igoera, desnibel majoa baita goraino. Bidexkatik irten gabe, beraz, lepoan altxatuta dauden bentetara iritsiko gara. Lepora iristean, beste interesgune batzuk bisitatzeko irrikan egonez gero, Elorrietako gune megalitikora doan herri bidea (SL) segi dezakegu. Guztira, 6,250 kilometro, eta 300 metroko desnibela.
Baigorrira itzultzeko, igoeran egindako bide beretik egingo dugu.
EZARIAN. BAIGORRITIK IZPEGIKO LEPORA. Kontrabandisten bideetatik
Baigorritik Izpegiko lepora doan xendak istorio asko biltzen ditu; kontrabandoari lotutakoak haietako hainbat. Auza eta Iparla mendiak dira pasarte horien lekuko isil, eta haiek zaindari dituztela, Izpegiko bentak dira helmuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu