EZARIAN. EHORZKETA OHITURAK EUSKAL HERRIAN. Joandakoak geratutako tokian

Domu Santu Eguna gaur, fededunak hilerrietan izango dira, sendikoen hilobietan otoitz egin eta loreak eskaintzen; ez da horren ohitura zaharra, ehorzketa errituek hainbat aldaketa izan dituztelako historian zehar.

IRUNE LASA DONOSTIA
2008ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Fede katolikoak Domu Santu Eguna ospatzen du gaur, joan diren senitartekoez gogoratu eta haien alde otoitz egiteko eta urteroko errituan hilerriak lorez eta jendez beteko dira. Baina hilerrira bisita egitea ez da horren ohitura zaharra; izan ere, hilerriak-gaur ezagutzen ditugun moduan- ez dira horren zaharrak. Herrietatik kanpoko hilerri gehienak XIX. mendetik aurrera eraikitakoak dira Hego Euskal Herrian. Higiene arrazoiengatik Karlos III.a Espainiako erregearen 1788. urteko dekretu batek agindu zuen hildakoak elizetatik kanpo ehorzteko.

Atzera eginda, historiaurreko lehen ehorzketa aztarnak Erdi Paleolito garaikoak dira (K.a. 75.000-35.000), eta Ekialde Erdian eta Frantzian topatu ziren haitzuloetan. Neolitoan gorpuak kobazuloetan uzten zituzten, eta ohitura horren hainbat aztarna aurkitu dira Euskal Herrian. Garai horretan ere hasiko ziren hildakoak trikuharrietan ehorzten.

Brontze Aroarekin ohitura berriak iritsiko ziren Euskal Herrira, eta hildakoak errausten eta errauts horiek harrespilen (cromlech) erdian uzten hasiko ziren. Nekropoliak eta tumuloak ere agertu ziren.

Kristautasuna iristean, ordea, errausketa desagertu egin zen, Elizak berpizteko orduan gorputza osorik gordetzea funtsezkoa dela hobetsiko baitzuen. VII-VIII. mendeetan elizako atarian ematen zitzaien lur hildakoei, nolabait haien aldeko otoitza bermatzeko. Denborarekin, hobi horietan hilarriak jartzen hasi ziren.

Gero pribilegiodunek pribilegioa nahi izan zuten heriotzako orduan ere, eta euren hildakoak eliz barruan hobiratzen hasi ziren. Hobiak elizan egitea aitzakia ezin hobea zen, gainera, elizak berritzeko eta handitzeko, eta ohitura berria baliatuta, erromanikoen tokian eliza gotikoak altxatzen hasiko ziren. Denborak aurrera egin ahala, elizgizonei ere, pribilegio hori merezi zutela otu zitzaien. Beranduago egingo zen jende xehearentzako tokia.

Horiek hala, XII. menderako Hego Euskal Herrian hildako guztiak ehorzten ziren elizetan. Jakina, hobien elizako kokapena erabat hierarkizatua zegoen. Aberats eta jauntxo familia hobiak ziren aldaretik hurbilen zeudenak, eta txiroenentzat zen korurako eskailerapeko tokia. Hildako guztiak, salbuespen bakarrarekin: umekiak eta bataiatuak izan aurretik hildako haurrak. Horiek etxeko teilatuaren hegalaren azpian ehorzten ziren. Etxearen, sendiaren, babespean.

Aldaketen aurka

Pasai Donibanen jasotako izurrite handi bat izango zen, besteren artean, XIX. mendean ehorzketak elizatik kanpora egiten hasteko arrazoietako bat. Pasaiako elizako kiratsa izugarria omen zen. Baina aginduak betearaztea kostatu zen. «Hondarribian eta Usurbilen elizgizonak atxilotu eta guzti egin zituzten euren ardurapeko elizetan ehorzketak baimentzeagatik», kontatzen du Antxon Agirre Sorondo etnologoak. Behin ehorzketa elizatik kanpora egiten hasi zirenean ere, elizatik ahalik eta gertuen, atzean, hobiratuak izatea nahi izan zuten fededunek.

Ilustrazioarekin, hilerriak ondo egurastutako tokian ezartzeko aginduko zuten. Haizeak herrira ez beste aldera joko zuen tokietan. «Baten batek esan zuen, 'gure hildakoak zakurrak bezala ehorzten hasi ziren, mendian'», kontatzen du Agirre Sorondok. Haserrea apaltzeko, hilerri asko ermiten ondoan eraikiko ziren. Zenbait tokitan, ermitako hormak kendu zituzten, hilobiak haren barnean zeudela bezala egiteko.

Domu Santu Egunak garai horretan hartu zuen indarra, hots, XIX. mendearen amaieran. «Dena den, hainbat tokitan, 36ko gerraren aurretik ez zen hilerrira joan eta loreak eramateko ohiturarik izan», dio etnologoak.

Iparraldean, leku gehienetan, ehorzketa eliza kanpoan egiteko ohiturari eutsi zioten, eta hortik dator hainbat tokitan oraindik hilarriak ikusgai egotea. Domu Santu Eguneko ospakizunak garrantzi handia du, are gehiago herritik joandakoak sendiko hildakoak gurtzera itzultzen diren heinean. Ospakizuna, ordea, elizan egiten da, toki gehienetan hilerria bertan, ondoan, daukatelako. Hegoaldean, aldiz, herriko hilerrietan izango da jendea, joandakoei otoitz egiten.



Orain dela gutxi arte, hildakoak sinbolikoki etxean lurperatzen zirela esan daiteke, elizako 'jarlekua' etxearen zati bereizezintzat hartzen baitzen.

Jarlekua, etxearen argia elizan

I. Lasa Donostia

Agintariek gorpuak eliza barrenetan ehorztea debekatu arte, eliza barnean, familia bakoitzak bere etxearen zati bat zuen, sendiaren hilobia han zegoen heinean. Jarlekua deitzen zitzaion -sepultura zenbait tokitan-. Ehorzketak hilerri berrietan egiten hasi zirenean ere, hainbat elizatan familiek euren tokia izaten jarraitu zuten, sinbolikoa bazen ere, eta oraintsu arte hantxe, jarlekuan, omentzen zituzten sendiko hildakoak eta arbasoak; adibidez, Domu Santu Egunez edo heriotzaren lehen urteurrenean.

Aezkoako Aria herrian bildutako testigantzek kontatzen dutenez, herri hartan ez zen inor joaten hilerrira Domu Santu Egunez 36ko gerra arte. Gerran hildako batzuen omenez hasi ziren loreak jartzen. Eta beranduago, 60ko hamarkadan, «hiriburura» alde egindakoak hasi ziren loreak bidaltzen hilobietara.

Belaunaldiz belaunaldi

Are gehiago, bazen loreak eta otoitzak hilerri zaharrera, egiaz arbasoak lurperatuta zeuden tokira, eramaten zuenik orain 20-30 urte. «Nik ikusi nuen», kontatzen du Antxon Agirre Sorondok: «Domu Santu egun batez Amezketara joan nintzen. Baserri bateko etxekoandrea eliza atzeko hilerri zaharrera joan zen loreak eramatera. Etxekoek jarlekua izan zuten elizan, eta haren zenbait senide ere elizaren atzeko kanposantu horretan zeuden lurperaturik -hilerri hori desagertua da, errepidea zabaldu zenean-. Frantziskak, loreak horma ondoan, lurrean utzi zituen. Inolako arrastorik, inolako seinalerik ez zegoen han! Galdetu egin nion: 'Zergatik hemen loreak?'. 'Nire arbasoak hemen daude lurperatuta'. Emakume hark bere arbasoen hobi fisikoa non zegoen ederki asko zekien, belaunaldiz belaunaldi erakutsiko zioten eta. Ez zen hilerri berrira joan».

Agirre Sorondok azaltzen duenez, «jarlekua hain lotua zegoen etxearekin, etxea errentan hartzen zuenak igandero etxe horretako hildakoen hilobira argia eta ogia eramateko betebeharra zuela». Etxea salerosten zenean, elizako sendiaren jarlekua ere salerosten zen.

Etxearen zaindari moduan, etxekoandrea zen sendiko jarlekuaren zaindari. Eta jarlekuan etxekoandrea jartzen zen, edo alabak bestela, etxea berak ordezkatzen zuelako elizan. Emakumearen egitekoek garrantzi berezia izan dute beti heriotzaren inguruko errituetan .

Emakumearen garrantziaren adierazgarri, ezkon berritan egiten zena zen. Etxeko nagusiarekin ezkontzen zen emaztea, ezkondu eta hurrengo igandean elizako jarlekuan esertzen zen, eta han argizaiola pizten, eta orduan bihurtzen zen egiaz etxekoandre. Hortik dator, agian, ezkontzako lore sorta hilerrira eramateko gaur egungo ohitura.





Sendiaren argizaiola, argiareneskaintza heriotzaren ilunari

Gaur egun loreak dira Domu Santu Egunez, hileta eta doluetan nagusi. Baina orain gutxi arte, argizaria eta ogia ziren errituetan eskaintzen zirenak. Elizak zorrotz ezarrita zeukan, eta dauka, zenbat kandela eta nolakoak egon behar duten piztuta elizkizun bakoitzean. Argizaiola igandero pizten zuen etxekoandreak, jarlekuan esertzen zenean. Zenbait herritan, hiletetan, auzokoen argizaiolak hildakoarenari batzen zitzaizkion. Heriotza baten urteurrena-edo tokatzen bazen, argizaiolaz gain zapi zuri edo beltza jartzen zen azpian eta kandela handiak ere bai.

Elizkizunik ez bazen, argizaiolak elizako toki jakin batean gordetzen ziren. Eliza berrituetan jarlekuak desagertu zirenean, hainbat familiari ez zitzaizkien eurenak ziren argizaiolak itzuli. Gero zaharkien dendetan prezio garestian agertu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.