EZARIAN. ERRESKATEAK. Infernua uzteko zain

Txileko meatzariak salbatzeko lanak luzerako joanen direla esan dute arduradunek. Historian, anitz izan dira ingurune arrotzetan salbatu zain gelditu diren giza taldeak. Guztiek ez dute amaiera zoriontsua izan.

mikel rodriguez
2010eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Gizakiaren segurtasun sentipenean eragin handia du ingurunearekiko kontrolak. Lur azaleko izakia da gizakia, eta, mendeak igaro ahala, berak eraldatu eta kontrolatutako guneetan aurkitu du segurtasuna. Arrotzak zaizkion inguruneetan barneratzerakoan, ordea, sarritan galdu izan du kontrola. Bizirik irauteko borroka hasten da orduan, eta helmugan, berriz, infernua uzteko itxaropena dago, handik aterako duen salbamendu taldearen etorrera. Egoera horretan daude joan den abuztuaren 5etik Txileko 33 meatzariak, lur azpian, ingurune arrotzean, handik noiz aterako dituzten zain. Lur azpian, itsasoan, eta bertzelako inguruneetan, makina bat izan dira salbamenduen zain muturreko iraupen egoeran egon diren gizakiak.

Aspalditik, baliabide naturalen bila jo izan du lur azpira gizakiak. Galeria eta egitura konplexuak eraiki ditu beharrezko gaiak lortzeko, baina lurraren barrunbeak ez ditu inoiz kontrolatu. Horren adibide, mundu zabalean urtero gertatzen diren meatzaritza istripu andana. Txina da gisako gertakariak gehien pairatzen dituen herrialdea. Dokumentatua dagoen istripurik larriena ere han gertatu zen, 1942an, Honkeikoko ikatz meatzean. 1.500 meatzari inguru hil ziren lur azpian harrapatuta. Halakoetan heriotza ohiko ondorioa bada ere, badago salbuespenik. Aurten, adibidez, joan den apirilean, Shanxi probintziako meatze batean 153 lagun gelditu ziren harrapatuta, eta zortzi egunen buruan haietariko 115 bizirik atera zituzten salbamendu taldeek. Meatzearen galeriak urak hartu zituen, eta ur zikin hori bera edanez eta galerien egiturako pinu enborren azala janez iraun zuten bizirik. Txinako Gobernuak harro eman zuen salbamenduaren berri, Luo Linek, Lan Segurtasunerako Estatu Administrazioko zuzendariak aitortu zuenez, Txinako salbamenduen historian «miraria» izan baitzen.

Lurrikaren eraginez ere jendea bizirik lurperatuta gelditu izan da, salbamendu taldearen zain. 24 edo 48 orduren buruan hondakinen artetik inor ez badute bizirik ateratzen, NBE Nazio Batuen Erakundeak salbatzeko lanak bertan behera utzi ohi ditu. Alta, joan den urtarrilaren 12an Haiti astindu zuen lurrikaran, hondamendia gertatu eta hamahiru egunera lagun bat bizirik atera zuten hondakinen artetik. Ordurako bertze 132 lagun aterata zituzten salbamendu taldeek. Bertze kasu esanguratsua 1985ean gertatu zen, Mexiko Hiria astindu zuen lurrikara bortitzean. Denera 4.000 lagun inguru salbatu zituzten hondakinen artetik: batzuk, hondamendia gertatu eta hamar egunera.

Omayra, ezinezko salbamendua

Lurrak harrapatuta gelditutakoen artean oihartzun mediatiko handiena izan zuen kasua, ziurrenik, Omayra Sanchez 13 urteko neska kolonbiarrarena da. 1985ean, Nevado del Ruiz sumendiaren erupzioak Kolonbiako Armero herria suntsitu zuen, eta lohiak, urak eta bere etxeko hondakinek harrapatuta gelditu zen Omayra. Gorputzaren gainaldea ozta-ozta agerian mantendu zezakeen, baina salbamendu taldeek ezin izan zuten atera. Telebista kamerek bertatik bertara eman zuten neskaren egoeraren berri, eta haren azken solasak ere bildu zituzten, hiru egunen buruan hil zen arte. Oihartzun mediatiko berezia izan zuen bertze salbamendu kasua 2001eko Dorre Bikien aurkako erasoa izan zen, New Yorken (AEB). 2.749 lagun hil ziren, eta hondakinen artetik bakarrik hogei atera zituzten bizirik, 24 orduren buruan denak.

Lur azpian ez ezik, itsasoan ere gertatu dira salbamendu sonatu asko. Itsasoak anitz eman dio gizakiari, baina gizakia ez da inoiz egon haren gainetik, eta zenbaitetan urez inguratutako infernu bilakatu zaio. Itsasoaren handitasunak inguratuta salbamenduaren zain geratutakoen adibiderik unibertsalena da Daniel Defoeren Robinson Crusoe eleberria. Istorioa idazteko orduan, bi kasu errealetan oinarritu zen Defoe. Alde batetik, Pedro Serrano kapitain espainiarrarenean. Serranoren ontziak 1526an hondoa jo zuen Karibe itsasoan, eta bertze marinel batekin batera, zortzi urtez iraun zuen bizirik hondarpe txiki batean. Azkenean, galeoi batek salbatu zituen, baina Serranoren kidea ez zen bizirik ailegatu lurrera. Bertzalde, Defoeri hurbilagokoa eginen zitzaion Alexander Selkirk marinel eskoziarraren bizipena. 1704an, Ozeano Bareko Juan Fernandez artxipelagoko irla batean gelditu zen Selkirk -Txileko kostatik gertu-, ez baitzen fio bidaiatzen zihoan ontziaren segurtasunaz. Denborak arrazoi eman zion, ontzi hura hondoratu egin baitzen handik gutxira, baina Selkirkek lau urte eta lau hilabete igaro zituen uhartean, Ingalaterrako Duke ontziak topatu zuen arte.

Historian hurbilago, itsasoan gertatu diren salbamendu dramatikoenetakoak izan dira AEBetako USS Indianapolis gerraontziarena, eta Errusiako Kursk itsaspekoarena. Lehena 1945eko uztailaren 30ean gertatu zen, Bigarren Mundu Gerran. USS Indianapolis-ek bere misioa egin berri zuen -Hiroshiman jaurti zuten bonba atomikoa garraiatzea-, eta Ozeano Baretik Filipinetarantz zihoan, Japoniako itsaspeko batek torpedoa jaurti eta hondoratu zuen arte. Gauerdia zen. 1.196 marineletatik 300 inguru ontziarekin batera hondoratu ziren; 880 inguruk, berriz, itsasora jauzi egitea lortu zuten. Salbamendu jakekin ur azalean iraun zuten gehienek, baina ez zuten ez urik, ez janaririk, eta ehunka marrazok inguratu zituzten. Salbamendu taldearen zain zeuden, baina inork ez zuen hondoratzearen berririk jaso. Abuztuaren 2an, AEBetako Armadako hegazkin batek atzeman zituen, eta hurrengo egunean ontzi bat bidali zuten marinelen bila. 316 atera zituzten uretatik. Gainerakoak marrazoen erasopean, egarriz eta itota hil ziren.

Kursk itsaspekoa hondoratu zenetik hamar urte bete ziren abuztuaren 12an. Barentseko itsasoan hondoratu zen, Eskandinaviatik iparraldera, 108 metroko sakoneran. Bertsio ofizialaren arabera, istripua izan zen, baina Errusiako Armadako zenbait goi kargudunek AEBen bertze itsaspeko bati egotzi zioten erantzukizuna. Tripulazioko 118 kideak zendu ziren, baina denak ez ziren berehalakoan hil. Errusiako Itsas Armadako salbamendu taldeek baieztatu zuten itsaspekoaren popan norbait kolpeak jotzen ari zela, laguntza eske. Ez zuten lortu itsaspekoa azaleratzerik; hondoratzea gertatu eta bortz egunera jada ez zen kolpe gehiago aditu. Azkenean, Norvegiako eta Erresuma Batuko salbamendu taldeek berreskuratu zuten ontzia. Barrenean aurkitu zituzten zenbait eskuizkribuk frogatu zuten istripuaren ondotik 23 marinelek bizirik iraun zutela, garaiz ailegatu ez zen salbamendu taldearen zain.



Maite Elizondo.Psikologoa
Txileko meatzariek aurki hilabete beteko dute lurpean harrapatuta. Maite Elizondo psikologoaren iritziz, «ziurrenik, emozionalki indartsuagoa denak ondorio gutxiago izango ditu».

«Garrantzitsuena da meatzariek jakitea kanpoan zerbait egiten ari direla»

M.Rodriguez. Irun

Joan den abuztuaren 5ean gertatu zen istripua Txileko San Jose de Copiapo meatzean, eta harrapatuta gelditutako 33 meatzariek handik hamazazpi egunera lortu zuten salbamendu taldeekin lehen aldiz harremanetan paratzea. Behin oinarrizko elikagai eta sendagaiak helarazita, salbamendu egunera arte, erronka nagusiena psikologikoa dela uste du Maite Elizondo psikologoak.

Txileko meatzarien gisako muturreko iraupen egoera batean, zein izan ohi da lehen erreakzioa?

Gizaki guztiok ez dugu berdin erreakzionatzen egoera berean, baina oro har hiru fase agertu ohi dira. Lehenengoa, shock egoera da. Erreakzio katastrofikoa etortzen da hasieran, izua eta ezjakintasuna, eta, norberaren nortasunaren arabera, luzeago edo motzago jo dezake shock egoerak. Bigarren fasean, berriz, egoerara egokitzea dator. Arrazionaltasuna sartzen da, egoera onartzen da, eta testuingurura eta elkarbizitzara moldatzen hasten da gizakia. Azkenik, hirugarren fasea, askotan kontuan hartzen ez dena, salbamenduaren ondorena da, eguneroko bizitzara egokitzea. Aurreko bi faseen garapenaren arabera, ondorioak txikiagoak edo handiagoak izan daitezke.

Zein da komunikazioaren eragina? Txileko kasuan, hamazazpi egunen ondotik lortu zuten harreman zuzena ezartzea salbamendu taldeekin.

Garrantzitsuena da meatzariek jakitea kanpoan zerbait egiten ari direla. Horrelako egoeratan, zer gertatuko den ez jakitea da gogorrena. Kanpoko aldearekin komunikatzeak itxaropena helarazi die meatzariei.

Zer ezberdintasun dago bakarka edo taldean bizirik iraun behar izatearen artean?

Betiere, kontuan hartu behar da norberaren gaitasunen araberakoa dela erantzuna, baina, oro har, oso garrantzitsua da mentalki aktibo mantentzea, irteterako proiektuak izatea... Taldean egoteak hori errazago bilakatzen du. Denbora egituratzea ere errazagoa da taldean egonda. Bestalde, gizabanakoak beti hartu behar du tartetxo bat multzotik aldendu eta bakarrik egoteko. Norberak aukeratutako jendearekin elkarbizitza zaila bada, pentsa kanpotik ezarritako testuinguru batean.

Alde txarrik badu taldean egoteak?

Normalena liskarrak sortzea da, askotan besteengan proiektatzen baititugu gure frustrazioak. Haserrealdiak izatea normala da, baina elkarren kontrako indarkeriara iristeko denboran eta intentsitatean oso gogorra izan behar du esperientziak.

Nola antolatzen da taldea?

Lider bat egotea oso garrantzitsua da, baina ez du autoritarioa izan behar, baizik eta naturalki hautatutakoa, gainerakoek onartu dutena. Taldearen egiturak ez du piramidala izan behar, eta bakoitzak zeregin zehatz bat eduki behar du, eta horrekin gustura sentitu. Oso garrantzitsua da denek sentitzea baliagarriak direla.

Komunikazioa berreskuratzerakoan euforia lehertu zen meatzari gehienen artean, baina batzuk depresioan erori direla diote Txileko hedabideek. Sentimenduak nola garatzen dira egoera horretan?

Klinikoki depresio diagnosia egiteko, behintzat, sei hilabeteko epeak igaro behar du. Egoera horretan normala da gaizki pasatzea eta egoera depresiboak edukitzea, baina depresioa dutela baieztatzea gehiegi litzateke. Bestalde, normala da inkomunikazio luzearen ondotik euforiko sentitzea, baina errealitatea perspektibatik ez galtzea oso garrantzitsua da. Ezustekoren bat gertatuz gero -komunikazioa etetea, adibidez-, frustrazioa sortu bailiteke.

Zer garrantzi du erloju biologikoak?

Oso garrantzitsua da oreka emozionalarentzat eta psikologikoarentzat. Eguna eta gaua ez bereizteak eragina du loan, gosean... Kanpoan gaudenok bidaia baten ondoren jet lag-a nabaritzen badugu, pentsa horrelako leku batean eguneko erreferentzia horiek eduki gabe.

Indartsuenek bizirik irauten dute?

Kasu honetan, badirudi alderdi fisikoa ez dela hain erabakigarria, elikagaiak eta sendagaiak helarazi baitizkiete. Ziurrenik, emozionalki indartsuagoa denak ondorio gutxiago izango ditu, eta esperientzia produktiboagotzat har dezake.

Salbatu ondoren, zer?

Kasu hau hain mediatikoa denez, baliteke hasieran oso babestuta sentitzea. Arreta jaisten denean, beldurrak azaleratu litezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.