EZARIAN. EUSKAL HERRIA OINEZ. Euskal Herriaren mugarriak

Joxean Ostolaza ibiltariak lau mugarri jarri dizkio Euskal Herriari, puntu kardinalak aintzat hartuz. Horietako bakoitzetik igarota, 11 eguneko ibilaldia osatu du.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2009ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Joan den abuztuaren 3an, egunak argitu orduko, Joxean Ostolaza ibiltari markinarrak erronka berri bati ekin zion. Euskal Herriko lau puntu kardinalak lotu nahi zituen, oinez. «Oskar [Aldazabal] eta bioi Euskadi Irratia-n egindako azken elkarrizketan, ea hurrengoan zer egiteko asmoa geneukan galdetu zigun Aitor Elduaienek. 'Euskal Herriko lau muturrak-edo, zerbait egin beharko duzue!', esan zigun. Posible ote zen komentatu genuen gure artean, eta hala sortu zen asmoa», gogoratu du Ostolazak.

Azkenean, Aldazabal gabe egin behar izan du. «Ez du hamar egun jarraian hartzeko aukerarik izan». Dena den, zenbait egunetan haren laguntzaz gozatu du. Lehen egun hartan, kasu. «Umorea behar du gizonak 05:30ean Markinan irten, ordu eta erdiz nirekin Ziortzara arteko bidea egin, eta berriz herrira itzultzeko!».

Markina-Xemeinen (Bizkaia) ekin zion, bada, Ostolazak 11 eguneko bidaiari. Lanestosa (Bizkaia), Cortes (Nafarroa), Izaba (Nafarroa) eta iparraldean Baiona (Lapurdi) ezarri zituen bere ibilbidearen mugarri. Orotara, 800 kilometro egin ditu. Batez beste, egunean 80 kilometro egiten zituen. «Ez nekien egunero maila horri eusteko gai izango nintzen». Goiz abiatzen zen egunero, 06:00 aldera. Eta hamasei ordu inguru errepidean igarotakoan amaitzen zuen eguna.

Emaztea izan du akuilu nagusia. Autoan jarraitu ditu senarraren urratsak. «Niretzako kezka handiena etapa amaiera bakoitzean lo egiteko lekua nahiko gertu izango nuen edo ez jakitea zen. Emazteak ondo atseden hartzea nahi nuen, eta 11:00etan irtetea errepidera». Baina Baionan, adibidez, ez zen posible izan. Hirian ez zuten tokirik aurkitu, Irunen ere ez (Gipuzkoa), eta, azkenean, Beran egin behar izan zuten lo (Nafarroa). «Hurrengo goizean emazteak goiz jaiki eta Baionara eraman behar izan ninduen, eguneko etapari ekiteko».

Ostolazaren emazteak ere egin izan ditu zati batzuk oinez. «Aurreraxeago autoa utzi, niregana etorri eta gero autoa zegoen lekuraino joaten ginen elkarrekin». Eguerdietan entsalada ekartzen zion bazkaltzeko. «Denetarik zeukan, eta horrekin nahikoa nuen. Ez da ona betekada handirik egitea». Itzala bilatzen zuten, atseden hartu eta bazkaltzeko. Gainere, orduro jaten zuen zerbait: barratxoak, fruta, jogurta... Eta gosaltzeko eztia: «Oso energetikoa da».

Bidean asko pentsatzeko astia izan duela dio. «Aurkitzen duzunarekin distraitu egiten zara. Beti ikusten duzu zerbait berria: gaztelu zaharren bat dela, mahastiak direla...». Dena den, ez du herriak asko ezagutzeko aukerarik izan. Asko jota kafea hartu edo erosketaren bat egiten zuen. «Banekien ezin nuela geratu. Ezin nuen denborarik galdu. Eguna ahalik eta azkarren bukatu nahi nuen. Egunekoa amaitutakoan bai, dutxatu eta erlaxatu. Baina ordura arte banekien segitu egin behar nuela». Errepide bazterretan denetarik aurkitu du.

GPSari ere ez dio begirik kendu. «Horixe da jabearen errukirik ez duen makina. 'Dagoeneko 50 kilometro inguru egingo nituen', pentsatzen duzu, begiratu, eta... Bai zera! Oraindik 40 baino ez», dio txantxetan. Zehaztuta zeukan ibilbide osoa. Abiatu aurretik egin zuen. Erronka honi iaz heldu nahi zioten, baina uste baino denbora gehiago igaro zuten datuak GPSan sartzen. Hala ere, izan du ezustekorik: «Tuteran (Nafarroa) lehen errepide nazionala zena orain autobia da, eta traktore bidetik joan behar izan nuen. Ez zen batere atsegina izan, harri latzez beteta zegoelako».

Prestaketa fisikoari dagokionez, betiko martxan ibili zela dio. Ahalik eta ibilbide luzeenak egin zituzten, denak errepideetatik. «Niri asko gustatzen zait Markinatik irten eta Gernika, Kortezubi, Laida, Laga, Ibarrangelu, Ispaster, Lekeitio... inguru horretan ibiltzea. Itsasoa ikusten denez, asko erlaxatzen du. Prestatzeko ere oso aproposa da». Mendia entretenigarriagoa iruditzen zaio. Ibiltzeko erosoagoa ere bada. «Oraingo honetan, baina, errepidez izan behar zuen. Horrelako zerbait menditik prestatzeko urte asko behar dituzu. Ondo ezagutu behar dituzu mendi guztiak».

Une latzik ez duela bizi izan dio. Hala ere, onartzen du egunetako bat nahiko gogorra izan zela. «Infernua». Ostolazaren gorputzak astindu ederra jaso zuen, eta ez zekien hurrengo egunean erantzungo ote zion. «Logroño parean (Espainia) errepide nazionala hartu behar izan nuen, eta auto mordoa zebilen. Gainera, aparteko beroa egin zuen: 39 gradu. Eskerrak emazteak bost kilometrotik behin ura eta fruituak ematen zizkidala. Inguru horretan soro asko daude, eta errekak. Horietan busti eta aurrera!».

Udako ekaitzek asko lagundu ziotela dio. «Inguru horretan gauean sekulakoa botatzen du, eta dezente freskatzen du. Behin bidean harrapatu ninduen, eta zubipean babestu nintzen».

Lagunak, hauspo

Ostolazak Bardeari (Nafarroa) zion beldurra. Baina sorpresa jaso zuen. Beroa jasangarria izan zela dio. Cortesen (Nafarroa) Oskar Aldazabal etorri zitzaion, eta elkarrekin egin zituzten hiru egun. Brometan ibili zirela dio, arroza ikusi zutenean. «Guk pentsatzen genuen inguru hori lehorra dela. Baina hegaberak ere ikusi genituen, hemen neguan ikusten ditugunak. Elkarri esan genion: 'Markinan esanez gero Bardean hegaberak ikusi ditugula abuztuan, pentsatuko dute beroak nahastu gaituela'. Baina horrek ere badu bere azalpena: ura badute, eta eguzkia ere bai».

Une atseginak, berriz, lagunekin igarotakoak izan ditu Ostolazak. Meaga gainera (Getaria, Gipuzkoa) lagunak etorri zitzaizkion afaltzera. «Sagardo apur bat edan, eta tertulia atsegina izan genuen». Gero Mendarora (Gipuzkoa) ere joan zitzaizkion, eta handik Markina-Xemeinera arteko bidea elkarrekin egin zuten.

Aurreko erronkak Aldazabalekin batera egin zituen, eta hurrengoa ere harekin egitea gustatuko litzaioke. Oraindik ez dute ezer pentsatu. «Laugarrena? Gozatuko dudan ibilbide bat izatea gustatuko litzaidake, nahiz eta hauek baino txikiagoa izan. Ikuspegi ederrak izango ditu, eta mendiarekin lotuta egongo dela uste dut. Nahitaezkoa ere ez da, baina zerbait egingo dugu».



Uren banalerroaren zeharkaldia, zazpi herrialdeetako mendi garaienen bila

Lehendabiziko esperientziarekin gustura amaitu zuenez, Ostolazak bigarren bat osatzeko gogoa zuen. Hala, Aldazabalekin batera mapari heldu, eta, ur isurien banalerroa jarraituz, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzea bururatu zitzaien. «Gure herriaren bizkarrezurra dirudi». Erronka nola bete prestatzen ari zirela, herrialde bakoitzeko mendirik garaienak, gehienak, inguru horretan daudela ohartu ziren. «Baina, Artamendi (Lapurdi) kanpo geratzen zitzaigun».

2007ko apirilaren 28an abiatu ziren, Balmasedatik (Bizkaia). «Banalerroa jarraitzen saiatu ginen, herrialde bakoitzeko mendirik garaienetatik igarota». Atxuritik pasatakoan (Gipuzkoa), banalerroaren ibilbidetik irten behar izan zuten, Artamendira joateko. «Aurreko zeharkaldia baino gogorragoa izan zen».





Euskal Herriko zazpi hiriburuak,zortzi eguneko ibilaldian lotuta

Orain hiru urte bete zuen Joxean Ostolazak bere lehen erronka. «Oskarrek [Aldazbal] Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotuta zituen oinez. Denak egitea pentsatu genuen, eta horrela sortu zen zazpi hiriburuak lotzeko asmoa. Ipar Euskal Herriko ibilbidea prestatzea besterik ez zitzaigun falta. Niretzat oso ederra izan zen, aurrenekoa izan zelako», dio Ostolazak.

Harako hartan ere Markina-Xemeindik abiatu ziren (Bizkaia).2006ko apirilak 27. eguna zuen. Ibilbidea sei egunetan osatzea aurreikusi zuten. Hala ere, ibilian-ibilian betetzeko zail izango zutela ohartu ziren. Erritmoa moteltzeko beharra izan zuten, eta, azkenean, bi egun gehiago behar izan zituzten ibilbidea osatzeko. Herritik Donostiara eta handik Baionara. Donibane Garazi, Maule, Iruñea, Gasteiz eta Bilbotik igarota, maiatzaren 5ean amaitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.