1989ko martxoaren 24an Valdez portuan 1,3 milioi petrolio upel kargatuta itsasoratu zen Exxon konpainiaren petroliontzi berriena. Itsasoa bare zegoen Prince William itsasartean, eta ikusgaitasuna ona zen. Exxon Valdezeko kapitainak izozmendiak topatu zituen bidean -ohiko gauza-, eta ontziaren ibilbidea aldatzea erabaki zuela jakinarazi zion Kostako Zaintzari. Hazelwood kapitainak bazekien Bligh Reef uharria zeukala bide horretan, baina norabidea garaiz aldatzea aurreikusi zuen.
Baina uharrira iristeko minutu batzuk falta zirela kapitainak zubia utzi zuen, eta ontziaren agintea beste lagun bati utzi zion. Halako uretan petroliontzi bat gidatzeko baimenik ez zuen mariñel hark, eta, bezperan, orduak egin zituen lanean ontzia porturatzen. Kapitainak gerora onartu zuen «bi kopatxo» hartu zituela egun hartan, eta istripua igaro eta egun erdira egindako proban, odolean antzemandako alkohol maila legezkoa baino %50 handiagoa izan zen.
Batarengatik edo bestearengatik, hondoa jo zuen ontziak, eta uharriaren kontra egindako zulotik petrolioa isurtzen hasi zen borborka. 40 milioi litro petrolio barreiatu ziren Prince Williameko itsasartean 28.000 metro koadrotan. Baso nazional bat, bi parke nazional, estatuko bost parke, bi animalia babesleku nazional, estatuaren ehiza toki bat eta gizaldietan Alaskako jatorrizko biztanleenak izandako eremuak kutsatu zituen petrolio orbanak.
Itsasoa eta helikopteroa ziren toki hartara iristeko modu bakarrak. Petrolioz zikindutako bizidunak salbatzen aritu ziren batzuk, eta kostaldeak garbitzen, besteak. Guztira, 11.000 lagunek hartu zuten parte garbiketa lan horietan.
Hondartzak eta harriak garbitzeko garai hartan ohikoak ziren moduak erabili zituzten: barreiatzaile kimikoak eta ur beroko kanoiak. Baina ur beroko kanoiak, esaterako, hondamena areagotu besterik ez zuten egin, beranduago adituek ondorioztatu zutenez, arrokei itsatsita onik gelditu ziren txirla, muskuilu, landare eta animalia txiki asko eta asko egosi baitziren ur bero haren erruz.
Garbiketa lanetarako lau uda erabili ziren, eta haien kostua gutxi gorabehera 2.000 milioi dolarrekoa izan zen. Exxon konpainiak epaitegietan akordio bat egin zuen, eta 1.000 milioi dolarretik gora ordaindu zituen. Beste 100 milioi ere pagatu behar izan zituen etorkizunean ager zitezkeen kalteei begira. Gaur egun, kontzeptu horretan, beste 92 milioi dolar eskatzen zaizkio.
Hondamen ekologikoaren ondorioak izugarriak izan ziren. Milaka itsas hegazti, itsas txakur, itsas igaraba hil ziren, eta milioika arrain pozoitu. Ur haietan garrantzi handia duen sardintzarren arrantza ez da oraindik ere leheneratu. Zenbait tokitan petrolio hondakinek duela 20 urteko toxizitate bera dute.
Exxon Valdez ontzia konpondu egin zuten, eta Marshall irletako banderarekin dabil egun, S/R Mediterranean izenarekin.
Petrolio isurketak etorkizunik ez izatera kondenatu zuen orka talde berezia
Exxon Valdez duela 20 urte petrolioa isurtzen hasi zenean, bi orka talde zeuden Prince William itsasarteko uretan; batzuk egoiliarrak ziren, eta besteak, behin-behineko egoiliarrak. Bigarren talde hori AT-1 modura izendatuta zeukaten zientzialariek, eta berezia da oso. Ikuspegi genetikotik ezberdinak dira beste edozein orka talderen aldean, baina mamifero jale horien berezitasun nagusia euren soinuak dira. Ikertzaileek jakin ahal izan dutenez, orka talde horrek bakarrik aldatzen ditu bere kantuak ingurunearen arabera, eta ehizan edo bidaian badabiltza. Jakina da orka talde bakoitzak bere dialektoa duela, baina AT-1 taldearen soinuek egitura erabat berezia dute. 22 orka zituen taldeak 1989. urtean. Petrolio isurketak bederatzi hil zituen berehala. Ordutik ez da besterik jaio eta zazpi orka bizi dira bakarrik. Eta ez dute etorkizunik.Larraitz Garmendia.Biologoa, EHUko irakaslea
«'Prestige'-ren eragina hor dago oraindik muskuiluetan»
I. Lasa. DonostiaPortugalen itsas biologiako masterra egiten ari zen Larraitz Garmendia (Ordizia, 1977) Prestige petroliontzia hondoratu zenean, eta doktore tesia hondamendi hark eragindako kalteei buruz egitea erabaki zuen.
Galiziatik euskal kostaldera bitarteko muskuiluen biomarkagailuak aztertuz ikertu ditu Garmendiak petrolio isurketaren eragin biologikoak. Zergatik muskuiluak? «Lehenik, kosmopolitak direlako, edonon dagoen espeziea delako; bigarrenik, filtratzaileak direlako, hots, kutsatzaileak dauden moduan jasotzen dituztelako eta oso gutxi metabolizatzen dituztelako; eta, hirugarrenik, egonkorrak direlako, denboran zehar ez direlako tokitik mugitzen».
Mytilus galloprovincialis muskuiluak aukeratu zituen, eta Bizkaiko Golkoko 22 tokitako laginak hartu zituen, 2003. urtetik 2006. urtera bitartean. Euskal kostaldeko tokiak hautatu zituzten, jada Prestige-ren aurretik datuak bazituztelako, eta Bizkaiko Golkoko beste lagin tokiak Galiziako unibertsitatetik gomendatutakoak izan ziren.
Hondamendia gertatu eta hilabete gutxira, 2003ko apirilean, hasi zituzten laginketak. «Eta nabaritu genuen lehen hilabete horietan inpaktua oso handia izan zela, baita 2004an ere. Hori batez ere Galizian izan zen, eta ez hainbeste, ekialderago». Kutsaduraren eragina beranduago iritsi zen euskal kostaldera, eta errekuperazio edo leheneratze zantzuak ere bai, 2005. urtetik aurrera.
Hainbat markatzaile aukeratu eta ikertu zituzten. «Horietako batzuk, 2005ean berreskuratzen hasi ziren. Baina, 2006an, oraindik seinaleak ematen zituzten. Horregatik, Prestige-ren eragin zuzenak 2005ean amaitu zirela ondorioztatu dugu. Baina seinaleek erakusten dute bigarren mailako efektuek oraindik jarraitzen dutela. Noiz arte? Datuak aztertzen jarraitu beharko litzateke berreskuratzen ari diren edo ez ikusteko».
Galizian, laginketak 2006an amaitu ziren, ordea. Euskal kostaldean, Jaurlaritzak diruz lagunduta egiten jarraitu dira 2007an eta 2008an. «2008ko markagailuak prozesatzeko daude oraindik, baina 2007ko markagailu batzuek, esaterako, agertzen dituzte mintz jakin batzuen egonkortasunak, petrolio isurketaren seinaleak, eta ez dira leheneratu.
Garmendiaren azterketaren ondorio nagusia da petrolio isurketa hark aldaketak eragin zituela muskuiluen zelula egituretan. 2004. urtera arte, zelulek digestioa egiteko dituzten organuluek -lisosomek- tamaina aldaketa gogorrak izan zituzten; era berean, zelularen mintza ezengokortu egin zela ere ikusi ahal izan zuen, eta horien seinaleak oraindik badirau, 2006an zelula mintzaren egonkortasuna ez baitzen oso handia.
Ehunei dagokienez, muskuiluen digestio-guruineko ehunen zelula motak ere aztertu zituen, eta, leku guztietako laginetan ikusten denez, petrolio isurketak aldaketa larriak eragin zituen ehun horietan, digestio guruineko atal batzuen atrofia eragiteraino. Haien lodiera ez zen leheneratu 2007an ere.
Muskuiluen erantzun immunologikoan ere izan ziren aldaketak. Markagailu horrek hobera egin bazuen ere, 2006an jasotako azken laginetan oraindik ere ez zegoen egoera normalean erantzun immunologiko hori.
Gauzak horrela, muskuiluen osasuna petrolio hondakinen erruz nabarmenki kaltetu zela ondorioztatu du ikertzaileak, eta aurreneko leheneratze aztarnak ez zirela agertu bi urte baino lehenago. Noiz leheneratuko da erabat ekosistema? «Erantzunik ez dago galdera horrentzat, ez dakigu zenbat denbora beharko den».