Heriotza igarotze bat zen lehengo euskaldunentzat. «Egoera batetik beste batera pasatzeko atea zela uste zuten. Ez dakigu beste mundu horretan zer egongo den, baina hil ostean bertara pasatzen dela uste zuten», dio Labayru ikastegiko Ander Manterolak. Hala, nahiz eta gertakari pozgarritzat hartu ez, ospatu egiten zuten. Sineste hori gutxitu denean, heriotza ezkutatzen ahalegindu da gizartea. Gaur egun, ia tabu kontsideratzen da. «Erlijioan sinesten ez dutenentzat, heriotza ez da bizitzaren parte, bizitzaren bukaera da».
Heriotza ulertzeko modua aldatu ahala, ohiturak eta errituak ere aldatu direla dio Manterolak. «Izan ere, errituak pentsaeren agerpena dira. Errituak ikertuta, zer uste edo sinesten den jakin daiteke». Berak zuzentzen duen Etniker taldeak Atlas Etnografikoan bildu zituen 2003an, Euskal Herrian heriotzaren inguruan dauden tradizioak.
Aldaketa nagusia hiltzeko lekuaren inguruan gertatu da. «Lehen denak etxean hiltzen ziren. Orain, berriz, ospitalean edo nagusien egoitzetan». Ondorioz, gaubeilak etxean egin beharrean beilatokietan egite dira. Dagoeneko ez zaizkio kandelak jartzen hildakoari, eta are gutxiago otoitz egiten. «Gaur egun, gorpua bakarrik uzten da, ez da inor egoten harekin gau osoan», dio Manterolak.
Gorpua etxean zegoen bitartean, etxekoek Manterolak greba espiritual deitzen duena egiten zuten. «Ez zuten batere lanik egiten. Auzokoak arduratzen ziren etxeko martxaz. Baita ukuilua eta abereak gobernatzeaz ere. Senitartekoen dolua adierazteko modua zen hori». Heriotzaren berri jakinarazteko ardura ere ondoko etxeetakoei zegokien.
Orain 45 urte arte hiletak goizez egiten ziren. Gorpua bide zehatz batetik eramaten zen elizara, eta ibilbide hori santutzat zeukaten: andabidea. Hiletako meza egin ondoren, senitartekoei bazkaria ematen zitzaiela dio Manterolak. «Otordu apala izaten zen, eta errituala. Etxeko nagusia izaten zen mahaiburu, edo haren seme nagusia. Inoiz abadea ere bai. Hildakoarekin zuten gertutasunaren arabera esertzen ziren gonbidatuak mahaiaren bueltan. Zenbat eta harreman estuagoa, mahaiburutik gertuago».
Bost hamarkada
Egun hiletak arratsaldez egiten dira, eta otordu hori afari-merienda moduko bat izaten da, tabernan. Bai lehen, bai orain, helburu praktikoa duela dio Manterolak. «Senitartekoak urrutitik etortzen ziren. Haiei esker ona agertzeko modua zen», azaldu du.
Ehorzteko unean ere asko aldatu dira ohiturak. Elizetan lurperatzen hasi zirenean, urrats garrantzitsua egin zen. «Etxe bakoitzak hilobi edo jarlekua deitu izan dena zeukan. Bertan gurtzen ziren etxean hildako guztiak. Mungia inguruetan, adibidez, badago hori erakusten duen otoitzerako formula eder bat. Gure etxetik urten dabenak esaten dute». Argizaiola jartzen zen gainean, eta olata izeneko ogia. «Ez zuten uste arimak jango zuenik, e? Abadeari ordaintzeko modua zen». Hileta ondorengo igandean egiten zen ogi horren eskaintza. Horregatik du gaur egun ere Olata meza izena.
XIX. mende erdian debekatu zen eliza barruetan lurperatzea, eta hilerriak sortu ziren. Hala ere, duela 50 urte arte jarlekuetan hildakoak sinbolikoki gurtzeko ohitura mantendu da. «Ordura arte Domu Santu eta Arimen egunek ez zuten gaur egungo garrantzi rik. Elizara joaten ziren aldiro gogoratzen zituzten hildakoak». Manterolaren esanetan horrek azaltzen du Ipar Euskal Herrian bihar eta etzi ospatuko diren jaiek indar gutxiago izatea: «Oraindik ere hilerriak eliza ondoan dituzte, eta igandero igarotzen dira ondotik, eta hilen oroitzapena sarriago egiten dute».
Halere, Hego Euskal Herrian ere eusten zaio bi ospakizun horietatik aparte hildakoak gogoratzeko usadio horri. «Hiletaren osteko hirurren mezak, Olata meza, bederatziurrena, urteurrena... ».
EZARIAN. Ezberdin sinetsi, ezberdin jokatu
Azken 50 urteetan heriotzaren esanahia asko aldatu da euskaldunen artean. Horrek errituetan aldaketak eragin ditu. Domu Santu eta Arimen egunez hilerrira joatea azken 60 urteetako kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu