Behaketa lasaiak dira; naturarekin bat eginez gero, emaitza ikusgarriak ematen dute. Azken lau urteotan hegaztien mundukoak diren pasadizo anitzekin gozatzeko abagunea ukan dute Donostiako elkartearen txangoetan. «Ehiztarien modura goaz: kamuflaje arroparekin, isiltasunean, baina armarik gabe», dio Josema Verdugo BirdLifeko kideak. Eskopetaren ordez teleskopioa daramate sai arrea edo martin arrantzalearen zereginak zelatatzeko.
Pazientzia da gakoa. «Orduak, asteak edo hilabeteak egon zaitezke kokaleku kamuflatu txiki batean, espero zenuen argazkia lortzeko». Edonorentzat irekitako irteeretan berriz, ez dituzte egonaldi hain luzeak egiten. «Badakigu zein hegazti ikusiko ditugun; esaterako, aurrekoan, Baionatik hurbil dagoen hezegune batera joan ginen, Adur inguruan, eta migrazioan dauden lertxunak ikusi genituen. Ez genuen espero, ordea, eman ziguten ongietorria. Xuxurlatuz gerturatu ginen, baina ohartzerako dozenaka aireratu ziren geure buruen gainetik biraka, garrasi eginez; oilo ipurdia jarri zitzaidan».
Euskal Herria aberatsa da hegaztietan. Batetik, Europatik Afrikara doazen hegaztiak Baiona-Donostia-Gasteiz/Iruñea ardatza erabiltzen dute, eta horrek hezeguneetan geratzen diren hegazti ezohiko anitz ikusteko aukera ematen du. Bestetik, ekosistema oso desberdinak ditugu: kostaldean tramana edo itsasoko arranoa eta ubarroia ikus daitezke, baita hego luzeko zanga ere, hegazti mitikoa marinelen artean. Higerreko lurmuturretik behatuta 600 bat zanga zenbatu izan dituzte BirdLifekoek; Arabako lautadan eta Nafarroako arroiletan; Irunberrin eta Arbaiunen, esaterako, arrano beltza, sugezalea eta mirotza antzeman daitezke zeruan edo arroketan geldirik. Leitzaranen berriz, martin arrantzalea eta uretako zozoaren urperatzeekin goza daiteke. Nora begiratu eta nola begiratu jakin behar.
«Galtzeko arriskuan daude hegazti horietako asko», dio Verdugok. «Adibidez, ugatza edo arrano gorria ikusi izan dugu, eta hori ez da batera erraza. Bakarrik esango dizut Aralarren izan dela, zehaztasun gehiagorik gabe». Ez dira bakarrik harrapari eta sarriskijale handiak, hegazti txiki ugari ere galtzeko mehatxu itzela dute. Porzana porzana ikustea oso zaila da, esaterako. «Mendira atera, eta, askotan, ez dakizu zer ikusiko duzun. Txio bat entzun, eta, kantuaren arabera, halako hegaztia gertu dagoela konturatzen zara; zorterik bada, haren habia kokatzen jakingo duzu».
«Gero eta gutxiago»
Hegaztiak bere zereginetan behatzeak ongi sentiarazten du Josema Verdugo, baretasun aberasgarri bat. «Putrea habian kumeak zaintzen ikustea zoragarria da». Teleskopioak ahalbidetzen du hegazti iheskorren mugimenduak bertatik bertara ikustea. Teleskopioaren laguntzarik gabe ere, hainbat harrapari erraz ikus daitezke Euskal Herriko zeruetan; mirua, esaterako. «Tamalez, gero eta gutxiago daudela frogatu ahal izan dugu azken urteotan. Jende askok uste du ugaldu egin direla, beharbada zabortegi edo arrain haztegi baten ondoan sarritan ikusi dituztelako, baina ez da horrela».
Sai zuriarekin ere gauza bera gertatzen da. Sai arrea hobeto bizi da. «Goizean esnatu eta gai da pentsatzeko Tuterara joango dela pintxo bat gosaltzera, eta, gero, Aiako Harrira itzuli». Zapelatza ere ongi moldatu da egungo egoerara. «Donostian ikusteko aukera badago. Sarraskijalea izan daiteke, arratoiak edo muskerrak ehizatzearekin batera». Halaber, belatz handiak (harraparien artean azkarrenak) hirietako bizi-baldintzei etekina ateratzen jakin dio. «Pentsa, Bartzelonako Familia Sagaratuan dauzkazu; Donostian, Ulian ikus daitezke bikote batzuk erraz asko. Arazoa da orain usoak pasatzen hasiko direla, eta han ehiza postu andana dagoela. Ehiztariek ezagutu beharko lituzkete, baina... belatza usoen artean sartzen bada...».
Bestalde, hezeguneek berri pozgarriak eman dituzte azken urteotan. Irunen, Plaiaundin, esaterako, arrano arrantzalea azaltzen hasi da. «Zoragarria da uretan nola urperatzen den eta nola ateratzen den ikustea».
Egunotan BirdLife Donostiak erakusketa bat zabaldu du Donostiako Vasco de Camping mendi elkarteak Gros auzoko Iparragirre kalean duen egoitzan. Urtea amaitu arte izango da ikusgai.
Datorren hilean Salburura egingo du irteera Donostiako taldeak, eta, horren ostean, Santoñara (Santander, España) joango dira. Jendearentzat irekita daude biak ala biak. Bestela, hileko lehen larunbatetan Higerreko lurmuturrera joaten dira itsas hegaztiak ikustera. Seodonostia.blogspot.com helbide elektronikoan dago informazio gehiago.