Gau hartan misterio gehiago izan ziren. Hess lurreratu zen tokitik hurbil, Hamiltongo dukearen etxean, Dungavel Etxean, lurreratzeko pista argiturik egon zen berandu arte, gerra egoerako segurtasun neurri guztiak baztertuz. Zerbitzari batek esan zuenez, hangarrean erregai tankeak ere baziren, Hessen Messerschmitt hegazkinak erabiltzen zuen gasolinaz beterik. Zer gertatzen ari zen han?
Agintari naziak bakea negoziatzera joan zela esan zuen, aurretik Hamiltongo dukearekin hitz eginda zegoela, haren bidez errege familiarekin bake bidea zabaltzeko. Bi aldeen arteko plan bat egon bazen, hura gaizki atera zela argi dago, eta dukeak dena ukatu zuen. Hessek Londresko Dorrean bukatu zuen; han eman zuen gerra osoa, preso.
Ero baten hegaldia
Haren asmoak argiak izan ziren, baina. Hegaldiaren biharamunean Hitlerri eskutitz bat igorri zion, bere idazkariaren bidez. Alemaniak Sobiet Batasuna inbaditu aurretik Ingalaterrarekin bakea egitera joana zela esaten zion fuhrer-ari. Hitlerrek planaren berri zuenetz ez da ezaguna, baina Goebbelsen propaganda makina ziztu bizian jarri zen martxan, eta Hess erotzat jo zuten naziek. Hegaldi hura, ero baten hegaldia bihurtu zen alemaniarren zein ingelesen ekinaren ondorioz.
Rudolph Hessek ia ezinezkoa zen hegaldi hori nola egin ahal izan zuen ez zuten azaldu. Ez zuten argitu nork modifikatu zuen Messerschmitt Bf 110 hegazkina erregai gehiago eramateko, ezta nork luzatu zizkion hegalak Ausgburgotik (Alemania) Enbletonera (Eskozia) joan ahal izateko. Misterioa da, halaber, zergatik hegazkin ahaltsu hark ez zuen armarik eta zergatik ez zuen aliatuen radar sistemak antzeman. Eskoziako kostaldera iritsi arte ez zuten ikusi; haren bila ateratako RAF-eko ehiza hegazkinak atzean utzi zituen azkar Messerschmitt-ak bere abiadura azkarrari esker (600 km orduko).
Xehetasunez prestatua
Hegaldi hori oso prestaturik zegoela diote historialariek, denborarekin, xehetasunak kontuan hartuz, baina aldagai horiek ez ziren kontuan hartu gerra amaitu zenean, eta pasadizoaren gainera lurra bota zuten agintariek; Rudolph Hessen gainera ere bai. Spandauko presondegian (Alemania) hil zen, 1987ko abuztuaren 17an, 93 urte zituela. Ziegan urkaturik azaldu zenean bere buruaz beste egin zuela esan zuen bertsio ofizialak, baina horren inguruan ere zalantza ugari plazaratu dira. Artritisak jota zegoen, eta Spandauko preso bakarra zen une hartan, izan ere.
Hamiltongo dukeak hegaldi harekin zerikusirik bazuela diote askok, errege familiaren ordezkari gisa jokatu zuela Hitlerrekin negoziatzeko. Edozein modutan ere, elkarrizketa horiek sekreturik handienean gauzatu behar ziren, Erresuma Batuko Gobernuak eta Winston Churchil lehen ministroak berak modu pertsonalean aldeztu baitzuten Alemaniaren erabateko porrotak soilik ekarriko zuela bakea. Dunkerqueko umilazioa oso hurbil zegoen oraindik. Ingalaterrako eta Frantziako 330.000 soldadu presaren presaz atera behar izan zituzten Europatik nazien armadaren aurrerabidea zela-eta.
Kontua da maiatzaren 10eko gertaera bitxiak ez zuela islarik ukan garaiko prentsan. Gobernuak errege familia gordetzeko helburua izan zuela diote hainbat historialarik. Gainera, Erresuma Batuko armadako hainbat kide ere Hessen hegaldiarekin lotuta egon zitekeen, babes sistema indargabetu baitzen maila batean hegazkinak Eskoziara iritsi beharreko orduan.
Inteligentzia zerbitzuak
Bada beste teoria bat, zeinaren arabera ingelesen inteligentzia zerbitzuak segada bat prestatu zioten nazien goi agintariari. Britaniarrek negoziatu nahi zutela sinetsarazi zioten Eskoziara erakartzeko. Hitlerren eskuin besotzat jotzen zena jokoz kanpo utzi zuten modu horretan.
Hirugarren aukera bat ere bada: Hessek bere kabuz egin zuen hegaldia. Hitlerren aurrean prestigioa berreskuratu nahi izan zuela dio teoria horrek. Fuhrer-arekin ez zuen harreman ona azken hilabeteetan, eta batez ere, Goebbels, Bormann eta Himmlerrekin oso txarra zuen. Haiek boteretik urrunarazi nahi zutela uste zuen Hessek, eta paradoxa: hegaldiaren ostean, Martin Bormanek hartu haren kargua.
Teoriak teoria, Hessek askatasunean egindako azken ekintza izan zen Eskoziarako hegaldia. Gerra amaitu ondoren, bizi guztiko kartzela zigorra jaso zuen Nurenbergeko prozesuan. Urriarekin batera bete da epai horren 63. urteurrena. Albert Speer 1966an aske utzi eta gero, Hess izan zen Nurenbergeko epaituen artean preso jarraitu zuen bakarra. Eta ez zuten sekula libre utzi, ezta arrazoi humanitarioak aipatu zirenean ere. Osasun egoera penagarria pairatu zuen bizitzaren azken urteetan. Europa osoko neonaziek sinbolotzat hartu zuten Hess, eta haren askatasuna sarri galdegin zuten kaleetan. Badira bakearen aldeko ekintza arriskutsuaren egiletzat jotzen dutena, baina gehienentzat nazi gupidagabea izan zen.
Nurenbergeko epaiketa nagusian akusatu garrantzitsuenetako bat izan zen Rudolph Hess. Epaia entzun aurretik, zur eta lur utzi zituen aretoko guztiak.
«Nire eginbidea bete dut;ez dut ezeren damurik»
X. Martin.Rudolph Hessek garbi hitz egin zuen Nurenbergen. Prozesu osoan erakutsitako axolagabetasun jarrera baztertu, eta aretokoak harriturik utzi zituen epaiak eman aurretik: «Hitz egin nahi dut», bota zuen. «Nire gaitasunen jabe naizela adierazi nahi dut; amarru bat besterik ez da izan oroimena galdu dudala esatea». Eta jarraitu zuen: «Ez dut auzitegi hau onartzen, eta ez dut neure burua defendituko. Zoriontsu naiz, herri alemaniarrak bere milaka urtetako ibilbidean sekula emandako seme aintzatsuenaren alboan urte askoan gozatu dudalako. Nire eginbidearekin bete dut, nire herriarekiko eginbidearekin, nazional sozialista gisa, Alemaniar gisa eta nire Führer-aren ondoko leial gisa. Ez dut ezeren damurik. Hasieran egongo banintz, berdin jardungo nuke berriro, baita sua zain dudala jakingo banu ere».
Soldadu eta politikari gisa egindako ibilbidearekin bat datoz hitzok. Rudolph Walter Richard Hess 1894an jaio zen Alexandrian (Egipto). Aita alemaniarrak Espartakoen erara hezi zuen. Zientzia politikoak ikasi zituen, eta Oxfordeko unibertsitatean izena ematera zihoala I. Mundu Gerra hasi zen. Boluntario joan zen borrokatzera, eta luze gabe Urrezko Gurutzea eman zioten. 1919an ezagutu zuen Hitler mitin batean, eta handik gutxira NSDAP nazien alderdian eman zuen izena. 1923an Municheko Putsch-ean parte hartu zuen. Ekintza hark kartzelara eraman zuen Hitler eta Haushoferrekin batera. Mein Kampf idazten lagundu zion Hitlerri, harekin partekatutako ziegan.
Alderdiaren aurpegi adeitsua
Hitlerrek boterea hartu zuenean Alderdi Naziaren buruzagi eta Estatu ministro izendatu zuten. Gerra eta atzerri sailak salbu, beste guztiak hartu zituen bere gain. Hitlerren hurrengoa bilakatu zen nazien hierarkian.
Dena den, Hessek ez zuen lider gogor baten irudirik. Erregimenaren aurpegi adeitsua zen. Berlin 1936ko olinpiar jokoak antolatu zituen, eta Leni Riefenstahl Hitlerren dokumentalistaren lagun mina zen. Edonola ere, Hitlerrengan eta nazional sozialismoan jarritako fedea azken muturrera eraman zuen. Nurenbergeko prozesu nagusian epaitutakoen artean, jarrera gogorrena agertu zuen. Herman Göringek, Wilhelm Keitelek, Alfred Jodlek, Joaquim von Ribbentropek eta Alfred Rosenbergek heriotza zigorra jaso zuten, baita Martin Bormannek ere -gero jakin zen Berlin erori zenean hil zutela, 1945ean-. Bizi guztiko kartzela zigorra jaso zuen Hessek, Walter Funkek eta Erich Raederrek bezala. Albert Speerek eta Karl Dönitzek ere kartzela zigorrak jaso zituzten. Kartzela zigorra zutenen artean, Hessek bete zuen bakarrik oso-osorik. Spandauko kartzelako preso bakarra izan zen 20 urtean baino gehiagoan, 1966an Speer aske utzi zutenetik. Han hil zen 1987an. Urkaturik azaldu zen. 93 urte zituen.