V. Lurramaren berritasunetako bat da sukaldaritza tailerra, hain justu. Laborarien eta kontsumitzaileen arteko lotura indartzeko xedeari lotua, bien artean aurkitzen den sukaldariak bere leku osoa baitu Lurraman, antolatzaileen ustez. Funtsean, sukaldaritzari loturik, azokan antolatzen dituzten bazkari eta afariek ere arrakasta ederra dute urtero.
Sukaldaritza tailer hauetan, begiratu, usaindu, dastatu eta galderak pausa daitezke. Adibidez, arraina erretzeko egin molde hoberenak zein diren, aholkuak zuzenean bil daitezke. Hori bai, esplikazio guztiak frantsesez dira, ez baitute sukaldari euskaldunik atzeman, tailerreko arduradunak dioenez. Baina beste leku guztietan euskarak bere leku osoa du. Merkatutik, kabalen karpara. Hainbat aukera daude, ikasteko eta gozatzeko.
Baserria hirian
Lurrama Baionan egitearen beste helburuetako bat da hiritarrari erakustea bere atean baserri bat badagoela. Laborantza iraunkorraren aktore baitira hiritarrak eta kontsumitzaileak; antolatzaileek argi dute hori hasieratik. Laborantza iraunkorra, erran nahi baita, «gai dena laborariari bizi bidea emateko, gai dena ingurumena, natura eta kontsumitzailea errespetatzeko, eta gai dena sozialki laguntzak eta laborantzari buruzko eskubideak zuzenki banatzeko», Mixel Berhokoirigoinek erranik estreina mementoan. EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakaria da Berhokoirigoin, eta EHLG dago Lurramaren jatorrian. Hor zituen, entzule, hainbat hautetsi beren sostengua berrestera etorriak, dela Akitaniakoak, Baionako hirikoak, departamendukoak eta Gipuzkoako Foru Aldundikoak. Irauteak berak arrazoia indartzen duela, hori ere bazen estreinan aldizkatu hitzartzeen mezuetarik bat. Iraupena, laborantzarena bezala, Lurrama azokarena. Lurrama bera, ekitaldi soil bat baino gehiago, egun guztiz laborariek egiten dituzten parioen luzapen bat da, betiere lehendakariaren ustez. Laborantza mota hori ez baita «amets bat», hor baitira sor markak, eta laborantzan jartzen diren gazteak, errealitate bat dela erakusten dutenak. Errealitate bat «zaindu eta garatu behar duguna». Iraupena, EHLGrena ere, auzia irabazirik mehatxurik gabe bidea lasaiki segi dezakeena orain, Berhokoirigoinek azpimarratu zuena atzo.
Eta iraupena ere laborariarena. Hori ere baitago jokoan: «Bakarrik kantitateak egiteko laboraririk ez da beharrik. Aski da beti eta gehiago industrializatzea eta artifizializatzea. Geure burua, gure lekua eta gure ondokoak zaintzeko, laborantza iraunkorra da bide bakarra».
Eta hori da Euskal Herriko Laborantza Ganberak, ez bakarrik Lurramarekin baina egin guzikoarekin lortu nahi duen helburua.
Egitaraua
ZENBAIT HITZORDUEgunero, 10:30etik 14:00 arte. Egun osoan sartzea, 3 eurotan; arratsetan, urririk.
Lurramaren baserria. Tokiko arrazen eta etxaldeko lanaren erakusleihoa. Egun guziz erakustaldiak. Behi jezte, esnearen dastatze, ardi mozte...
'Zergatik on, sano eta tokiko jan?' gaia aztergai egun osoan, gaur. Elikaduraz sendatu mintzaldia, 11:00etan.
Bazkariak eta afariak. Gaur arratsean, Iparra-Hegoa izenburupeko ohiko zikiroa. Bihar eguerditan, Euskal Herriko hamabost bat fama handiko sukaldari eta gozogilek prestatu bazkaria, 700 pertsonarentzat. Horrez gain, betiko talo eta broxetak.
Dominique Belpomme.Minbizian aditua den medikua
«Hondar kimikoek, neurri txikian bada ere, toxikotasuna sortzen dute»
N.A. BaionaGaur, 17:00etan mintzaldi bat egingo du, Lurramaren barnean. Aurtengo aitabitxia ere bada. «Elikadura, pestizidak eta osagarria» gaia du bereziki aztertuko. Hiru elementu horiek zein heinetaraino lotuak diren azalduko du.
Zein da jatekoaren, pestiziden eta osagarriaren arteko lotura?
Jakian dauden hondar kimikoak eritasun zenbaitzuen jatorrian izan daitezke. Hondar kimiko horiek, hondar kutsatzaileak izan daitezke, laborantza intentsibotik jalgi nitratoa edo pestizidak, adibidez. Nitratoak, berez, ez du minbizia eragiten, baina hesteak nitrito bilakarazten du, eta hori da eragile. Badira ere jakiei gehitzen zaizkienak, kontserbatzaile ala kolorante, eta horiek ere minbizia eragin dezakete. Hondar horiek neurri txikietan dira jakietan. Urteetan jateak du sortzen toxikotasuna. Urteetako errepika horrek. Minbizia, leuzemia eta sortzetiko malformazioak eragiten dituzte. Zer egin horren parean? Bada, biologikoa jan. Biologikoak ez baitu pestizidarik, ez eta gehigarririk. Laborantza biologikoa sostengatzeaz gain, Lurrama eta horrelako ekimenak ere sostengatzen ditut, horregatik. Biologikoa jateak ez du minbizia saihesten. Ez da zientifikoki frogatua hori, baina zentzu onak dio laguntzen duela, itxura guztien arabera, eritasun gutxiago izaten.
Nondik frogatu duzue lotura hori? Erran horiei kontra egiten dutenak ere badira.
Milaka artikulu daude hori frogatzen dutenak. Nazioartean hori onartua da. 2006an kutsadura kimikoak sortzen dituen osagarri arriskuez egin Parisko deia hiru Nobel sarik izenpetua dute, milaka zientifiko eta mediku ezagunek eta Europako Batasuneko 25 Estatuk, besteak beste. Denak ados dira. Ez daudenak ados, diru interesagatik ez dira ados. Duela 25 urte tabakoarekin gertatu zen bezala.
Baina jendeak segitzen du erretzen,janariarekin berdin gertatuko ote? Haatik, prezioak ere ez dira berdinak biologikoaren eta ez biologikoaren artean.
Bai jendeak segitzen du erretzen, eta horren aldeko promozio handia dago. Eta elikaduran ere bai, supermerkatuen aldeko publizitatea dago, eta lanjerren ukatzaileak ere badira. Baina biologikoari dagokionez, segur da merkatuko dela, biologikoa kontsumitzen dutenen kopurua igaitearekin.