Ontzi bilduma zaharberritzen hasia da jadanik Foru Aldundia; azken urteetan zazpi itsasontzi eraberritu ditu, 130.000 euroko kostuarekin. Asmoa da gaitasun ekonomikoaren eta lehentasun teknikoen arabera, bildumakogainontzeko piezak ere zaharberritzea. Zenbait ontziren egoera oso kaskarra da, ia zaborretik jaso dituztelako. Ondartxok, gainera, beste hiru ontzirentzako lekua egin beharko du luze gabe, Aldundiaren hiru pieza horiek ez baitituzte oraindik Ontzigunera eraman.
Hasiera batean ontzi horiek guztiak erakusteko asmorik ez bazen ere, Albaola elkarteak duen «gizarterako bokazioak ikusita», Aldundiak itsas ondare hori erakustea erabaki du. Hala, Aste Santutik aurrera bisita gidatuak izango dira, nahiz eta oraindik Ondartxoko Ontzigunea bukatu gabe egon.
Ikerkuntza eta eraikuntza
Besteak beste, Bretainia, Irlanda, Galizia eta Ternura egindako espedizioek islatu dute azken urteotan Albaola elkartearen jarduera. XVI. mendetik hasi eta XIX. mendera arteko teknikak gaurkotuz, ontziak eraiki ditu elkarteak. «Lanbide galduak berreskuratu ditugu; euskaldunek ontzi xumeak eraiki izan ditugu, txalupak batik bat, baina garrantzitsua izan da, gure tipologia eta teknika bereziekin eraiki izan direlako». Aurrerantzean ere asmo horrekin lan egingo du Albaolak, Xabier Agotek dioenez; «izan ere, beste bitarteko batzuk izango ditugu orain; esate baterako ontziak mugitzeko garabi handi bat».
Markel Olano ahaldun nagusiak ezustekoa hartu du Ondartxoren egoera ikusita, Azkorreta ontziola zaharraren egoera tamalgarri baitzen orain ez asko. «Elkarlanak ahalbidetu duen leku indartsua da hau; jendeak etorri egin behar du bere iragana ezagutzera».
Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuarentzat, «Ondartxoko ate nagusia zabaldu eta bokana ikustea, ametsei atea zabaltzea da» neurri batean. Egia bihurtutako ametsa da Ondartxo, Aranbururen ustez.
'Jaizkibel' draga zaharberritua Ondartxo Ontzigunearen osagai erakargarri bat izango da hilabete batzuk barru; ontzi historikoa oso egoera txarrean dago egun.
Historia herdoilaren azpian
Xabier Martin. Pasai San PedroMende laurdena denbora gehiegi da lurrean dagoen ontziarentzat. Jaizkibel draga 1984an atera zuten uretatik, Pasaiako badian mende erdia gora eta behera egin eta gero. Geroztik abandonaturik egon da, gero eta herdoil geruza lodiagoarekin. Desegin eta txatar bihurtzea zen dragaren patua enkantean saldu ondoren, baina azken orduan ondasun kulturalaren izendapenak salbatu zuen; monumentu kategoria eman zioten, baina horrek ez zuen salbatu modu tristean zahartzeaz.
Hemezortzi urte eman ditu Azkorreta ontziola zaharrean, erdi abandonaturik. Orain, berriz, duintasun pixka bat itzuliko diote ontzi historiko horri. «Ahal den neurrian» zaharberrituko dute, baina ez berriro itsasoratzeko, Ondartxo ontziola berrituko parte izateko baizik; betiere lehorrean, itsasotik hurbil baino hurbilago emango ditu datozen urteak. Izan ere, dituen kalteak gehiegizkoak dira berriro itsasoratzeko saioan hasteko. Motorrak falta ditu, gainera. Gipuzkoako Diputazioaren biltegi batean daude gorderik, eta, beharbada, etorkizunean Jaizkibel berrituari jarriko dizkiote.
Bestalde, portuaren hondoa garbitzeko ezinbestekoa zuen kate erraldoia ere kendu zioten dragari bere garaian, baita kate horri indarra ematen zioten altzairuzko bi gurpil handiak ere, 22 tonakoak. Katea zein gurpilak jarriko dizkiote Jaizkibel-i.
Bisitaldiak, kontu handiz
Zaharberritu ondoren ere, bakarrik bizkarraren gainean ibili ahal izango dira bisitak, «eta horiek ere kontu handiz». Kroskoaren barrualdera sartzea ezinezkoa izango da, ate guztiak zigilatuko baitituzte.
Ez dago zaharberritze lanak bukatzeko egunik, baina bost hilabeteren buruan ontziak itxura berria izatea espero dute. Orduan ere, ez da erabat zaharberriturik egongo, ontziak berezkoa zuen garabia handia galdutzat jo baitute.
Jaizkibel 1933an uretaratu zuten, Bilbon, Euskalduna ontziolan. Kantauri itsasoan beste bi daude itxura berekoak; beste guztiak txatar bihurtu dira.