EZARIAN. KONTSUMOA. Eguberrietan kaleak ohi baino ilunago

Hiriburuek, urtero legez, ez diote uko egingo Eguberrietan kaleak argiekin apaintzeari; kontsumo baxuko bonbillak jarri eta kontsumo orduak murriztuko dituzte udal gehienek.

Nora Arbelbide/ Anakoz Amenabar
2009ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Krisia tarteko, ohi baino argi gutxiago izango dira aurtengo Eguberrietan Euskal Herriko kaleetan. Gasteizko Udalak, esaterako, 81.000 euro gastatuko ditu kaleak apaintzen. Aurten, gainera, ordubete lehenago amatatuko ditu argiak, iraunkortasunean beste pauso bat emateko asmoz. Guztira, ehun arku baino gehiagorekin apainduko dituzte Gasteizko kaleak, abenduaren 5etik aurrera. LED motako argiak izango dira, kontsumoa %70 eta %80 artean murrizteko xedez.

Argiekin batera, bestelako gastuak ere murriztuko ditu Udalak. Eguberrietan ohitura izaten den izotz pista ez da izango aurten. Ez, behintzat, Florida parkean. Beste txokoren batean pista txikiago bat jartzerik ote dagoen aztertzen ari da Udala. Floridan pista jarriz gastatzen zituen 175.000 euroak aurrezteko erabakia hartu du aurten. «Garestia» izatearekin batera, Florida parkeko ingurumenarentzat kaltegarria dela uste du Patxi Lazkoz alkateak.

Bilbon ere murrizketak izango dira ardatz. Kontsumo baxuko argiak jartzearekin batera, argiztatze orduak ere murriztuko ditu, gastu energetikoa %25 gutxituta. Datorren astean piztuko dituzten argiak «%100 iraunkorrak» izango dira, Udalaren esanetan. Ordu gutxiago eta kontsumo gutxiago.

Apaingarriak iazkoen antzekoak izango dira, guztira 3.392 argi metro. Aurtengo helburua izango da auzo gehiago argiztatu eta teknologia berrien bidez eraginkortasun energetikoan aurreztea.

Donostian ere iaz baino argi gutxiago izango da aurten. Datozen egunetan erabakiko dute, baina Enrique Ramos Sustapen zinegotziak azaldu bezala, «egoera ekonomikoa zaila da, eta ezinbestekoa ez den gasturik badago hori argiztapena da». Garai batean 180.000 euro gastatzen zituzten argiekin, eta 70.000 euroko aurrekontua izan zuten joan den urtean. Aurtengoa ez da iazkoa bezainbestekoa izango.

Iruñean hasi dira, dagoeneko, argiztapena prestatzen. Udaletxea eta Gazteluko plaza apaintzen duten argiak jarri dituzte. Urteroko ohiturari jarraituz, San Saturnino egunean piztuko dituzte, hilaren 29an, eta urtarrilaren 8an amatatu. 116.765 euro inbertituko ditu Udalak argiztapenean, Iruñean iaz baino gutxiago.

Garapen iraunkorraren gaia modan dela eta, haizea bere alde jarri nahi du Baionako Udalak ere. Eguberrien karietara hiriaren argitzeko usaia badu, argindar aldetik ekonomiak egin nahi dituela iragarri du.

Lehen 37 egunez pizten zituen Eguberriko argi bereziak, baina orain 27 egunean argituko dituzte karrikak; larunbatean hasiko dira. Orotara, 300 edergailu piztuko dituzte. Horien artean, indar gehien gastatzen zituzten 24 baztertu eta gutxiago gastatzen duten berri batzuk eman dituzte ordainez, 7.000 euroren truke. Gaineratekoetan, edergailuak atxiki dituzte, baina bonbillak dituzte ordezkatuko. Ohiko anpulen ordez, gehiago iraun eta gutxiago kontsumitzen duten anpulak eman dituzte. 18.000 euroko gastua ekarri du aldaketak.

Aurtengo neurri horiei guztiei esker, kontsumoa 96.800 wattetik 53.000 wattera pasatzea pentsatzen dute Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.