Andoainek, Urnietak, Hernanik, Oriamendik, Lore-Tokik, Errekaldek, Oriak eta Lasartek osatzen zuten eraztunean, munduko motorrik eta autorik azkarrenak lehiatu ziren, piloturik onenak: Tazio Nuvolari (Bugatti), Albert Guyot (Rolland-Pilain), Emilio Materassi (Bugatti), Louis Chiron (Bugatti), Robert Benoist (Delage), Luigi Fagioli (Mercedes-Benz), Rudolf Caracciola (Mercedes-Benz)... Europako hiru probarik handienen artean egon zen. Testigantza ederra ematen du Lasarteko kultur etxean zabaldu berri duten erakusketak.
«Zirkuitu bakarra izanda ere, zailtasunak askotarikoak dira; maldan behera eta gora ibili beharrak, galga eta azelerazio kolpe etengabeak, motorra asko sufriarazten dute, lasterketa gutxitan bezala», idatzi zuen Janena garaiko kazetari ezagunak. Soilik Targa Florio zen Lasarte baino proba gogorragoa harentzat. Italiako zirkuituak 108 kilometro zituen, 1.500 errebueltekin; Lasartekoak, berriz, 17 kilometro eta 315 metro.
1936 arte korritu zen Donostiako Automobilen Aste Nagusia. Donostiako Sari Nagusia, Espainiako Sari Nagusia eta Europako Sari Nagusiak jokatu ziren batik bat. 1925etik aitzin, garaiko FIAk hartu zuen proben antolakuntza. Munduko maila goreneko txapelketa zen hura, 1 Formula. Zirkuituaren errekorra Achille Varzi italiarrak finkatu zuen Maseratti 26M autoarekin, orduko 175 kilometroko batez bestekoa eginda.
Donostia aldean auto lasterketen inguruko sukarra zabaldu zen 1920ko hamarraldian. Ehunka milaka ikusle elkartzen ziren urtero zirkuituaren bihurguneetan, eta Lasarteko harmailetan, atzerritar ero horien abiadura zirraragarriarekin gozatzeko. Hemengo heroirik ere bazen: Eduardo Landa donostiarrak, esaterako, Harley Davidson batekin irabazi zuen Motorren Sari Nagusia, estreinako urtean. Gidari asko pilotuen antzera gidatzen hasi ziren zirkuituaren barruan, baina proba egunetatik kanpo, eta agintariek segurtasun neurriak handitu behar izan zituzten. Baserrietara euskaraz idatzitako oharrak ere bidali zituzten, lasaitasuna eskatuz.
Baina ez zen erraza. Lasarteko zirkuituan Munduko Txapelketako proba korritzen zen. Orduan, bost baino ez ziren: Indianapoliseko 500 miliak, Frantziako Sari Nagusia, Ingalaterrakoa, Italiakoa (Monzan) eta Donostiakoa. Hemengo errepideetan Ferrariak, Hispano-Suizak, Maseratiak, Delageak eta abar ikustea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula.
Orduko irudi erakargarriak ikus daitezke ostiralaz geroztik Manuel Lekuona kultur etxean, Lasarte-Orian. Kutxa Fototeka funtsetatik ateratako 85 argazki dira. Lasarteko auto-zirkuitua izeneko erakusketa da; Gasolina usaina ere izan zitekeen.
Lasarteko zirkuituan erabaki zuten13 zenbakiaren patua
Paul Torchy belgikarrak Delage autoa gidatzen zuen 1925ean, Donostiako Sari Nagusian. Laugarren itzulian Maseratti bat aurreratzen saiatu zen. Irubide ingurua aukeratu zuen aurreratzeko, baina pistatik atera eta zuhaitz bat jo zuen. Torchyk bolantearen eta aurreko kristalaren kontra jo zuen bortizki. Garezurra hautsi zuen eta Delage autoan eserita hil zen. Istripuaren tokira iristean, hotzikaraz ikusi zuten autoak 13 zenbakia zeramala. Zorigaiztoko zenbaki horren kontra zebiltzan aspalditik federazio asko, eta gertaera horrekin Frantziako Automobil Federakuntzak zenbaki hori kentzeko erabakia hartu zuen. 13 zenbakia erabat desagertu da 1 Formulatik.Garaileak
DONOSTIAKO SARI NAGUSIA1923. Albert Guyot (Rolland-Pilain)
1924. Henry Segrave (Sunbeam)
1925. A. Divo/A. Morel (Delage 2LCV)
1927. Emilio Materassi (Bugatti T35C)
1928. Louis Chiron (Bugatti T35C)
1929. Louis Chiron (Bugatti T35B)
1930. Achille Varzi (Maserati 26M)
ESPAINIAKO SARI NAGUSIA
1926. B. Costantini (Bugatti T35)
1927. Robert Benoist (Delage 15-S8)
1933. L. Chiron (Alfa Romeo Type B/P3)
1934. L. Fagioli (Mercedes W25/34)
1935. R. Caracciola (Mercedes W25/35)
EUROPAKO SARI NAGUSIA
1926. Jules Goux (Bugatti T39A)