Iaz bezala, Baiona Ttipi bazterreko Xaho kaian jarria, lau karpa handiek babesturik, Lurramak ez du edozein baserri ekartzen hirira. Animazio eta ikasgai mamitsuak lagun, hemen ez da kontsumo hutsik baloratzen, ez eta bisita pasiborik proposatzen. Hasiz, ingurumena gaitzat duen karpatik. Zikinen bereizketaren nondik norako guztia azaltzen dute bertan, baita indar berriztagarriak aurkezten. Ingurumena errespetatzen duen etxe bat izateko bide guztiak ere ikas daitezke hor, baita hitzorduak lortu horretaz arduratzen diren profesionalekin. Adituak hor daude non nahi, beti hurbil, kontseilu eta esplikazioak emateko prest. Profesionalez gain, orotara 700 boluntarioren laguntza dauka azokak.
Honen ondoan dagoen kabalen karpak aitzineko urteetan bezain arrakastatsu jarraitzen du, bai haurren artean, zein guraso. Marro, antzara, ahate, ardi, axuri, behor, xerri, idi, behi edo beste, bada ikastekoa. Baserriko munduaz gain, lehen aldikoz tarte berezi bat egin diote arrantzari. Animazioetan, ardi mozte eta behi jetziak publikoaren aitzinean egiten dituzte egunero, baserritik urrun direnek laborarien biziahurbilagotik ulertzeko beste bide bat emanez. Trukaketa franko emankorrak, eskuineko argazkian agertzen den bezala, haur bat baino gehiago ontsa gogoratuko da behi esne freskoa dastatu izana.
Haurrentzat, preseski, bada zer egin azokan zehar. Kabalen artean egon eta, pottoka gainean ibiltzeko aukera badute, baita zirkoan jolastu edota Xibarekin euskal kiroletan. Baina hor ere, haurrek ukan dezaten zer ikas karpa oso bat berentzat atxikia du Lurramak. Margotze eta josteten artetik, Eritze asegurantzek Minbiziaren aurkako elkartearen laguntzarekin ongi jatearen garrantziaz ohartarazteko, zer nahi joko proposatzen dizkiete haurrei, haurren bidez gurasoak ere konbentzitzeko asmoz.
Lurramak duen beste eskaintza arrakastatsu bat, gastronomia. Baserriko merkatuan bada jateko eta edateko, bai lekuan berean, bai etxera eramateko ere.
Gaurko egitaraua
XAHO KAIAN10.00etan: Ate irekitzea.
10.30etan: Pintxo lehiaketa baserriko ekoizpenetik. Ekoizpenen aurkezpena eta ekoizleen lekukotasunak.
11:00etan: Kabalen erakustaldia. Une berean kanpoan, mutxiko erraldoia, Orai Batek alaiturik.
14:00etan: Haurrentzako pentsatu euskal kirol eta jokoak, Xiba elkartearekin; eta zirkoko jolasen ikasteko parada, Orekarekin.
16:00etan: Fandango lehiaketa. Kabalen gunean ardi ile-mozte erakustaldia, eskuz eta trenaz.
17:00etan: Betiere Baserriko kabalen gunean, gasna-egite erakustaldia.
18:00etan: Behi jeztea eta esne dastaketa.
20:00etan: Ateen hestea.
GLAINEKOELKARTEEN ETXEAN
12:00etan: Euskal Herriko puntako 14 sukaldarien bazkaria. 30 euro balio du bazkariak. Txartela lekuan berean eros daiteke, informazio gunean.
Marc Dufumier Paris-Grignoneko unibertsitarioa, mundu mailako agronomian berezitua
«Laborantza herrikoiak handiak baino etekin gehiago lortzen du»
N.A BaionaJitez aldatu erakundeak munduko goseari aurre egiteko soluzio gisa aurkezten diren garaiotan, Marc Dufumierrek hori ez dela egia dio, eta laborantza herrikoia dela gosearen aurkako bidea. Hori erakutsi zuen, atzo, Lurraman eskaini mintzaldian.
Munduko biztanle kopurua emendatzen ari dela, guztiak laborantza herrikoiak elikatzen ahalko dituela diozu. Azaltzen ahal diguzuhori?
Gehiago ekoiztea beharrezkoa da, baina molde herrikoi batean. Familien heineko laborantza da garatu behar. Munduko gosearen krisia gainditzeko, laborantza herrikoia da soluzioa. Beren kontu ari diren ekoizleek beren lurra ongi ezagutzen dute, eta, beraz, lan egokiagoa egiten dute. Beren lurra errespetatzen dute, gainera, baitakite beren seme-alabek ere landuko duten lurra dela. Vietnamgo Ibai Horiko landen etekina Ameriketako Estatu Batuetako Hego Carolina estatuetan baino lau aldiz handiagoa da. Eskala handiko laborantza kapitalistak bere lehiakortasuna lortzeko eremu zabalekin jokatzen du. Kostuak txikitu ahal ditu mekanikarekin ordezkatzen baititu langileak. Baina ororen buru, hektarea bakoitz ez du laborantza herrikoia baino gehiago ekoizten. Alderantziz. Makinekin dena berdin artatzen da. Eta batzuetan huts egiten. Ekosistema xehatu, lurra ahuldu eta lana gizonari kendu, besterik ez du egiten. Epe luzerako biziki txarra da. Garapen iraunkorraren izenean, heldu diren belaunaldientzat, geroa beren lurra zaintzen dutenena izanen da.
Baina gosea gaurko arazoa dela, laborantza herrikoiak gaur bertan nola aurre egin dezake horri?
Bistan dena, laborantza iraunkorra gaurdanik eraginkorra izateko, horrek erran nahi du laborantza mota hori dela lagundu behar eta ez bestea. Pobreenek ere horren gozatzeko aukera ukan behar dute. 2050ean 9 mila milioi biztanle izanen ditu munduak. Mundu guztiak ongi jan dezan nahi badugu, barazkien ekoizpena bikoiztu beharko dugu 40 urtez. Eta hori lortzeko modu bakarra, ekoizpena hektarea bakoitz emendatzea da. Mementoan, ordea, laguntzak aberats eta handienei bideratuta doaz. Preseski, Europako Laborantza politika bateratuaren osagarri mailako balorapena eginen dela laster, ni laborantza herrikoiaren alde mintzatuko naiz. Unibertsitario gisa, nire papera da erratea emaitza zientifikoek laborantza herrikoia lagundu behar dela diotela. Teknikoki ukaezinak dira emaitzak horiek.
Eta politikoki?
Arazoa hori da. Egin beharreko borroka alor horretakoa da.