Guineak egindako milaka argazkietatik -14.000 inguru- 121 aukeratu dituzte Hiria Gunea aretoan aurkezteko. «Haren argazkien hainbat ikuspegi ezagutarazi nahi genituen. Gasteizko argazkiekin ezaguna zen jada; baina, adibidez, ezagutzeke zegoen erretratugile moduan egindako lana. Erretratugile bikaina zen», nabarmendu du Maria Jose Marinas erakusketaren komisarioak.
Lanean burdindegian aritzen bazen ere, argazkilaritza zuen afizio eta garaiko hainbat aldizkaritan agertu ziren haren argazkiak. Horietako batzuk ikus daitezke erakusketan, saria jaso zuten beste batzuekin batera: «Buenos Airesko La Basconia aldizkariak eman zion bat, beste askoren artean. Garai hartan, horren urruti, hemengo argazki bat saritzea, nabarmentzekoa da».
Bitxikeria moduan, Artilleriako soldaduei bizartegian eginiko argazkia azpimarratzen du Marinasek. Alfontso XIII.a erregeari oparitutako argazki bilduma batean jaso zuten argazkia: «Hortik aurrera, erregeak zaldun izendatu zuen 1921ean, eta Elisabet I.a Katolikoa-ren gurutzea eman zion». Gasteizen ospakizun bazkaria egin zen izendapenagatik, eta orduan Guineak berak jakinarazi zuen hitzaldi batean haren argazki guztiak hiriburuko udaletxearen esku geratuko zirela, ordura arte egindako guztiak eta geroago egin zituenak.
Jakin-minak bultzatuta, bidaia ugari egin zituen Guineak. Besteak beste, Sevillako erakusketa unibertsalean izan zen, eta argazkiak egin zituen. «Ikuspegi bitxia zuen; antza, berrikuntza eta asmakuntzek atentzioa ematen zioten, eta haren obran esanguratsua da». Merkataritza ikasi zuen Bordelen, ingelesa Britainia Handian, etaGasteizkoa ez ezik, beste errealitate batzuk ere ezagutzen zituen.
Erakusketak XX. mendearen lehen erdiko Gasteiz biltzen du. Irudien artean, katedral berriaren eraikuntzaren ingurukoak nabarmendu behar dira. Alfontso XIII.a erregeak eraikinaren lehen harria jarri zuenean, 1907an, bertan zen Enrique Guinea, momentua kamera estereoskopikoarekin harrapatzen. Erakusketako hainbat afixak erakusten duten moduan, perspektiba ezin hobea lortzeko aldamio eta teilatuetara igotzeko ere ausarta zen. Teleobjektibo eta zoomik gabe, argazki ederrak egin zituen garabiko lumatik zintzilik dagoen saskitik.
Bildumaren artean, hainbat altxor daude, Javier Otxoari eta Isidro Oilokiegi Eltzekondo-ri borroka greko-erromatarraren itxura egiten ari direla ateratako estudioko erretratua edo esgrima saio batean ateratakoa, esaterako. Familia erretratuak, Gasteizko antzoki berriaren inaugurazioa, San Prudentzio basilika kanpoaldean eskean dauden lagunak, eta beste hamaika irudi. Igandera arte izango da erakusketa, Gasteizko Hiria Gunea aretoan.
Enrique Guinea.E. Guinea argazkilariaren biloba
«Lehenengo aldiz ikusi dutamaren erretratua erakusketan»
A. Amenabar. GasteizEnrique Guineak (Gasteiz, 1937) aitonaren oroitzapen gutxi batzuk baino ez ditu, mutil koxkorra zela hil baitzen. Horien artean, aitonak etxeko galerian familiari egindako argazkiak eta argazkiak errebelatzeko estudioan zuen argi gorria ditu gogoan.
Ezagutu al zenuen aitona? Nolakoa zen, zein oroitzapen duzu hartaz?
Sei urtez bakarrik ezagutu nuen, eta oso oroitzapen gutxi ditut. Nik zazpi urte egin behar nituenean hil zen. Baina, batez ere, Gasteizen Manuel Iradier kalean genuen etxeko oroitzapenak ditut. Familia guztia bizi ginen bertan, eta etxeko txoko bat aukeratu beharrean galeria gogoratu beharko nuke, hango oroitzapenak ditut hura zelako etxeko topalekua, nolabait. Hantxe gogoratzen dut aitona, familiakoei argazkiak egiten. Anaiarekin batera han eginiko hainbat argazki daude. Gogoratzen dut, gainera, aita arkitekto moduan lanean hasi zenean haren arkitektura estudioan aitonak errebelatzeko estudio txiki bat zuela. Bonbilla zegoen atearen gainean, aitaren etxearen estudioan, eta gorria bazegoen ezin ginen hara sartu.
Hondarribira ere maiz joaten zineten.
Bai hango oroitzapen asko ditut, gainera. Etxea genuen han, eta udaro joaten ginen. Nire aitari, arkitektoa da bera, etxe bat egiteko enkargua egin zioten, eta ingurua ezagutu, eta hara joaten hasi ginen. Oraindik joaten gara. Egia esateko, aitonaren oroitzapen gehiago ditut hangoak Gasteizkoak baino, han udako egun guztiak elkarrekin ematen genituelako. Hondarribian argazki mordoa egin zituen. Alardeari, esaterako, urtero egiten zion argazkia, eta ehunka ditu, erakusketa egiteko modukoa.
Argazki ugari izango zituen etxean.
Kutxak eta kutxak zituen. Denak ondo antolatuta. Argazkia atera, negatiboan ikusi, data jarri eta positibatu gabe gordetzen zituen. Kristalezko negatiboz beteriko kutxak zituen. Orain dela gutxi, Legazpiko ganbara batean, familiaren etxean, beste kutxa batzuk aurkitu nituen, eta horiek ere artxibora eraman nituen. Kazetariaren moduko lana egiten zuen. Kalean ikusten zituen ekitaldi eta nobedade guztiei egiten zien argazkia. Gasteizkoak, herrietakoak...
Ezagutzen dituzu Pilar Arostegi artxiboan dauden aitonaren argazki guztiak?
Guztiak ez, eta uste dut ez ditudala sekula guztiak ikusiko, 14.000 inguru daude. Etxean familia arteko batzuk ditugu, baina badira erakusketan batzuk sekula ikusi ez nituenak.
Nondik zetorkion argazkigintzarako zaletasuna?
Oso ongi ez dakigu, baina uste dugu Bordelen egindako denboraldian hasi zela zaletasunarekin. Argazkietarako zituen produktu guztiak, gainera, Frantziakoak ziren. Erakusketan ikus daitezke batzuk.
Ondorengoek, ordea, ez diozue zaletasunari eutsi?
Hala da, ez gara argazkizaleak, ez aita, ez eta anaia ere. Nire alabari gehiago gustatzen zaio. Nik egin dudan argazki on bakarra, eta ia nahi gabe, New Yorkeko dorre bikietan ateratako bat da. Etxean dut markoan jarrita. Gainera, bitxia da, argazkilaritzatik gatozela esan daitekeelako, baina ideiarik ez daukagu. 1925ean familia bat heldu zen Bilbotik Gasteizera. Julio Garcia de la Puente Valladolideko abokatua, argazkizale amorratua zen. Zaletasuna partekatu zuen aitonarekin. Urte batzuk geroago Enriqueren semea eta Julioren alaba ezkondu ziren, nire gurasoak.
Erakusketako argazki bat aukeratu behar bazenu...
Nire amaren erretratua. Izugarri gustatzen zait. Erakusketan ikusi dut lehengo aldiz argazkia.