Herri indigenak dira, alegia, beraien lurraldea konkistatu edo kolonizatu aurretik bertan bizi izan zirenak; leku horietako jatorrizko biztanleak dira. Era berean, herriok ingurumenarekiko duten harreman zuzena eta estua nabarmentzekoa da. Baita taldearen onura norbanakoarenaren aurretik jartzea ere. Horiexek lirateke herri indigena definizioak jasotzen dituen ezaugarri garrantzitsuenak.
Herri indigenak munduko biztanleriaren %6 dira; gutxi gorabehera 300 milioi lagun. Bizi diren estatuetan gutxiengoa izaten dira normalean. Hori kaltegarria izaten da beraien eskubideak aldarrikatzerako orduan. Besteak beste, Kanadan %4 dira, Australian %2, Brasilen %1 eta Suedian %0,1. Halere, Amerikako hainbat estatutan ere badaude herri indigenak: El Salvadorren %21, Perun %40, Guatemalan % 50 eta Bolivian %65. Dena den, estatu horietan ere nekez lortzen dute beraien eskubideak aldarrikatzea eta errespetaraztea.
Herri horiek duten arazo nagusiena ez da pertsona horiek desagertuko direla, haiek osatzen duten herria bera baizik. Eta herriarekin batera etnia, kultura, ohitura, tradizioa, mitologia eta abar. Antropologoen iritziz, 5.000 kultura inguru ordezkatzen dituzte. Alegia, munduko kultura aniztasunaren %90 galduko litzateke herri horiek galtzearekin batera.
Herri indigenen artean mendebaldeko zibilizazioarekin zerikusirik ez duten mundu ikuskerak eta bizimoldeak daude. Sherpa familia batzuetan, adibidez, emakume bakarrak senar bat baino gehiago izan ditzake. Hil ondorengo errituak ere desberdinak dira herri batetik bestera. Amazoniako janomamiek hildakoen hautsak jaten dituzte; Kanadako inuitek, berriz, lurperatu beharrean gorpuak harriekin estaltzen dituzte. Ekonomiari dagokionez, Brasileko kapaioak ehizatik bizi dira, Etiopiako afarrak artzaintzatik, Filipinetako kalingak txandakako nekazaritzatik eta Andeetako ketxuak, azkenik, nekazaritza sedentariotik.
Azken baten, galera genetikoa ez ezik, galera antropologiko itzela ere eragingo luke herri horiek galtzeak. Zelan bizi diren, zertan lan egiten duten, zer-nolako giza harremanak dituzten... horri guztiari erreparatuta, aberastasun itzela ordezkatzen dute.
Herri horien iraupena ulertzeko gakoa ingurumenarekin duten harremana da. Ez dute gehiegi ustiatzen. Bizitzeko behar dutena baino ez dute hartzen. Are gehiago, zenbait herrik zigortu egiten dute beren kideek egin dezaketen baliabide naturalen gehiegizko erabilpen oro. Badakite natura dela irauteko duten tresna bakarra eta hari kaltea eraginda etorkizun iluna izango dutela.
Zibilizazioaren parte ez diren herriontzat zibilizazioa mehatxua da. Batez ere, euren habitata suntsitzen zaie, lurrak kenduz edota ingurua kutsatuz. Adibidez, urre meatze bat aurkitzen denean, bera ustiatzeko inguruan bizi direnak handik kanporatzen dituzte, kosta ahala kosta. Petrolioa gordeta dagoen putzuekin beste horrenbeste gertatzen da, edota urtegiak eraikitzerakoan.
Babesteko ahalegina
Kolonizazio kulturalak ere zeresan handia du. Zibilizazioarekin harremanik izan gabe bizi izan dira denbora luzez, eta gaur egun, globalizazioa tarteko, orain arte arrotz zitzaizkien ohiturak eta kulturak bereganatu dituzte. Hartara, nomada izandako herri asko, adibidez, hirietara joan dira bizimodu berri baten bila. Azken batean, zibilizazio handiak herri txikiak irensten ari dira; ez bakarrik fisikoki, baita nortasun aldetik ere.
Inoiz ezagutu gabeko garapena eta aurrerapenak ikusten ditu, eta harrituta geratzen da indigena. Berak ere horren parte izan nahi du. Behar hori sentitzen du. Behar hori sortu zaio. Askotan oharkabean gertatzen da.
Herri horien eskubideak nola babestu aztertzen hasi ziren XX. mendearen hastapenetan. Lanaren Nazioarteko Erakundeak egin zituen lehen urratsak; langile indigenei buruzko ikerketak egin zituzten. Eskubideen nazioarteko aitorpen formala iaz egin zuen Nazio Batuen Erakundeak, Herri Indigenen Eskubideen Aitorpena onartzearekin batera.
Aitorpen horren 8. artikuluak zera dio: estatuek ahalegina egin behar dute herri indigenen nortasun eta izaera bereizia bermatzeko eta irentsiak izan diren kasuetan ordaina emateko. Gauza bera herri horietako bakoitza bizi den lurrekin zerikusia duen auzietan edota behartutako migrazioetan. 10. artikuluak, berriz, hauxe dio: herri indigenak ez dira euren lurretatik beste norabaitera eramango, eurek nahi ez badute.
Finean, aldarrikapenak estatuak behartzen ditu herri horien nortasuna babestera, eta horretarako ezinbestekoak izan daitezkeen tresnak eskura jartzera.
Fernando Pedro Perez ADEVE elkarteko kidea
Ia ehun herri indigena galtzeko zorian daude, Fernando Pedro Perezek dioenez. Harenustez, herri horien eskubideak errespetatu ez ezik, eredutzat hartu beharko lirateke.
«Mundu tribala garen arren, herriak desagerrarazi ditu zibilizazioak»
I. MaruriBilboFernando Pedro Perez kazetari eta idazle bilbotarrak Mehatxatutako herriak (Arrain, 2008) izeneko liburua aurkeztu du Durangoko Azokan. Galzorian dauden espezieen defentsarako ADEVE elkarteko kide da. Euskaraz kaleratu duen ehungarren lana da honakoa. Gehienak Eusko Ikaskuntzaren web orrian daude eskuragai. Oraingo honetan herri indigenen egoera eta etorkizunari buruzko ikerketa da aurkezten duena. Arriskuan daudenen bilduma zabala egin du.
Komunikazioaren garaiotan besteekin harremanik ez duen herririk geratzen al da?
Bai, bai. Egon badaude, baina oso gutxi dira. Orain gutxi telebistan ikusteko aukera izan genuen Amazonan bizi den tribu bat aurkitu zutela. Esaten zuten ez zuela inoiz beste gizakiekin harremanik izan. Isolatuta bizi diren tribu txikiak dira. Geroz eta zailagoa da horrelako herriak aurkitzea. Horietakoren baten berri izatea albistea da, ezbairik gabe.
Globalizazioaren ondorioa da, beraz.
Gaur eguneko munduan kulturak, gizarteak, denak nahastuz doaz apurka-apurka. Globalizazioak antropologian sekulako eragina izan du. Ez dago besteetatik aparte bizi den gizarterik eta horrek arriskuan jartzen ditu orain arteko isolamenduak mantendu dituen ohitura, kultura eta abarrak. Mundu tribala izan garen arren, zibilizazioa hedatu ahala herriak desagertuz joan dira. Egun munduko biztanleen %10 baino ez da indigena. Hauetako gehienak desagertu egingo dira. Euren hizkuntzekin ere gauza bera gertatuko da.
Bakartuta bizitzeaz gain, zein beste modu dago herri horiek mantendu ahal izateko?
Garrantzitsuena euren lurrak ez kentzea da. Euren eskubideak errespetatzea ezinbestekoa da. Ezin daiteke egin gobernuek egiten dutena: lurrak kendu euren interesekoak direlako, eta indigenak beste toki batera bidali. Inguruotako jatorrizko herriak dira eta ezin dira kanporatu. Estatuak uste du bere administraziopean dagoen lurra berea dela eta hori ez da horrela. Herri hauek lur horien jabe ziren estatuak sortu aurretik ere. Haien ingurua eta bizimodua errespetatu behar dira. Diskriminazio positiboa egin behar bada, egin egiten da.
Herri indigenak urrutiko kontua al dira?
Europan bada herri bat oraindik bizirik dagoena. Samiak Laponian bizi dira; Suedian, Finlandian, Norvegian eta Errusian. Gaur egun kontinenteko herri indigena bakarra da. Gainontzekoak Afrikan, Asian eta Hego Ameriketan daude. Ipar Ameriketan egin direnak, indioak, AEBetako gizartean integratu dira.
Beste herririk ez al da egon Europan?
Herri barbaroak egon dira, baina handitzen joan dira eta bizitza tradizionala bertan behera utzi dute. Akaso euskaldunena izan liteke baserriaren eta lurraren tradizioa mantentzen jakin duen herri bakarra, XIX. mendera arte. Gainontzekoak hedatzen, batzen eta lausotzen joan dira gaur egungo zibilizazioa sortu arte.
Hortaz, euskalduna herri indigena dela esan daiteke?
Ez, gurea herri tradizionala da, bere ohiturak mantentzen dituena. Baina ez da indigena. Konkistaren aurreko biztanleak euskaldunak ziren, herri honen erroak erromatarren etorreraren aurretikoak dira. Indigena izateko baldintza hori bai betetzen du. Ohiturak ere mantendu ditu. Baina konkistatzaile eta inguruko herriekin harremana izan du, ez da isolatuta mantendu eta Europako zibilizazioarekin bat egin du.
Galtzeko zorian daudela ohartarazteaz gain, eredu moduan aurkezten dituzu liburuan.
Aurreratutako herriak garela uste dugu, zibilizatuak, espaziora irteteko gai garenak, ordenagailuak eta bestelako asmakuntza teknologikoak erabiltzen ditugunak. Hauek zer dute? Makilak eta geziak. Irakurtzen ere ez dakite eta! Baina egiaz gu baino gizakiagoak dira. Gizakia animalietatik bereizten duena enpatia da, ingurua eta ingurukoak babestea. Guk ez dugu horrelakorik egiten; herri indigenek bai. Gutiziak eragin du bidean aurkitu dugun guztia geure egitea, atzetik datozenengan pentsatu ere egin gabe. Aldaketa klimatikoarekin dugun arazoari irtenbidea bilatzeko, herri indigenetan jarri behar genuke arreta. Beharrezko duguna bakarrik hartzen ikasi behar dugu.
Herri hauek mantentzeko zerbait egiten da?
Hainbat herrialdetako agintariek esaten dute hau edo beste egingo dutela gutxiengo etnikoen alde. Perun, adibidez, Alejandro Toledo agintera iritsi zenean asmo horiek agertu zituen, baina kargua utzi du eta ezer ez duela egin leporatzen diote. Bolivian, bestalde, Evo Morales da presidentea, jatorriz indigena den bat. Hainbat neurri hartu ditu herri hauen alde. Baina kontzientzia hartu ezik, nekez salbatuko dira. Afrikan gazteek herrixketatik alde egiten dute, hirietan bizitzeko.
Boliviako kasua aipatu duzu. Mesedegarria izango da, bada, indigena bat presidentziara iritsi izana...
Bai, bai, ezbairik gabe. Esan bezala hainbat neurri hartu ditu; lehengaiak nazionalizatu ditu, besteak beste. Baina ezin dugu ahaztu botereak usteldu egiten duela. Onuragarria da eta ikusi beharko da zer egingo duen. Oraingoz badirudi Moralesek hainbat gauza egin dituela eta egiteko borondatea duela. Noraino iristeko prest dagoen, noraino joan daitekeen eta batez ere noraino joaten utziko dioten ikusgai dago.