Egurra dute berogailu Iolanda Esain eta Jose Jabier Cuelik Erripako etxean (Nafarroa). Harekin egiten diote aurre neguari. Lurreko suaren atzetik pasatzen dira berogailuaren tutuak, eta etxe guztira barreiatzen dute gero beroa, gelaz gela dauden berogailuetara. Haritza eta pagoa erabiltzen dituzte sua mantentzeko. Biak. «Pagoa sua pizteko eta bizitzeko, eta haritza gehiago irauteko», azaldu du Esainek.
12.000 kilo egur inguru erosten dute urtean. «Bestelako sistemak baino askoz merkeagoa da egurrarena. Sua piztuta mantendu behar dela da eragozpen bakarra», dio Esainek, «itzaliz gero, etxe guztian igartzen da tenperatura jaitsiera».
Epaitzarik ez da egiten Erripan, eta erosi egin behar izaten dute egurra Cueli eta Esainek. «Bideak zikinak daude, eta oso zaila da egun erabiltzen diren traktoreekin bidexka horietan ibiltzea. Pascuali traktore txiki bat bazuen lehen herriko batek, eta hura bai joaten zen egurretara, baina denbora asko behar izaten genuen, eta orain erosi egiten dugu behar dugunok».
Martin Arangoa da egurra saltzen aritzen denetako bat. 38 urte daramatza lan horretan. Zurgindegiak eta papergintza etxeak dira bere bezero nagusiak, baina baita etxeetarako ere saltzen du. «Negu gogorra izan da aurtengoa, eta ohi baino jende gehixeagok eskatu dit egurra horregatik».
Loteak erosten ditu Arangoak, eta bere anaiarekin botatzen ditu gero. Bi eratara saltzen dute ondoren. Osorik edo jadanik zatituta, etxean lan hori egin nahi ez duenarentzat. Prezioa da aldea.
Pezetetan mintzo da Arangoa prezioez. «Urtearen eta egurraren arabera, ezberdina da prezioa, baina, oro har, 6 pezeta (0,03 euro) edo 6 pezeta eta erditan saltzen da egur kiloa. Pezetetan egiten ditugu kontuak oraindik; zentimoetan eginez gero, zenbaki txikienarekin ere pezeta bateko aldea izan dezake kilo bakoitzak gora edo behera». Ez da prezioa, ordea, egurraren onura bakarra, Esainek dioenez. «Etxea askoz ere goxoagoa egiten du lurreko suak, gustura egoten da haren ondoan».
Ekologikoa da egur sua, bestalde, eta ematen duen beroari gero eta eraginkortasun handiagoa ateratzen dioten galdarak sortu dira azkenaldian. Pelet bidezkoena da adibide bat.
Zerrauts prentsatuz osatutako pentsu moduko bat da peleta. Halakoentzako galdarak saltzen ditu Iñigo Puncelek. Dioenez, alde ekologikoa ikaragarria da. «Ia ez du CO2rik isurtzen, eta %92 inguruko eraginkortasuna izaten du, egurrarena baino nabarmen handiagoa».
Prezioan ere badago alderik. Gasoliozko galdarak baino garestiagoak dira peletezko galdarak, baina Puncelek azaldu duenez, diru laguntzak izaten dira halakoak erosteko. «Gero, baina, materiala merkea da. Berotasun bera emateko behar den gasolioarekin alderatuta, erdia da gutxi gorabehera peletak daukan gastua. Bi urtean, beraz, amortizatuta dago galdara».
Peletezko galdara programatzeko aukera ere badago. «Zer tenperatura nahi duzun zehaztu daiteke, noiz piztu eta noiz itzali programa dezakezu, eta batzuk sakelako telefonoaren bidez ere pitz eta itzal daitezke. Hori lortu nahi zen, egurra bezain ekologikoa izatea, eta gasoila bezain erosoa».
Egurra zozketan
Lan gutxi dute egur saltzaileek Aurizberri inguruan, etxeetan behintzat. Han epaitza egiten baitute herritar gehienek urtero, eta hala eskuratzen dute negurako egurra. Hori da Jose Alberto Erbururen kasua. «Betidanik egin da epaitza gure inguruan, eskatzen duen etxe bakoitzarentzat egur piloa markatzen da, bakoitza bere zenbakiarekin».
Ekainean markatzen dira zuhaitzak, eta irailean botatzen dira. Lote osoa jasotzeko eskubidea dute herrian bizi diren guztiek, eta lote erdia eskuratzekoa asteburuetan baino joaten ez direnek.
Pago txarrak, oker daudenak, eta beste zuhaitzei itzala egiten dietenak botatzen dira. Tarteak esaten diete zuhaitz horiei. Ilargia betetzen ari denean, bota behar dira betiere, Erburuk dioenez, «erretzeko, bestela, ez du balio izaten, ez baitu hezetasuna behar bezala botatzen, eta kolorean ere nabaritzen da». Bota eta urtebetez edukitzen da egurra idortzen, hurrengo urteko neguan ahalik eta berorik handiena bota dezaten.
Denborarekin aldatuz joan da epaitza, halere. «Adarrak baino ez ziren markatzen lehen, zuretarako erabiltzen ziren pagoen adarrak, azken urteetan, zurgintza krisian dagoenez, baina, zuretarako balio duten pagoak ere markatzen dituzte orain».
Mendiarekin oso lotura estua izan du Aurizberrik denbora luzez. «Ikatz eta egur asko egiten zen inguru hauetan, eta garai batean, ikatza egiteko lotea ere markatzen zitzaion familia bakoitzari. Pago oholak egiten ziren gero. Hori guztia bukatu egin zen, ordea, eta lote horretako egurra saldu eta dirua herritarren artean banatzen zuen herriak».
Ez zen gutxi, gainera. «Zortzi urte nituenean, gogoan dut, herriko irakasleak urte guztiko soldata zenaren hirukoitza jaso zuen lote horren truke».
Mihiak ere, egurra nahiago
Arriskutsua da betiere epaitza egitea, Erburuk dioenez; areago ohiturarik izan ezean. «Denok dugu orbanen bat», dio. Beti dago, ordea, umorerako tarterik. «Lehen aldia zuen gure bizilagun batek epaitza egiten, eta 6 zenbakia tokatu zitzaion. Mendira joatean, ordea, 9 zenbakia zuten zuhaitzak bota zituen 6 zenbakia zutenak beharrean. 9a zuena mendira joan eta botata ikusi zuen bere lote erdia. Nola edo hala, moldatu ziren azkenean».
Egurrezko sua darabil Erburuk etxeko sukaldean ere. «Bildotsa eta, errekiak eta... askoz ere goxoagoak ateratzen dira labe horietan. Nik behintzat nahiago dut elektrikoa baino». Zaporean dago aldea, dioenez, eta ez da iritzi hori duen bakarra.
«Txuleta bat jatean, igarri egiten da zaporean ikatz sua edo harri bolkanikozko sua erabili den prestatzeko». Hala dio Agin Rezola Astigarragako (Gipuzkoa) Rezola sagardotegiko semeak. «Artearen egur ikatza erabiltzen dugu guk beti horregatik, eta, nik dakidala, baita sagardotegi gehienek ere. Su indartsua egiten du, eta konstantea, eta asko irauten du, gainera. Zapore berezia ematen dio egurrak beti haragiari».
Nolako sua, halako garra
Hamaika egur mota dago, eta denek ez dute sutarako balio bera izaten. Areago. Su klase bat ematen du egur mota bakoitzak. Enborra ilgoran edo ilbeheran moztu den, daukan adina, pisua eta beste hainbat faktorek eragina dute. Sua ez baita beti berdina. Artearen egurra da (Quercus ilex) sutarako onena, eta huraxe erabiltzen da jatetxe askotan ere brasa egiteko. Su bizia du, eta konstantea, gainera, eta, horregatik, egur ezin hobea da halakoetarako. Bestelako erabilera bat izan du denbora luzez baserramuaren (Euonymus europaeus) ikatzak, ordea. Oso egur estimatua zen garai batean bolbora egiteko, eta baita margolarientzako ikatz gisa ere. Zumalakarra ere(Frangula alnus) asko erabili izan da bolbora egiteko.Sua azkar hartzea da erramuaren (Laurus nobilis) ezaugarri nagusia, eta ezin hobea da horregatik suak hasteko. Pizgailuak asmatu baino lehen ere, helburu horrekin erabiltzen zuten. Bi erramu adaxka elkarren aurka igurtzi, eta gero, sufre hautsa gehitzen zioten.