III. mendean bizi izan zen Ageda, Italia hegoaldean. Tradizio katolikoaren arabera, Kintiano gobernadorea txundituta geratu zen neskatila gaztearen edertasuna ikusita. Harekin ezkondu nahi izan zuen, baina ezezkoa jaso zuen erantzunean. Agedak bere burua Jainkoari eskainia zion. Hala, agintaria sutsu haserretu zen, eta bularrak moztu zizkion mendekuak itsututa. Horregatik izendatu zuen Elizak andrazkoen zaindari.
Inork azaltzen asmatu ez duen arrazoiren batengatik, Euskal Herriraino iritsi zen santa horrenganako fedea. Bazter ugaritan daude haren omenez jasotako baseliza eta elizak. Eta duela zenbait hamarkada arte ohikoa zen haren festaburuaren bezpera ilunabarrean kanpaiak jotzea. Usadio hori ia galduta dagoen arren, oraindik indartsu dirau eskean irtetearenak.
Santa Ageda bezperako eske horrek dituen ezaugarriei esker lortu du arrakasta, Antxon Agirre etnologoaren esanetan. «Ez du aparteko esfortzurik eskatzen. Ez da musikaririk behar halabeharrez. Askotan lagun talde batekin nahikoa izaten da, bertsolaririk gabe. Makilak eskura izatea besterik ez da behar». Festaren sinpletasun horrek urtero errepikatzeko modukoa bihurtzen duela dio.
Beharrizanak eskatuta
Bestelakorik gertatu da, ordea, Euskal Herrian honen moduko beste jai batzuekin. Izan ere, eskea ez da otsailaren 4ko kontua bakarrik. San Nikolas egunez hasita, egutegiak jasotzen dituen neguko ospakizun gehienak eskeari lotuta daude. Nahiz eta gure garaietara indarra galduta iritsi zaizkigun.
«Antzina-antzina ez zen hainbestetan irteten. Gizarteak ekitaldiak eta festak sortu ditu, denborak aurrera egin ahala», dio Agirrek. Gure jai gehienek jatorria erlijioan dutela ohartarazi du: «Euskal Herria 1.000. urte inguruan kristautu zen. Gaur eguneko ospakizunak orduz geroztik sortutakoak dira. Horrek ez du esan nahi, halere, aurretik ez zegoenik ezer. Baina gaur egun Eguberria, Aste Santua, herrietako jaiak, Domu Santu eta enparauak kenduz gero, inauteriak eta udako solstizioa baino ez zaizkigu geratzen».
Jai horiei euskaldunok ondo pasatzeaz aparteko beste funtzio bat eman izan diegu. Horrela sortu zen eskea. «Euskal gizarte tradizionalaren funtsezko elementua da. Gizarteak bi helburu ditu: batetik, bere burua eta kide dituen norbanakoak elikatu; bestetik, ondo pasatu. Biak uztartzen ditu eskeak». Agirreren hitzetan, elikagaien urritasunak sortutako festa elementua da eskea. «Orain gutxi arte ez zegoen gaur egun dugun jaki mordoa. Akaso goserik ez zuten izango, salbuespenak salbuespen, baina ez zuten nahi beste janari izaten. Ezta baserrietan bizi zirenek ere».
Ogi zuria, adibidez, gari irinez egindakoa, aberatsen jakia baino ez zela gogorarazi du Agirrek. Ardoa bera ere dirudunen edaria zela dio. Haragia jateko aukera ez zuen edonork. «Gaur egun denon esku dauden jan-edanak lehen gutxi batzuen gutizia ziren». Beraz, eskearen helburua honako hau litzateke: jai egunak aprobetxatu tripa aparteko jakiz betetzeko. Normalean eskura ez zituzten elikagaiak eskuratzen zituzten. Eta, noski, dibertitzeko aukera ere bazen guztientzat.
Santa Ageda egunak, halere, bazuen hasieran berezitasun bat. Antxon Agirrek dioenez, hastapenetan emakumeen kontua zen, eta ez zuten jakirik eskatzen. Diru truke kantatzen zuten, beraien zaindaria ospatzen zuten egunean. Elizarako biltzen zuten guztia. «Halere, ezin daiteke esan toki guzti-guztietan hala zenik. Baina, oro har, horrelakoa zen Santa Ageda bezperako eskea». Seguruenik Elizak berak sortuko zuen tradizio hori, bere beharrizanetarako dirua biltzeko eskatuz emakumeei. Hori frogatzen duen daturik aurkitu ez arren, hala izan zitekeela uste du Agirrek.
Etengabe aldatuz
Inauterietan, berriz, ez zegoen ondo ikusia emakumea mozorrotzea eta jaian parte hartzea. «Mutil gazteen kontua zen. Gero bai, eskean bildutakoarekin afaria egiten zuten, eta otordu horretan neskak ere egoten ziren. Poliki-poliki joan zen emakumea inauterietan txertatuz».
Inauteriak dira aldaketa horren adibide argiena. «Maskaradak, Mundakako inauteriak, Markina-Xemeingoak, Bilbokoak, Tolosakoak eta Cintruenigokoak ez dira berdinak, denak inauteri diren arren. Jaiak desberdinak dira denboran eta espazioan, nahiz eta jatorri bera izan». Hastapenetan eskea nagusi zela dio, baina egun oso toki gutxitan mantentzen da ohitura hori. «Inauteri guztietan eskatzen zen. Eskean irteteko beharrizana desagertu ahala, joera hori ere galdu egin da». XIX. mendean Errenterian estudiantina izeneko taldeetan mutilak eskean irteten zirela dio, inauteria ospatzeko. Gaur egun Irunen oraindik ere puskak jasotzen direla ohartarazi du (Gipuzkoa). Leitzan ere antzeko zerbait egin dute duela bi asteburu (Nafarroa).
Eskearen egitura beti izan da hau: etxez etxe doan lagun talde bat da, bertsolari eta guzti, eta denek koplak abesten dituzte. «Badira eskea dantzan egiten duten leku asko. Kasurako, Amezketan». Zuberoako maskaradak ere eskea direla dio. «Etxez etxe joaten dira, eta dantza eta ikuskizunen truke, jan-edana ematen diete goizean». Oro har, Agirreren esanetan, garai batean inauteri sasoiko eskean dantza gailentzen zitzaion kantuari.
Hiriguneetan bertsolariaren presentzia galdu dela dio, halaber. «Inprobisazio horrek sekulako aberastasuna ematen zion», dio. Halere, Agirreren esanetan, Santa Ageda bezperako eskeak baliteke hastapenetan koplarik ez izatea. «Gogoratu Eliza zegoela atzetik. Gainontzeko eske irteera guztietan bai, uste dugu jai guztietan eta leku guztietan inposatzen zuen koplari hori egon izan dela».
Bisitatu den etxean oraintsu familiakoren bat hil bazen, abestu ordez, Gure Aita edo Kredoa errezatzen ziren. «Horren bitartez hildakoari zerura joaten laguntzen zitzaiola uste zen. Beraz, trukean etxeko andreak zerbait eman nahi bazuen, hala egiten zuen».
Esan bezala, San Nikolas egunez hasten da eskerako sasoia. Bariko gotzaina umeen zaindaria da, eta haiek dira irteten direnak. Gaur egun Gipuzkoako Goierrin mantentzen den tradizioa da. Gotzain jantzitako ume bat lagun, gozoki eskean irteten dira. «Lehen ez zen halakorik ematen. Nongo baserritan zuten gozokirik? San Nikolas egunez, eta gainontzekoetan ere, fruitu lehorrak ematen zizkieten: intxaurrak, gaztainak... Inoiz sagarren bat ere bai». Baserrian bizi zen familia aberatsa-edo izanez gero, txerrikia ere ematen zuen: txorizoa, odolostea, lukainka... Gazta ere bai. «Baserrietan beti eurek lortutako zerbait izaten zuten sari».
Ondoren Gabon sasoia dator. Urdaibai inguruan, Marijesiak kantatzen dituzte aurreko bederatzi egunetan, eta azken egunean eskean irteten dira. Gabon gauez, Urte berri egunez eta Errege egunez ere eskerako ohitura egon da. Gabon aroa bukatuta, inauteriak datoz. Atzetik Santa Ageda. Hala amaitzen zen neguko eske sasoia. «Udan ere egin izan da eskean zenbait tokitan. San Joan eguna edo herriko zaindariaren festak aprobetxatzen zituzten horretarako».
Lehen koplak
Zorion etxe hontako denoi,oles egitera gatoz
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz,
baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi dugu gogoz.
Santa Ageda bezpera dugu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua duguna.
Santa maitea gaur hartu dugu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna