Hori du denborak, dena aldatzen duela. Baita kirola ere; pilota, adibidez. Azken albisteen arabera, garai bateko jainkoek indarra galdu, eta berriak agertu dira lehengoen lekua hartzera. Angelusa errezatzeko eteten ziren garai batean partidak; apustuak berdindu ahal izateko, gero; eta telebistako iragarki tarteak sartu ahal izateko, berriz, orain. Kirolak kirol da oraindik, noski, baina bada besterik ere. Pilotaren historiari begira jarri dira orain Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Pilota Federazioa: Pilotaren Ibilbidea sortu dute horretarako. Hainbat afixa jarri dituzte Nafarroako 39 herritan. Kirolaren historia, pilotari garrantzitsuak eta joko motak aipatzen dituzte. Hori da helburua: pilotari buelta ematea, eta turismorako amu ere izan ote daitekeen ikustea.
Bada zer kontatua, luzea baita pilotaren historia Nafarroan. Lehenagotik ere jokatuko zuten, baina 1331koa da pilotaren inguruko lehen aipamen idatzia. Zangozan ematen du, ordea, Pilotaren Ibilbideak lehen botea. Hangoa da, izan ere, Nafarroan pilota partida bati buruz dauden lehen testuetako bat: 1562koa. Dirudienez, herritarrek kontzejuko saioari boikota egiteko antolatu zituzten pilota partidak, eta alkateak joan behar izan zuen pilotariei pilota hartu, eta partida etetera. Preso hartu zituzten jokalarietako batzuk.
Baina boterea zutenak ere aritu izan dira pilotan; nobleziaren kirola ere izan da. Jakina da, XIV. mendean, adibidez, Nafarroako Luis I.a erregea pilotazalea zela. Eta Erriberriko gazteluan ere bazen pilotaleku bat, XV. mendeko dokumentuetan ageri denez.
Dena ez da koroa, eta sotanapean ere ibili da pilota, maiz. Izan da jainkozalea eta pilotazalea izan den erlijio gizonik Nafarroan, eta XVI. mendekoak dira dauden gisa horretako lehen adibideak. Fiteron, dirudienez, monasterioan aritzen ziren fraideak pilotan, baita handik kanpo ere. Garai hartan fraideengatik jasotako kexak direla-eta jakin daiteke hori.
Herri xehea ere izan da pilotazalea, noski, XVIII. mendetik aurrera, batez ere. Hainbesteraino, ezen Iruñean 1743an debekatu egin zuten kalean pilotan aritzea. Erregearen laguntzaile batek pilotakada bat jaso omen zuen kalean zebilela, nonbait, eta debeku bilakatu zen haren kexa. Debeku nahia esan behar, ordea, agintariek ezin izan baitzuten etenjendearen pilota gosea. Azkenean, 1745ean mugatu egin behar izan zuten debekua: jai santuak ziren bitartean bakarrik debekatu zuten pilotan aritzea.
XIX. mendean hasi zen egun ezagutzen dugun kirolaren itxura hartzen. Orduan hasi zen, hasi ere, pilota pilotalekuetan jokatzen; hormaren aurka. Ordura arte plaza libreetan, kalean eta ahal zen lekuetan aritzen ziren pilotariak. Eta frontoiak hedatzearekin hedatu ziren egun ezagutzen ditugun jokoak. Hala, Nafarroa osoan garrantzi berezia izan duten pilotalekuak ere hartzen ditu kontuan Pilotaren Ibilbideak.
Frontoien garaian, denbora batez, frontoien aurreko garaitik zetorren ohitura bati heldu zioten pilotazaleek Nafarroan: kontatzeko modu zaharrari, hain zuzen ere. Tantoka beharrean, jokoka erabakitzen zuten zeinek irabazi zuen. Egun tenisean egiten den moduan, gutxi gorabehera. Bi tantoz irabazi behar zuten pilotariek jokoa, gutxienez. Nafarren eta gipuzkoarren arteko partidak puntuka kontatzea onartzen zuten, halere.
Magoa lehoiaren aurka
Gero, hedatzen joan zen tantoka kontatzeko ohitura. Eta ez da harritzekoa, 1904an, jokoka kontatuta, Nafarroako lau pilotari hiru orduz jokatzen aritu baitziren, azkenean argirik gabe gelditu eta partida bertan behera utzi behar izana. 1929an ezarri zuten, legez, partidak tantoka jokatu beharra.
Frontoiekin batera heldu ziren esku-huska, pala, zesta-punta eta erremontea Nafarroara. Zaletasun handia izan zen joko horientzat, eta bertakoak izan ziren kirol horren izen handietariko bi: Arroizko Jesus Abrego «erremontearen magoa» eta Berako Joshe Irigoien «Nafarroako lehoia». 20ko hamarkadatik aurrera izan ziren bi pilotari handi horien arteko buruzburukoak. Lehoiaren indarra, magoaren frontoia hartzeko moduaren eta trebetasunaren aurka.
Ez dira horiek bakarrak. Asko dira herrialde horri lotutako pilotari garrantzitsuen izenak, eta haien jaioterrietan egiten du geldialdia Nafarroako Gobernuak prestaturiko Pilotaren ibilbideak. Julian Lajos eskuzko jokalaria gogorarazten du Larraintzarren jarritako afixak. Juan Ignacio Retegi I.a eta Julian Retegi II.a dakartza gogora Eratsunen dagoenak, Olaizola anaiak Goizuetakoak, Juan Martinez de Irujo Iberon dagoenak...
Iraganeko izenak eta gaur egungoak, Angelusaren edo iragarkien etenak gora behera, pilotaren historiak Nafarroaneten sakonik izan ez duen seinale.
EZARIAN. PILOTA NAFARROAN. Pilotari buelta
Pilotaren Ibilbidea izeneko ekimena jarri dute abian Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Pilota Federazioak, kirol honek Nafarroan izan duen historia ezagutarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu