Batzuk gizakiak ikusitakoak, beste batzuk ez, izan dira sumendi erupzio hilgarriagoak, baina suntsitzaileenak, handienak, hauek izan dira:
Deccan goi ordokia
Milioi eta erdi kilometro koadroko eremua hartzen dute laba geruzek India mendebaldean, eta Deccango goi ordokia osatzen dute. Orain 67-63 milioi urte erupzio bolkaniko itzelak izan ziren han. Zenbaiten ustez, haiengatik galdu ziren agian dinosauroak.
Yellowstone
Munduko parke natural ezagunaren azpian edozein unetan eztanda egin dezakeen sumendi handi-handi bat dagoela diote, geyser-ak haren lekuko.600.000 urtean behin egiten omen du eztanda. Eta orain 640.000 urte izan zuen azken erupzioa. AEBetako Behatoki Geologikoaren arabera, 1.000 kilometro kubo material jaurti zituen airera.
Thera
Ez dakite zehazki zein urtetan izan zen, baina K.a. 1645. eta 1500. urteen artean gertatu omen zen, Egeo itsasoan, Santorini uhartean. Segundo batean Therak ehunka bonba atomikoren indarrarekin egin zuen eztanda. Tsunamiak eragin zituen, baita klima aldatu ere, atmosfera sufre dioxidoz bete zuen eta. Hango biztanleak zibilizazio minostarraren parte zirela uste da.
Vesuvio mendia
79. urtean jazo zen Vesuvioren erupzio ezagunena, eta Ponpeia eta Herkulano hiriak suntsitu zituen. Munduko sumendi arriskutsuena dela diote gaur egun, haren magalean -Italiako Napoli hiriaren ekialdean- hiru milioi lagun bizi baitira.
Laki
Islandiako sumendi honen erupzio ezagunenetako bat 1783koa izan zen. Munduko kliman eragin zuen, baina kalte handiena Islandian bertan eragin zuen, hazi eta ganaduak hondatu eta uharteko bost biztanletik bat gosez hil zen.
Tambora
Indonesiako Sumbawa uharteko sumendi hau oraindik aktibo dago. 1815. urteko Tamboraren erupzioa 2.000 kilometrora ere entzun zen eta gizakiak ezagututako eztanda handienetako bat izan zen. Zenbait iturriren arabera, 92.000 hildako eragin zituen; beste sailkapen batzuetan, hildako kopurua 71.000 lagunekoa izan zen.
Krakatoa
1883an izan zuen azken erupzioa Krakatoak, Indonesian bertan.Hango uhartea erabat suntsituta gelditu zen eztanda pila batekin. Milaka kilometrora entzun zen, eta erupzioaren ondorioz sortutako tsunamiko olatuak 40 metrokoak ere izan ziren. 34.000 lagun hil ziren.
Novarupta
1912ko haren erupzioa XX. mendeko handiena izan zen. Alaskan 7.800 kilometro koadroko eremua estali zuen Novaruptak magma eta errautsekin.
St. Helens mendia
Seattletik (AEB) 150 kilometrora dago St. Helens mendia. 1980ko maiatzean gertatutako erupzio batek 57 lagun hil zituen eta hondamena eragin hamarnaka kilometroko inguruan. 2004an ere eztanda egin zuen.
Pinatubo
Filipinetako sumendiak 1991n izandako erupzioak 500 lagunetik gora hil zituen. Eztandarekin 35 kilometroko altuera iritsi zuen errautsezko ke adar bat sortu zuen.
EZARIAN. SUMENDIAK. Erupzio suntsitzaileenak
Plaka tektonikoen mugimenduaren ondorioetako bat dira sumendien erupzioak. Historian zehar, milioika urteetan, lurrazala bera ere itxuraldatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu