EZARIAN. Trebiñuko altxorrak

Eskualdea ezagutarazteko asmoarekin bederatzi ihesaldi proposatzen ditugu jarraian; izan ere, Gasteiztik kilometro gutxira egon arren, oraindik deskubritzeke dugun paisaia interesgarria da. Trebiñuko bederatzi esplorazio txiki, beraz, enklabeak arretaz ezkutatzen duen altxorra geureganatzeko xedez.

Josean Gil-Garcia.
2009ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Trebiñuko konderria edo enklabeadago Gasteizko mendiek osatzen duten lerro luzearen hegoaldean; muga naturala egiten dute Arabako Mendialdeko eta ibarretako eskualdeek,hego-ekialdeko eremu osoa hartuta. Datu ofizialen arabera, 47 herrixkak daude Ayuda ibaia jauzkariak jorratutako ibar leunean.

1. Saseta-Okina arroila

Enklabeko ipar-ekialdean dago, eta, akaso, denetan ezagunena da paisai hori. Gasteiz mendietan dago Kapildui, eta mendi hartako ipar-mendebaldeko mazeletan jaiotzen da Ayuda ibaia; Izartza eta Okina herrixkak zeharkatu eta gero, edertasun handiko arroila dago Trebiñu aldera abiatuta. Sasetako herriko plazan, iparralderantz joango gara, eta, errekan gora ibili-ibilian, Okinaraino segituko dugu. Errekaren kontrako bidean jarraituz gero, Rodavieja ur-jauzia ikus dezakegu.

2. San Formerioko gotorlekua

Trebiñuko patroia goresteko,ezinbestekoa da San Formerio eliza gotorlekura igotzea. Lacervilla, Estavillo, Morgas eta Pangua gailurreraino ohiko abiapuntuak badira ere, Panguakoa aukeratu dugu oraingoan. Eliza aurrean, ezkerreko kaletik segi, eta, San Estebanera doan errepidea bazter eginda, hilerri ondora igoko gara, bertan hasten baita goraino lagunduko digun errepidea. Tontorretik irekitzen den panorama itzela baita, orientazio mahai bat jarri dute oraintsu inguruko talaiak eta herrixkak bereizten laguntzeko.

3. Moraza erraldoia

Tontorrik garaiena Moraza herri gainean dago, eta Payos esaten badiote ere, Moraza toponimoa dakar zerrenda ofizialak. Morazako plazan garela, ezkerrera egingo dugu, eta, azken eraikinera iristean, eskuinera joko ur biltegira igotzeko. Haren ezkerretik doan pistari jarraituko diogu gero. Igoera xumea egin ondoren, ibar batera iritsita, maldan gora abiatzen den xendari jarraituko diogu pago eder baten ondora iritsi arte. Gora eta gora egingo dugu segituan, xendatik aldendu gabe. Morazako tontorra laster ikusiko dugu, sakonuneaz bestaldean. Harrizko gandor txiki bati jarraituta, tontorreko erpin geodesikora iritsiko gara amen batean.

4.Otxate herri hustua

Luze eta zabal hitz egin da Otxateri buruz azken urteotan. Tamalez, beste mundu batekiko lotura ikuskarazi nahi izan digute aditu askok. Gure gabeziak eta kezkak samurtzeko asmoarekin, akaso. Oso gutxitan, berriz, herri hustuari darion xarma eta paisaia ederra goraipatzeko. Izan ere, Otxatera oinez joan behar dugu 360º graduko ikuspegi galant batez ederki gozatzeko.

Imiruriko eliza atzean utzi eta berehala, eskuinetik jo, eta plaza batera iritsiko gara. Armarridun etxeren bat edo beste ikusiko dugu han, baita zirkulazio seinale herdoildu bat ere. Seinalearen atzetik segituko dugu orduan. Iturri baten ondotik igaro eta gero, ipar-ekialderantz zuzenaraziko gaitu pista batek, eta pabiloi batera hurbilduko gara. Otxatera joateko, ezinbestekoa da San Pedro deritzan muinoa zeharkatzea. Hortaz, bide zabala baztertuko dugu pabiloian, eta, astiro-astiro, igoera xumeari ekingo diogu. Herri hustuaren hondarrak begi bistan izango ditugu San Pedro muinotik. Talaia horretan, ikuspegi galanta ez ezik,hainbat hilobi ere ikus ditzakegu, 80ko hamarkadan Agiluko nekazari batek ezagutarazi zituen harrian irekitakoak. Gero, desnibela apenas galdu gabe, Otxatera iritsiko gara; hots, Burialde errekaren ur emari eskasa zeharkatu bezain agudo.

5. Lañuko haitzulo artifizialak

Ehunetik gora haitzulo artifizial daude sakabanatuta Araban. Lañuko ondare aberatsa ezagutaraztearen karietara, balizatu berri den bidexka bat baliatuko dugu oraingoan. Lañuko eliza aurreko plazatxoan emango diogu hasiera ibilbideari. Iturriari begira, eskuinetik hartuko dugu beherantz doan porlanezko kalea. Santorkariako haitzuloetara doan bidea da. Hilerrira iristean, ezkerrera jo eta zuzen egingo dugu harik eta errepidera irten arte. Egurrezko zubitxo batek erakutsiko digu aurrerago haitzuloetara doan bidexka.

6. Obekuriko pagadiak

Obekuri herri inguruan dauden pagadiak deskubritze aldera, Errotarana ibarrera jaisten den bidea ezagutzea proposatzen dugu orain. Obekuriko elizaren atari aurrean, eskuinera egin, eta, adreiluzko eraikin baten aurrera iristean, basoan sartu, eta eskuinetik joko dugu erkametzen eta pagoen artean. Barrera bat eskuinean utzita, garaiera galdu gabe segituko dugu; izan ere, bide nagusitik aldentzeke Rotaranako ibarrera jaisteko aukera dago. Pagadian zeharreko paseo gozoaren ostean, ibarraren hondoan izango gara, hots, harrizko zubi txiki baten alboan.

7. Duesoko San Andres baseliza

Dordoniz herriko plazatik errepidera atera, eta, asfaltoa lagun, jaisten hasiko gara. Lehen bihurgunean, eskuinera jo, eta landa bide bati ekingo diogu. Eskuinetik ikusiko dugun bigarren bidea hartuko dugu gero; hots, errekasto bat zeharkatu ondoren ikusitako pista zabaletik. Ibarrean gora eginda, erromanikoa den Duesoko San Andres baselizara iritsiko gara. Gerardo Lopez de Gereñu ikerlariak dioenez, Trebiñuko Konderrian XIII. mendean aipatzen den Doso herrixkari dagokion eliza da.

8. Kutxu herri aparta

Azken 25 urteotan eginiko arkitektura lan bikaina ikus daiteke Kutxun. Plaza zabaletik kale estuak luzatzen dira bide guztietan, eta plazer handia da bazterrik bazter ibiltzea. Ederrak, egurrezko armazoia eta adreilu gorrixkak dituzten etxetzarrak! Herrigunearen gain-gainean ezinbesteko bisita: herriko hilerria dotorea da, eta behialako baseliza baten egitura erakusten du.

9. Billa-Okako bideak

Billa-Okako eliza eskuinaldean utzita, herrian sartu, eta edanlekura iristean 90º-ko bira egingo dugu eskuinera Fabrika errekastoaren ondoan segitzeko. Santiago Bideko seinaleak lagun, zuzen hartuko dugu, eta, porlanezko zubi bat igarota, eskuinera egin, eta artadirantz abiatuko gara. Basoarekin bat egitean, harritsutik segituko dugu. Habe elektrikoan, zuzen egin, eta Tejera izeneko lepora igoko gara. Argantzungo dorretzarretik datorren bidea eskuinaldetik batuko zaigu. Santiago bideak, ordea, Subilla Gasteiz aldera jaisten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.