Neguan gaude, elurrak zuriz estali ditu mendiak eta pare bat aldiz elurra itsasbazterreraino jaitsi da. Urte sasoi honetan ez da harritzekoa izango, berriro, antzeko zerbait ikustea. Hotza ere egin du. Euskal Herriko bazter gehienetan zeropetik egon dira termometroak. Etxetik begiratuta, ordea, gure noizbehinkako hotza epela da, badaude munduan urtean sei hilabetez elurra, izotza eta hotza eguneroko bihurtzen diren toki asko. Kanada iparraldeko Yukon eta aldamenean dagoen AEBetako Alaska, adibidez... Eta, gezurra badirudi ere, horrelako lurraldeak erakargarriak egiten zaizkigu gutako askori. Zergatik da lurralde hura erakargarria?
XIX. mendeko azken urteetan milaka lagunentzat urrea izan zen haraino joateko arrazoia. XXI. mende hasieran garai hartako argazki bat izan da hemengo sei lagun hara joateko aitzakia. Guretzat irudi bat zen, baina izan zitekeen ibai baten izena, Klondike, esaterako; edo idazle baten izena, Jack London, adibidez... edo zenbaki soil bat, 1898!
Urre ehiza asko izan dira historian zehar, Australian, Kalifornian, Amazonian, Hegoafrikan, eta baita gurean ere. Far Westeko Euskal Herria liburuan Asun Garikano idazle tolosarrak ederki kontatzen ditu itsasoz bestaldeko urrearen istorioak. BERRIAko orrialdeotan Iñaki Egaña historialari donostiarrak hemengo metal preziatuaren pasadizoekin artikulu bitxia argitaratu zuen duela hilabete pasatxo.
Joan den abuztuaren amaieran, 1898an 30.000 lagunek -batzuek 60.000 diote- egindako bideari ekin genion guk. Lehen astean Chilkoot Trail esaten dioten ibilbidea oinez egin eta Whitehorse izeneko herrira iritsi ginen, eta hurrengo bi asteetan herri hartan bertan kanoa pare bat alokatu eta Yukon ibaiari jarraitu genion, Dawson Cityra heldu arte. Oinezko partean, euria zela eta, ia egunero busti ginen; arraunekoan, berriz, lehor mantendu ginen. Hobe horrela, Yukon ibaiaren urak urte erdian izoztuta eta beste erdian oso hotzak egoten baitira, hotzegiak irauli eta luzaro uretan irauteko.
Chilkoot bidea
Skagway herria Alaskako hego kostaldean dago. Jendez eta kargaz betetako itsasontzietan iristen ziren haraino urre ehizak jotako gaixoak eta gizagaixoak. Eta lehorreratu bezain laster, 1.000 kiloko bagajea antolatu behar zuten Kanada aldera pasatzeko. Arazorik ez zen falta: eguraldi zakarra, erliebe gogorra, gosea, elkarbizitza... Gainera, haietako asko eta asko inoiz horrelako baldintzetan zaildu gabeak ziren, eta bizpahiru hilabete pasatzen zuten aldiko 30 kiloko zama bizkarrean hartuta, gora, eta hurrengoaren bila, behera eginez, aurrera eta atzera, behin eta berriro. Zaldiak, mandoak, behiak, zakurrak, ahuntzak, elur oreinak, denetarik baliatu zuten garraio lanak errazteko.
Chilkoot Pass mendatea aireko kable bidez hornitu zuten, ataka zail hura gainditze aldera. Aberasteko ametsa garesti ordaindu zuten hasieratik. White Pass mendatea, berriz, etzanagoa eta luzeagoa da, eta hura aukeratu zuten garaiko enpresari batzuek trenbidea eraikitzeko. Lanak 1898an hasi ziren, eta 1900. urtean amaitu, baina ordurako, handik 1.000 kilometrora, Klondike, Bonanza, Eldorado eta inguruko ibaietan, urre ehizaren gainbehera hasia zen. Gutxi batzuek asko topatu zuten, eta gehienek oso gutxi, edo ezer ez. Trena eraiki zutenerako, joan zirenen erdiak bueltatu nahian zebiltzan.
Egun, Chilkoot bidea Ipar Amerika osoko trekking ezagunenetako bat da. AEBetan hasten da eta Kanadan amaitzen. 52 kilometroko ibilbidea da guztira, eta ondo markatua dago. Baina batez ere ondo arautua: eguneko, gehienez, 50 mendizale ibil daitezke bidean; 35 euro ordaindu behar da pertsonako; lau edo bost egunean egitea gomendatzen dute; leku jakinetan kanpatu behar da; komun bereziak erabili, arropa eta oinetako egokiak jantzi, elurrolde arriskuak saihestu, animalia basatien ohiturak errespetatu eta, batez ere, kontu handiz ibiltzeko gomendioak ematen dituzte! Arriskuak zure gain hartzearekin batera, erreskateak 2.000 dolarreko kostua duela abisaturik zaude!
Ikusgarria da bidea, ederra esperientzia, eta pauso bat aurrera egiten duzun aldiro buruak 100 urte egiten du atzera. Kolore biziko inguru zoragarritik zuri-beltzezko argazki zaharren garaira itzultzen zara.
Kanoaz, 700 kilometro
Benett izeneko laku bazterrak ontziola bihurtu zituzten; jende uholde hark guztiak milaka ontzi eraiki behar izan zituen Yukon ibaian behera udaberriarekin batera abiatzeko. Zailtasunak amaitu zirela pentsatzen bazuen norbaitek, berehala konturatuko zen oker zebilela. Handik aurrerako bidea negu luzeko izotz horma puskatzearekin batera hasten zen urrearekin itsututako ameslari haientzat. Bide likidoa askok uste zuten baino gogorragoa zen ordea: laku haizetsuak, ur biziak, ezkutuko harriak , zurrunbilo bihurriak, irla arteko labirinto zailak... Guk dena errazagoa izan dugu: antolaketa, materiala eta informazioa erosi edo aloka daiteke. Paisaia doakoa da eta gogoa saltzeko beste daukagu.
Yukon ibaiak egoskorra dirudi: itsasotik 40 km-ra jaiotzen da, baina 3.000 km-ko bidea egiten du Bering itsasarteraino. Gu ez gara hainbeste tematuko. Whitehorsek (20.000 biztanle), Yukongo hiriburuak, era guztietako zerbitzuak ditu, eta egun osoa pasa dugu han prestaketa lanetan. Hurrengo bi asteetan ustez beharko duguna eskuratu behar da. 300 km-ra dago Carmacks herria, baina han gauza gutxi dago, eta dagoena garesti topatuko dugu.
Sei lagun gara -lau gizonezko eta bi emakumezko-, hiru kanoatan bina edo bi kanoatan hiruna joan erabakitzea erraza izan da. Autonomia osoa izango dugunez, bi ontzi orekatu gobernatzea eta elkarren artean laguntzea egokiagoa iruditu zaigu. Eta lau gipuzkoar eta bi galiziar banatzeko hainbat konbinazio posible egon arren, hori ere azkar adostu dugu. Hasierako txisteek umorea neurtzeko balio izaten dute, baina batez ere tentsioak uxatzeko.
Janaria, arropa, sukalde txikia, erregaia, dendak, lo zakuak... traste askotxo txukun-txukun bidoi eta poltsa estankoetan sartzeko. Kanpoan lotuta: aizkora, zerra, pala, soka, olana, arrauna... eta buruan solte: kezkak, ilusioak, beldurrak, oroitzapenak... Abuztuko azken egunean eman ditugu lehen arraunkadak, agian berandu. Uda izan arren, udazkena ate-joka dator, eta neguak hemen ez dio egutegiari begiratzen.
Ur-lasterra alde dugula, erraz egiten ditugu kilometroak, eta agudo pasatzen dira orduak. Orduko 10 km egitera iristen gara askorik nekatu gabe: guk arraunean bost kilometro egin ditzakegu denbora horretan, baina uraren indarrak beste bost eramaten gaitu ibaian behera. Urtarrileko beherapenetan bezala, 2 x 1. Eta ezker-eskuin dauden erakusleihoak ere tentazioz beteta daude: koniferoak berde-berde ageri dira, zuhaitz hostozabalak horitzen ari dira, eta aste gutxi barru gorritzen hasiko dira. Jack Londonen nobeletan irudikatzen genituen paisaiak bere horretan dirau.
Zazpi orduko jardunean, ezustekorik gabe, asko aurreratzen dugula jakiteak lasaitu egiten gaitu. Bigarren egunean, Laberge aintzira arriskutsua hegotik iparrera gurutzatu dugu. Fisikoki egunik gogorrena izan da: 10 ordu 50 km egiteko. Baina haize bolada indartsurik ez dugu izan, eta atseden ederra hartu dugu gaua pasa dugun hondartzan.
Itsasoan ohitutako Markox, Pasai Donibanekoa, kanoa baten lemazain doa; Myriam tolosarra eta Pablo basozain galiziarra harekin dira. Beste kanoan ni, lehorrekoa, popan, Maider zarauztarra erdian eta Alvariño biologo galiziarra brankan. Ontzi bakoitzean mapa bana dugu, erabakiak azkar hartu behar dira; nondik joan, norantz egin edo non gelditu segundo gutxitan jakinarazi behar da. Ur-lasterrak laguntzen du, baina maniobrak ere zailtzen ditu. Yukon ibaiaren jaitsiera Carmacks herrixkaraino egiten du jende askok, hortik aurrera jarraitzea erabakitzen duenak badaki zer topatuko duen: Five Fingers inguruko parajea, ikusgarria bezain arriskutsua. Bost hatz izeneko ur-lasterren igarobidea. Five Fingers hori mamu antzeko zerbait da, galarazi ez, baina loa arintzen duen esaldi laburra. Eskuineko kanalaren erditik hartu behar dela diote gida guztiek, guk ere horrelaxe egin dugu, eta ondo joan zaigu. Ibaia baldintza onetan zegoen, eta geu mentalizatuta geunden. Lehenengo eta bigarren arroka artetik primeran pasatu gara.
Zoologiko baten ateak ireki dituztela dirudi: izokinak uretan, arranoak arrantzan, kurrilo bandak hegan, hartzak zelatan, otsoak ihesi, altzeak elikatzen... Denetarik ikusi dugu, askotan nahi baino hartz arrasto gehiago dendak muntatzeko lekuan. Argi ibili beharra dago janari usainekin: hartzak usaimen oneko animaliak izateaz gain, orojaleak dira, eta urtero izaten da sustoren bat. Guk ez daukagu armarik, eta aldean eramateko gomendatu diguten esprai berezi hori ez genuke hartz baten aurrean probatu nahi. Premia larrian gertatuz gero, 200 kiloko animalia bati espraia hustu eta, nork jakin, agian izutu ordez, eztula eta haserrea eragingo lioke.
Dowson City jomuga
Hootalinqua, Big Salmon Village, Selkirk Rock, Colunbia Slough, Five Fingers, Rink Rapids, Merrit Island, Tatchun Creek, Big Horn Crossing, Minto, Hell's Gate, Three Way Channel, Twin Falls, Halfway Woodcamp, White River, Dead Man Shore... mapetan azaldu diren dozenaka toponimo begiz identifikatu ditugu. Hango indigenek erabilitako leku izenak dira batzuk, ondorengoek jarritakoak besteak. Eta hamargarren egunean Dawson Cityra ailegatu gara. Pozez lehorreratu, eta denbora aprobetxatzeari ekin diogu. Hiru egunez, hiriko museo, denda, saloi, kale, taberna eta inguruak bisitatu ditugu, topa litezkeen pertsonaia xelebreenak ezagutzeko parada izan dugu, eta une batez, 1898. urtetik gaurdaino gauzak gutxi aldatu direla iruditu zaigu. Bizimodua asko aldatuko da 100 urtean han, eta guri 10 egunean bizitza ulertzeko modua pixka bat ere bai.
Irailaren erdi aldera amaitu dugu gure urre ehiza partikularra. Paisaiak urre kolorea hartu duenean iritsi zaigu etxeratzeko eguna. Krisi garaia delako edo, munduko merkatuetan inoiz baino garestiago dago urrea; ontza bat ia mila dolar (kilo batek 23.000 euro) pagatzen da, balio du, kotizatzen da... Yukonen egunotako -50&fraq14;C-etan, baina, sutara bota eta urreak ez du batere berotzen; horretarako, inguruko basoko egurrak hobea izaten jarraitzen du.
EZARIAN. URRE BILATZAILEAK IPAR AMERIKAN. Urrearen peskizan, Yukon ibaia kanoaz
XIX. mendeko azken urteetan, milaka eta milaka izan ziren urre ehizak erakarrita Yukon jomuga izan zuten lagunak; XXI. mendearen hastapenetan, orduko argazki bat izan du hara joateko akuilu sei laguneko taldeak. Haien bizipenak dira ondorengoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu