EZARIAN. ZIENTZIA. 50 milioi urte 'izoztuta'

700 espezimenetik gora topatu dituzte anbar zati batean, India oraindik Asiatik bereizita zegoen garaikoak. Inurri, erle eta abarrak osorik gorde dira.

Irune Lasa.
Donostia
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
India oraindik irla bat zen eta 15-25 zentimetro mugitzen zen urtero Asiarekin talka egiteko bidean. Orain 50 milioi urte, dena den, kontinentearen eta azpikontinente bihurtuko zenaren artean hainbat irla izango ziren. Hori erakusten du, adituen ustez, India ipar-mendebaldeko Cambay eskualdean topatutako anbar jalkin handi batek: anbar horretan topatutako intsektu eta armiarmen oso antzekoak jada ba omen ziren Asian.

Aurkikuntza garrantzitsua da aste honetan aurkeztu dutena. Izan ere, orain arteko anbar jalkin handiena zen Baltikokoa baino handiagoa delako Indiakoa, eta gainera, oraindik eremu berean, ikatz mea batean, anbar zati handiagoak topatzea espero dutelako. Fosilizatutako erretxina zatien kopuruaz gain, hain barnean topatu dituzte espezimenen kalitatea ere ohiz kanpokoa da.

Anbarean harrapatutako elementuak, zuhaitzak jariatutako erretxinaren ezaugarri antiseptikoei esker, bakterio eta onddoetatik babestuta gelditzen dira. Hori bai, Baltikoko anbaretan aurkitu daitezkeen intsektuetatik azala soilik gorde da, zati leunak disolbatu egin direlako. Aldiz, Cambayko Anbarean, bere hartan, oso-osorik gorde dira intsektuak. Inurriak, erleak, armiarmak, akainak... Guztira orain 50 milioi urte harrapatutagelditutako 700 espezimen topatu dituzte oraingoz.

Gurean ere, Araban, bada anbar jalkin ezagun bat, Urizaharran, orain 120 milioi urte inguru eratu zena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.