Giuseppe Cocconik eta Philip Morrisonek, orain 50 urte, 1959ko irailean, artikulu tekniko bat argitaratu zuten Nature aldizkarian: Seharching for Interstellar Communication. Artikulu horrekgerora SETI proiektua (Search for ExtraTerrestrial Intelligence) bilakatuko zenari bide eman zion.
Espazioaren aroa abian zela, bi ikerlariek pentsatu zuten irratiastronomiak ahalbidetu zezakeela eguzki sistematik haratago zibilizazio adimentsuen seinaleak detektatzea. Artikuluan zein frekuentzia behatu behar zen gogoetatzen zuten. Unibertsoan elementurik arruntena hidrogenoa da, eta hidrogenoak frekuentzia elektromagnetikoak 1.420 megahertzetan emititzen ditu. Hori aintzat hartuta, ikerlariek pentsatu zuten Lurretik kanpoko zilbilizazioek frekuentzia hori erabiliko zutela euren izatearen berri emateko gainerako zibilizazioei.
Ordurako Frank Drakek urte erdi zeraman Lurretik kanpoko seinaleen bila AEBetako Irratiastronomiako Behatokian. Bere kabuz, Cocconi eta Morrisonen ondorio berera iritsi zen Drake, eta bilaketa hidrogeno atomoen frekuentzian egiten zuen. Hasiera batean, Drake bilakuntza sekretua zen, beharbada Behatokiko arduradunei lotsa ematen zielako estralurtarren bila aritzea. Baina Nature aldizkariko artikuluarekin gauzak aldatu egin ziren, eta Behatokiko zuzendari Otto Struvek proiektu ofizial bat hastea erabaki zuen. 1960an jaio zen SETI proiektua, Behatokian bilaketari buruzko konferentzia bat egin zenean.
Finantzaketa bila
AEBetako Gobernuak SETIren lehen proiektuak diruz lagundu bazituen ere, une jakin batetik aurrera iturri pribatuetatik etorri da Lurretik kanpoko zibilizazioien seinaleak bilatzeko proiektuen finantzaketa. Une honetan bere proiektuetako batentzat dirua lortzeko arazoak ditu SETIk: martxan jarri berri du, Berkeley Kaliforniako Unibertsitatearekin batera ATA (Allen Telescope Array) teleskopio multzoa. Hat Creek-en dago, Kalifornia iparraldean, 2007tik operatibo daude 42 irratiteleskopio. Asmoa, ordea, 350 teleskopioko sarea osatzea zen. Une honetan, teleskopioak bikoizteko, 84 izateko, dirua eskatuta dauka SETIk AEBetako Zientziarako Fundazioan.
Zer ekar dezake ATAk berririk?Joan den maiatzean ATA gure galaxiaren erdigunea arakatzen hasi zen, Lurretik kanpoko seinaleen bila. Orain arte SETIko proiektuetan lortutakoa baino askoz azkarrago arakatzen du zerua ATAk. Adibidez, Mountain View-n (Kalifornia) Phoenix proiektuan egindako behaketetan -2004an amaitu zen- hamarkada bat behar izan zuten 800 izar frekuentzia estuko tartean frogatzeko. ATAk hamarkada gutxitan milioi bat izar aztertzeko aukera emango die ikerlariei.
Arecibo ezagunean bertan ere, Phoenix proiekturako urtean sei aste soilik zituzten SETIkoek, hiru udaberrian eta beste hainbeste udazkenean. Behaketak gainera gauez egin behar ziren. Horrek esan nahi du, 1998tik 2004ra arte soilik ehun eguneko behaketak egin zirela Arecibon Phoenix proiektuarentzat.
ATAko lehen 42 teleskopioa jartzeko dirua AEBetako Zientzia Fundaziotik etorri bazen ere, behatokiko operazio kostuak AEBetako aireko armadak ordaintzen ditu, 1,5 milioi urtean. Allen Fundazioak ere sei milioi dolar eman ditu 2006tik. Gauzak horrela, irratiteleskopioen denbora hiru zati berdinetan banatzen da. Aireko armadak sateliteak eta espazioko zaborra arakatzeko erabiltzen du. SETIk Lurretik kanpoko zibilizazioen seinaleak bilatzeko eta gainerako denbora erradioastronomiarako erabiltzen da, izarrak, supernobak, gamma izpiak eta halakoak ikertzeko.
Norberaren ordenagailua ere seinale estralurtarren bila aritu daiteke
SETI izan zen lehenetakoa konputazio partekatuaren ideia erabiltzen eta hedatzen. Bere proiektu guztietan jasotako irrati seinaleak aztertu nahi bazituen, ahalik eta ordenagailu gehien izan behar zituzten lanean, eta lana boluntarioen etxeko ordenagailuetara zabaltzea otu zitzaien. 1999an abiatutako SETI@home sistemarekin, erabiltzaileak pantaila babesle berezi bat instalatzen zuen bere ordenagailuan. Internetera konektatzerakoan pantaila babesleak datuak jasotzen zituen; gero, erabiltzaileak utzitako denbora librean ordenagailuak datuak prozesatzen zituen. Gaur egun Boinc (Berkeley Open Infrastructure for Network Computing) plataformako azpiegituraren gainean egiten dira SETI@homeko operazioak. Bada Euskal Herriko SETI taldea ere. 1999tik 5,2 milioi lagunek hartu dute parte SETI@homen.1977. urtean seinale misteriotsu bat detektatu zuen The Big Ear irratiteleskopioak. Ez da argitu haren iturria, eta hipotesien artean, ez da erabat baztertu seinalea Lurretik kanpoko zibilizazio batek igortzea.
6EQUJ5, 'Wow!' seinalea
I. L.Honezkero, zaila izango da oso misterioa argitzea, 30 urte geroago ez da argitu eta. Ezaguna izanagatik Wow! seinaleak imajinazioa zirikatzen jarraitzen du. 1977an Ohioko Unibertsitateko The Big Ear (Belarri handia) irratiteleskopioan egiten zuen lan Jerry Ehmanek, SETIren proiektu batean. Entzuten daudenean, irratiteleskopioek beti atzeko zarata bat jasotzen dute, Mikrouhinen Hondo Kosmikoa dela eta -Big-Bang eztandaren oihartzuna omen-. Zarata horren intentsitatea ez da konstantea izaten, baina hor dago beti. Egiazko igorpenak atzeko zarata horretatik bereizi ahal izateko, azken horren patroia ezagutzea zen SETIren helburua Ohion. Eta Big Earren txostenetan behin eta berriz intentsitate gutxiko zarata hori adierazten zuten zenbaki eta letren sail amaigabeak ikustera kondenatuta zegoen Ehman; 1977ko abuztuaren 15eko gauean, Big Earrek Sagitario konstelaziotik ohikoa baino 30 aldiz intentsitate handiagoa zuen emisio bat hartu zuen arte. Intentsitate hori adierazten zuten zenbakiak txostenean ikusi zituenean, harridurazko Wow! (Oi!) idatzi zuen.
Seinaleak 72 segundo soilik iraun zuen, irratiteleskopioa finkoa zelako: Lurraren errotazioa erabiltzen zuen. Nondik zetorren seinalea? Satelite artifizial batena izan zitekeen, baina haiek debekatuta dute 1,4GHzeko banda erabiltzea. Teleskopioaren akatsa? Haren historian ez zen beste halako arazorik izan. Espazioko jazoeraren bat? Zaila, frekuentzia jakin batzuetan bakarrik detektatu zelako. Planeta edo asteroideren bat? Ez zen igaro halakorik seinalearen iturri gunetik. Lurreko emisio bat, satelite edo espazioko zaborrean errebotatzen? Edo, Lurretik kanpoko zibilizazio baten igorgailu bat izan zen? Ez da halakorik berriz jaso orain artean.
SETIk ere erabiltzen duen Puerto Ricoko irratiteleskopiotik bidali zen lehen irrati seinalea propio Lurretik kanpoko zibilizazioentzat zen mezuarekin.
Areciboko mezua
I. Lasa.Areciboko irratiteleskopioan jarri berri zuten radar igorlearen boterea erakustea zuen helburu. Alegia,kanpoko zibilizazioei dei eginez Lurretik igorritako lehen irrati mezua sinbolikoa izan zela erabat. Baina 1974ko azaroaren 16an, Puerto Ricoko txoko hartan egindako ekitaldian mezua igortzeko unea iritsi zenean, hura audio bihurtuta entzun zuten bisitariek, eta haietatik asko, hunkituta, teleskopiora begira jarri ziren.
Batzuk zirraratuta, beste batzuk beldurtuta, egun haietan izan baitzen mezua bidaltzearekin kontra agertu zenik, estralurtar erasotzaileak erakar zitzakeelako.
Zaila da, baina, Lurretik kanpoko zibilizazioren batek Areciboko mezua jasotzea, irratiteleskopioa kudeatzen duen Cornell Unibertsitatetik ongi azaldu zuten bezala. Hasteko, behin bakarrik igorri zen mezua, hiru minutu inguruko periodo batean. Messier 13 mulkoa gisa ezagutzen den 300.000 izarreko talde batera zuzendu zuten mezua igortzeko izpimehea. Eta izar mulko hori gure galaxiatik 25.000 argi urtera dago, 236.518 bilioi kilometrora. Irrati mezuak, argiaren abiaduran mugitzen, distantzia horren milaren bat soilik egin du orain arte. 51974. urtean iritsiko litzateke izar mulkora. Badaude horiek baino gertuago ditugun izarrak, baina ez daude mezuaren ibilbidean.
Gainera, mezua iristerako dagoeneko izar mulkoa ez da han izango, galaxiaren errotazioarengatik bidetik at geldituko baitira. Dena den, mezua jasotzeko norbait badago han, gure eguzkiak igortzen dituen irrati seinaleak baino 10 milioi aldiz intentsitate handiagoa duten seinalea jasoko dute. Berariaz Lurretik kanpoko zibilizazioei dei eginaz egindako lehen igorpena izan zen Arecibokoa, baina orduz geroztik beste hainbat egin dira, eta zientzialari errusiarrenak izan dira horietako batzuk. Dena den, halako radarrek egindako seinale arruntetako asko espazioan mugitzen doaz, eta norbaitek haiek detektatuko balitu, adimen batek sortutakoak direla ondorioztatuko luke.
Mezuak bildatzeko ez, Lurretik kanpoko mezuak arakatzeko erabiltzen da Areciboko irratiteleskopioa, bere egiteko nagusia eguzki sistemaren ezagutza zabaltzea bada ere.