Duela egun gutxi, Haiti txiro eta jendetsuan egondako lurrikarak izugarrizko sarraskia eragin du. Baina, harritzen bagaitu ere, lurrikarak ez dira fenomeno arraro eta ez ohikoak, justu aurkakoa, etengabe ari baitira gertatzen. Lurra bizirik dago, barnealdea oso bero du eta bigun samar dago eta mugitzen ari da etengabe. Honen gaineko lurrazala zurruna da eta flotatzen duten plaketan zatiturik dago. Plakak elkarren kontra jo, igurtzi edo elkarrengandik banatzen dira. Igurtzimendua eta talkak etengabeak izan beharrean, kolpeka ematen dira, lubrifikazioa eskasa baita. Horrela sortzen dira seismoak eta plaka batzuen artean oso maiztasun handiarekin gertatzen dira, ia egunero. Gehienak txikiak izaten dira eta ez nabaritzeko modukoak baina noizean behin oso indartsuak izatera iristen dira. Indartsu horiek inor bizi ez den eskualdean edo oso sakonera handietan gertatuz gero, ezer gutxi pasatzen da. Ibairen batek alda dezake ibilbidea, luiziak egon daitezke, glaziarren bat amildu eta antzekoak, baina gizakiontzat hondamendi handirik ez. Haiti Karibeko plakaren iparraldeko ertzean dago eta bertan igurtzimendua ematen da Ipar Amerikako plakarekin. Horrek azaltzen du lurrikara baina ez du azaltzen hondamendia, azken honek ezer gutxi baitu Natura berarekin.
Egia esan, maiz hausnarketatik egiten ez badugu ere, gizakion historiaren hainbat gertaeren eta hauen ondorioen atzean Naturaren jarduna, katastrofikoa ala ez, egon da. Adibidez, klima dugu eragile indartsu gisa eta honen ezaugarriek eta aldaketek sakonki lagundu dute gizakia beraren sorreran eta gizarteen bilakaeran. Klimaren arabera, itsas maila igo eta jaitsi egiten da, lehorraldean eskualde berriak zabalduz eta zubiak eraikiz, ala kontrakoa. Nahikoa ezaguna da glaziazioek eta Amerikaren giza-kolonizazioaren arteko lotura estua, esaterako.
Badaude, bestalde, historian ezkutatutako pasadizoak. Esaterako, tradizio judeokristauan, Sodoma eta Gomorra hiriak kiskali zituen su eta sufrezko hodei batek. Honek antza handia du atmosferan lehertutako meteorito batekin. Gogoratu baino ez dago 1908an Siberiako Tunguskako zeruan lehertutako meteorito batek Bizkaia bezain handia den lurraldea kiskali zuela.
Era berean, kontinente desberdinetako tradizio desberdin askok Uholde Unibertsala aipatzen dute eta honek nola suntsitu zituen espezie asko eta asko. Uholdearenak, berriz, antza handia du tsunami handi baten eraginarekin. Tsunamia itsasoan emandako lurrikarek sor dezakete bai eta itsasoan eroritako meteorito handiek ere. Esaterako, Kretazeoaren amaieran egungo Yucatan aldean jauzitako meteoritoak mila metroko altuerako tsunami erraldoiak sortu zituen Ipar Amerikan, batez ere, nahiz eta tsunamiek munduari hainbat buelta eman zioten. Badago, bestalde beste tsunami bat izan daitekeen pasadizoa Biblian Moises eta bere kideek Itsas Gorria zeharkatu zutenean. Lurrikarek eragindako tsunamiak gertatu behar direnean, itsasoko urek atzera egiten dute lehenengoz eta ondoren olatu erraldoiak iristen dira. Antza, Santorini irlako sumendiaren leherketa edo Kretako failan emandako lurrikara indartsu bat izan zitezkeen tsunami honen sortzaileak. Gauza da, Moises eta bere lagunak salbatu zirela eta ez zituztela egiptiarrek iraungi, honek gerorako gure gizartean izan duen eraginarekin.
Adibideekin segituz, historian askoz gertatuago, espero ez diren negu hotzek, adibidez, eragin handia izan dezakete gizarteetan. Esaterako, XVIII. mendearen amaierako hotzek eta uzten eskasiak Frantziako iraultza bultzatu zuten, gizakion garapena beste bide batera eramanez.
Horrelako adibide asko eta asko daude eta maiz Naturari leporatu diogu errua kontuan izan gabe, noizean behin ematen diren gertaera naturalak direla. Errua, norbaitek izatekotan, gizakiok dugu. Ez dugu Natura kontuan hartzen eta hondamendia datorrenean txotxongilo batzuen modura sentitzen gara, ez baigara geure buruen jabe sentitzen. Oraindik orain, hainbat gertaera ezin ditugu aurreikusi, edo oso neurri txikian behintzat, eta aurreikustekotan ere, ez da erraza eragina ekiditea. Baina, argi dago gizarte solidarioago, justuago, demokratikoago eta ekologistago batek askoz hondamendi gutxiago jasanen zituela.
EZARIAN. ZIENTZIA. Hondamendiak naturalak al dira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu