EZARIAN. ZIENTZIA. Mugarria zelula amen ikerketan

Zelula ama enbrionarioetan oinarritutako sendabide bat hasi dute AEBetan aste honetan. Paraplegiko bat da halako zelulak jaso dituen lehen gizakia.

Irune Lasa.
Donostia
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Itxaropen handia eta eztabaida handiak piztu dituen zelula ama enbrionarioen ikerketan mugarri izango da aste honetan AEBetan abiatu den saio klinikoa: lehen aldiz, zelula ama enbrionarioetatik eratorritako zelulak injektatu dizkiote gizaki bati, bizkarrezur muinean. Shepherd zentroan dago eria, Atlantan (Georgia, AEB), paraplegiko, bizkarrezur muinean dituen zaurien erruz. Ez dituzte eriaren nortasunaren inguruko datu gehiago jakinarazi, soilik zauritu berria dela.

Izan ere, saioan parte hartu ahal izateko, eriek neurri eta kokapen jakin bateko bizkarrezur muineko kaltea izan behar dute. Kalte horrek berria behar du, injekzioa jaso baino hamalau egun lehenagokoa gehienez, epe horretan terapiak eraginkorrago izateko aukera gehiago dituela uste baitute ikertzaileek. Guztira, AEBetako zazpi zentrok eta bizkarrezurra kaltetuta daukaten hamar erik izango dute Geron bioteknologia konpainiaren saioan parte hartzeko aukera.

Orratz mehe bat erabiliz, zelula ama enbrionarioetatik abiatuta oligodendrozito sortzaile bihurtutako milioika zelula injektatu dizkiote zirujauek eriari bizkarrezurrean, lesioa duen tokian. Espero dute zelulok nerbioen hazkuntza sustatuko dutela eta lesioak kalte egindako nerbioak atzera batuko direla. Aurretik zelulokin arratoietan egindako probetan, zauritutako arratoiek mugikortasun pixka bat berreskuratu zuten hilabeteko tratamenduaren ostean.

Hori bai, entseguaren helburu nagusia zelula ama enbrionarioen terapiaren segurtasuna ikertzea da, erien kalteak artatzea baino gehiago. Eta, dirudienez, arrazoi horregatik, injektatutako zelula kopurua mugatua izan da.

Berez, AEBetan elikagai eta sendagai baimenak ematen dituen erakundeak, FDAk, 2009ko urtarrilean eman zion zelulok erabiliz gizakiekin saioak egiten asteko oniritzia Geron konpainiari, gaia urteetan aztertu ondoren. Baina baimena eten egin zuen iazko abuztuan bertan, arratoiekin egindako probetan zenbait animaliatan kiste onberak agertu ondoren injekzioaren inguruetan. Animaliekin proba gehiago egin zituen Geronek, eta FDAren baimena berreskuratu abuztu honetan.

Finantzaketa pribatua

Hamar urtetik gora daramatza Geron konpainiak zelula ama enbrionarioak oinarri dituzten terapiak lantzen, eta orain artean 170 milioi dolarretik gora inbertitu xede horretan. Geronen finantzazioa, hori bai, erabat pribatua da. AEBetako Gobernuak George W. Bushen agintaldian zelula ama enbrionarioen ikerkuntzari ezarritako oztopoak saihestu ditu horrela Geron konpainiak.

Halaber, gizakietan hasi duen saio kliniko honekin Geronek nolabaiteko bultzada eman die zelula ama enbrionarioen ikerketarako funts federalak erabiltzen dituztenei; oso momentu esanguratsuan, gainera.

Zortzi urtez, George W. Bushen agintaldian, zelula ama enbrionarioen inguruko ikerketa ia geldirik egon da AEBetan, gobernuak funts federalen finantzaketa eten egin zielako 2001ean, enbrioiak suntsitzen zirela eta. 21 zelula lerroren inguruko ikerketa soilik finantzatu ziren funts federalekin, jada sortuak zeudelako.

Urte horietan hainbat saio egin ziren finantzaketa, eta ikerketa, berreskuratzeko. Zelula ama enbrionarioen ikerketa baimentzeko eskatzen azaldu ziren jendaurrean hainbat pertsona ezagun. Beharbada, Christopher Reeve izango zen ezagunenetako bat -2004an hil zen-. Superman izandako aktorea zaldi batetik erori eta elbarri gelditu zen 1995ean. Hil arteraino, kontaezinak izan ziren zelula ama enbrionarioen inguruko ikerketaren alde hark egindako agerpenak. Ikerketaren alde agertutakoen artean daude Michael J. Fox aktorea eta Muhammad Ali boxeolaria ere -Parkinsonen gaitza dute-. Ronald Reagan AEBetako lehendakari izandakoaren alargun Nancy Reaganek ere defenditu zuen zelula ama enbrionario bidezko terapien ikerketa -Alzheimerren gaitzak jota hil zen Reagan, 2004an-.

Funts federalak auzitegietan

Baina Barack Obamak lehendakaritza hartu arte egon behar izan zuten zain ikertzaile eta eriek. 2009ko martxoan kendu zuen Obamak zelula ama enbrionarioen ikerketarako funts federalak erabiltzeko debekua.

Baina aurkakoak ez ziren konforme gelditu. Funts federalen erabilera geldiarazteko bi zientzialarik egindako eskaria onartu egin zuen abuztu honetan Washingtongo epaile batek.

James Sherley eta Theresa Deisher biologoek egin zuten eskaria, ikerketarako giza enbrioien suntsiketa debekatzen duen 1995eko zuzenketa bat oinarri hartuz. Bi zientzialariak daude arrazoi moralengatik zelula ama enbrionarioen erabileraren aurka. Eta, horrez gainera, zelula ama heldu bidezko terapien ikerketan dihardute, eta Obamaren erabakia beren finantzatze aukeren kalterako izan daitekeela argudiatzen dute.

AEBetako Justizia Departamentuak alegazioa aurkeztu zuen eta irailean apelazio auzitegi batek atzera baimendu egin zuen funts federalak erabiltzea zelula ama enbrionarioen ikerketarako. Baina baimen hori behin-behinekoa da oraindik, auzia epaitegietan argitu eta 1995eko zuzenketa aldatu artean. Horiek horrela, funts federalekin abiatutako ikerketak bertan behera uzteko mehatxua egin dute hainbat ikerlarik, eta behin betiko euren ikerketak bermatzeko lege aldaketa eskatu diote Obamaren administrazioari.



Terapietarako ikerketa bide anitz

I. Lasa. Donostia

Guztiz ezberdindu edo espezializatu gabeko zelulak dira zelula amak, eta, hain zuzen, beste zelula mota batzuk sortzeko gaitasuna da haiengan ezarritako itxaropenen iturria, zelula mota horiekin eratzen baitira giza gorputzeko ehunak.

Beste zelula mota batzuk sortzeko duten gaitasunaren (potentzialitatearen) arabera sailka daitezke zelula amak. Hemen terapietarako erabilgarrien izan daitezkeenak:

Zelula ama enbrionarioak

Haien ezaugarri nagusia pluripotentzialitatea da: giza gorputzeko ia zelula mota guztietan ezberdindu daitezke. Adibidez,zelula ama enbrionarioak, beren pluripotentzialitatea dela eta, neurona dopamina sortzaile bihur daitezke, eta zelulok gero transplantatu Parkinsonen gaitza duten gaixoei, hain justu eritasun horrek neurona dopamina sortzaileak suntsitzen baititu.

Bide horretatik, minbizia, diabetesa, bizkarrezur muineko lesioak, esklerosi anizkoitza eta beste hainbat gaitz sendatu eta artatzeko erabilgarriak izan daitezke zelula ama enbrionarioak.

Baina haien erabilerak eztabaida etikoa dakar, zelula ama enbrionarioak hain zuzen enbrioietatik hartzen baitira; zehatzago blastozitoetatik, hots, desberdintze prozesurik hasi ez duten enbrioi goiztiarretatik.

Orain arte, lagundutako ernalketa tratamenduetan erabili gabe utzitako enbrioietatik atera dira ikerketarako zelula ama enbrionarioak, eta zelula lerroak abiatzeak enbrioiak deuseztatzea dakar.

Besteak beste, enbrioiak deuseztatzeak inolako justifikazio edo zuribiderik ez duela sinesmen erlijiosoengatik pentsatzen duen jendea, ondorioz, zelula ama enbrionarioekin egindako ikerketen aurka dago.

Zelula ama helduak

Ehun helduetan dauden zelula somatikoak dira. Multipotenteak dira, hartzen dituzten ehunetako zeluletan ezberdindu daitezkeelako. Izan ere, ehun helduetako zelulak berriztatzea da haien lana, organoak etengabe birsortzeko eta lesioak konpontzeko. Hezur muineko eta zilbor-hesteko zelula ama helduak jada erabiltzen dira terapietan; leuzemia artatzeko, adibidez.

Zelula ama induzituak

Zelula ama helduak birus bat erabiliz genetikoki modifikatu eta desberdintzean atzera eraman daitezke pluripotentzial bihurtu arte. Hori egin zuten 2007an giza zelulekin, zelula ama pluripotente induzituak (IPS) sortuta.

Azken ikerketa bide honen aldeko dira enbrioiak deuseztatzearen kontrakoak.

Gaixoen ehunetatik har daitezkeenez, IPS zelulekin immunitate sistemaren arbuioa saihesten da. Baina egia da orain arteko IPSak sortzeko teknikak arriskutsuegiak direla terapietan erabiltzeko, manipulazio genetikoak minbiziaren hazkuntza eragin dezakeelako. Arrisku hori egon badago zelula ama enbrionario eta heldu bidezko terapietan ere, baina txikiagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.