Nobel sariak banatzen ari dira egunotan gizarteari eta ezagutzari ekarpen garrantzitsuak egin dizkiotenen artean. Dena den, Nobel sariak XX. mendearen hasieran abiatu ziren eta garai hartako pentsamoldearen arabera sortu ziren. Nolabait esateko, pentsamendu zaharkitu bati erantzuten diote, neurri batean, eta ez dute inolaz ere kontuan hartzen gizarteari eta ezagutzari arlo guztietan egiten zaizkion aurrerapenak, interes eta presio politikoak aparte. Horiek horrela, Fisika, Kimika eta Medikuntzako aurrerapenei ematen zaizkie, besteak beste, sari hauek, baina zientzien beste arlo batzuei, geologiari kasu, ez zaizkie ematen. Izan ere, Alfred Nobelek berak ez omen zituen geologoak zientzialari gisa hartzen, teknologo gisa baizik. Egoera honi konponketa aurkitu zaio beste sari garrantzitsu batzuk ezarriz geologian egiten diren ekarpenentzat. Haien artean nagusia Londresko Elkarte Geologikoak urtero ematen duen Wollaston Domina da. Azkena Paul Hoffman kanadarrak irabazi zuen, 2009an, Kanbriarraurrean eta glaziazio globaletan egindako ikerketengatik.
Baina Nobel saririk ez edukitzeak ez du esan nahi ezagutzaren arlo horrek garrantzirik ez duenik. Matematikak berak ere ez du saririk, eta inork ez du ukatzen zientzia horren garrantzia. Ezagutza geologikoa oinarrizkoa izan da gizakiaren eta gizartearen garapenerako. Geologiaren ezagutzan gizakiak aurreratu ahala, garatu egin da gizakion historia. Lehenengoak silexa eta antzeko harriak izan ziren, ondoren metalak etorri ziren. Erraza zen duela milaka urte mineralak aurkitzea, lurraren azalean bertan agertzen baitziren, baina haiek agortu ziren heinean, lur azpikoak aurkitu eta ekoitzi behar ziren. Mineralak orain arte garrantzitsuak izan badira ere, beti izango zaizkigu beharrezko. Inoiz Lurrean ekoitz ditzakegunak agortzen badira, beste planeta batzuetara jo beharko dugu haien bila. Baina, horretarako, oraindik asko falta da. Izan ere, itsasoen azpian daudenak oraindik ez dira ezagutu ere egiten. Are gutxiago, ustiatu. Lehorraldekoak ari gara lantzen, baina gero eta zailtasun handiagoekin, gero eta ustiatuago baitaude. Horren adibide Txileko Atacamako basamortuko meategiak dira. Horien artean ezaguna egin da abuztuaren bostetik hona Copiapoko San Jose meategia, bertan 33 meatzari harrapatuta egon baitira ia 700 metroko sakoneran. Aurrerapen teknologiko izugarriei esker, besteak beste, atzodanik ari dira lurrazalera banan-banan meatzariak igotzen. Lehenengo aldia da historian horrelako erreskatea miresgarria egitea lortu dela. Beste meatzari asko eta asko lur azpian geratu dira betiko.
San Jose meategian 1832an hasi ziren zilarra ustiatzen, eta ondoren, urrea eta kobrea. Hiru urte beranduago Charles Darwin iritsi zen bertara, Beagle ontzian munduari egiten ari zitzaion biraren barnean, baina meategi hau zein ondoan daudenak txikiak ziren oraindik eta zientzialariak ez zien garrantzirik eman. Berak nahiago izan zituen Copiapo eta meatzarien bizitzen ingurukoak -zilarraren sukarra, besteak beste- deskribatzea. Ez zuen aipatu ere 16 urte lehenago bertan egondako lurrikara indartsua, berak zuzenean Concepcionekoa ezagutu eta aipatu baitzuen. Izan ere, Txile osoa plaken arteko mugatik gertu dago. Kokapen horrek ekarri dizkio aktibitate sismologiko handia eta aberastasun mineralogikoa. San Jose meategian 69 egunez harrapatuta egon diren meatzarientzat konbinazio arriskutsua oso.
Atacaman ez bada izan ere, aurten bertan Txileko Concepcion hiritik gertu oso lurrikara indartsuak jo du orain dela hilabete batzuk. Hego Amerikan bezala, Ipar Amerikan ere lurrikara indartsuak gertatzen dira noizean behin. Ezagunenak Kaliforniakoak dira. Azken ikerketen arabera, 45 eta 145 urte artean behin gertatzen dira lurrikara indartsuak Hego Kalifornian. Azkena orain dela 153 urte izan zen eta dagoeneko San Andres failaren gainean estres geologiko handia dago pilatuta. Hortaz, Big One iristear omen dago, azken ikerketa geologikoen arabera.
Horiek horrela, goian idatzi bezala, Alfred Nobelek eta hark sortutako fundazioak ez dute inoiz Geologia Nobel saria sortu, baina ukaezina da zein garrantzitsua den geure gizartearentzat ezagutza geologikoa. Gainera, balio izan digu gizakion tokia Bizitzan eta Unibertsoan zein den ulertzeko. Gehienetan konturatzen ez bagara ere, gizakion ezagutzaren oinarrietako bat izan da eta beti izango da Geologia.
EZARIAN. ZIENTZIA. Nobel saria Geologiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu