Duela egun gutxi amaitu da Zientziaren eta Teknologiaren Astea. Badira 10 urte Aste hori egiten dela hainbat lekutan, eta nagusiki aste horren helburua zientzia eta teknologia gizartearengana helaraztea da. Aste horretan, hainbat eragilek jarduerak antolatzen dituzte, baina guztietan helburua bera izaten da. Ez naiz goraipatzen hasiko unibertsitateak antolatu dituenak, beste eragile askok ere oso gauza interesgarriak egin baitituzte. Gaurkoan zutabe honetara ekarri nahi dudana aste horretan bertan banatutako sari batzuk dira. Elhuyar Fundazioak Donostia International Physic Center (DIPC) fundazioarekin batera zientziaren dibulgazioarekin lotutako bideo-leihaketa antolatu zuen duela sei hilabete, eta joan den astean banatu zituzten, Txillida Lekun.
Leihaketara 50 bideo aurkeztu zituzten guztira, eta horien artean denetariko lanak zeuden: ikasleek aurkeztutakoak, irakasleek aurkeztutakoak, teknologia zentroek aurkeztutakoak... Gaien aldetik ere askotarikoak ziren. Batzuk irakaskuntzan erabilgarri izan daitezkeen ikus-entzunezko baliabide onak dira, beste batzuetan kaleko edonork ulertzeko moduan eguneroko gai teknologikoak jorratzen dira, badira dokumental motako bideoak, eta baita bideoklip itxura duten zientzia eta teknologia erakusteko bideo erakargarri askoak ere.
Guztien artean batzuk oso onak ziren, beste batzuk onak eta beste batzuk ez hain onak, baina aipatzekoa da zientzia eta teknologia modu erraz eta sinple batean jendeari azaltzeko egindako ahalegina. Askotan bigarren hezkuntzako gure ikastetxeetan gaztetxoek zientziari buruzko hainbat kontzeptu jorratzen dituzte, eta irakasleok saiatzen bagara ere, ez dira ohartzen oinarrizko kontzeptu horiek eguneroko bizitzan izan ditzaketen aplikazio praktikoez. Beharbada horrexegatik txalotu nahi nuke Elhuyarrek DIPC-rekin batera egindako saioa.
Antzerako ondorioak izan ditzakete zientziaren astean antolatzen diren hainbat jarduerak; adibidez, nanozientziaz dakien batek nola esplika dezakeen horren erabilera tunel efektuko mikroskopian, edo gure etxeetan isolatzaile gisa erabiltzen den poliuretano aparra nola lortu modu erraz batean, edo modu batean lortutako energia nola bihur daitekeen beste energia mota bat... Fisikako irakasle batek arbela aldamenean duela (nahiz beste hainbat multimedia baliabide gehiago izan ere bai) Dopler efektua zertan den esplikatzen duenean, ikasleek errepideetako radarretan duen erabilera ulertuz gero, efektua bera barneratzen lagunduko die.
Eguneroko irakaskuntzan edukiek, jakinduriak, kontzeptuek... jakintzaren corpusa osatzen dute, eta corpus horren ezaguera ona izan gabe, ezinezkoa da zientzia edo teknologia transmititzea, baina ikusentzunezko baliabideek asko lagun dezakete transmisio-lan horretan. Askotan, azken boladan, badirudi irakaskuntza-lanetan gabiltzanok gehiago arduratu behar dugula formaz, edukiontziaz... edukiaz baino, eta hori ez da horrela, eta ez du horrela izan behar.
Garrantzitsuena zer den ahaztu gabe (ezagutarazi nahi duguna hain zuzen ere), hori jendeari helerazteko baliabideak modu egokian erabiltzeak asko erraztuko digu transmisio lan hori.
EZARIAN. ZIENTZIA. Zientziaren dibulgazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu