EZARRIAN. DR. Kolpez kolpe

Langile, 'skinhead' eta punk mugimenduen ikurretako bat izan denak 50 urte bete berri ditu. Dr. Martens oinetakoak Alemanian sortu ziren ortopediarako, baina oraindik ere modan jartzeko gai dira.

jon ordonez garmendia
Donostia
2010eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Jatorriz ez ziren lanerako pentsatuak izan, baina 1960ko apirilaren 1ean merkaturatu zituztenetik langileei eta langileen mugimendutik sortutako musika eta kultur mugimenduei lotu zitzaizkien. Larruzko oinetakoak dira, eta puntaren gogortasuna izan dute ezaugarri joan diren 50 urteetan. Sortu zituztenean, ordea, pausoak ematerakoan zolak kolpea arintzeko zuen aire ganbera zuten ikur. Izan ere, gogorrak izatearen itxura eta fama zuten arren, Dc. Martens oinetakoak izatez ortopedian erabiltzeko sortu ziren.

«Ingalaterrako prentsa profesionalean argitaratu zen iragarki baten bitartez, Griggs familia eta Maertens eta Funck doktoreak elkartu zireneko unea izan zen Martens oinetakoen une magikoa», idatzi zuen Martin Roachek, Martensen historiari buruzko liburua idatzi zuen egileak. Prentsa iragarki horri esker eman zuten hiri kulturaren adierazgarri ezagunenetako bat diren oinetakoek ortopedietatik kontsumo merkaturako jauzia. 1959. urtean argitaratu zen iragarki hori.

Klaus Maertens doktorea Wehrmacht Alemaniako nazien armadako medikua zen Bigarren Mundu Gerra amaitzen ari zenean. Garai horretan Alpeetan eskiatzen ari zela erori egin zen, eta orkatilean min hartu zuen. Armadako bere botak min hartutako oinean janzteko batere egokiak ez zirela jabetuta, osatzen zen bitartean bota horiek erosoago egitea bururatu zitzaion, larru malgua erabiliz eta zoluan aire ganbara bat sortuz. Gerra amaitu zenean ezaugarri horietan oinarrituta, oinetakoak egin eta saltzen hasi zen Maertens; baina ez zuen zorte askorik izan 1947an Herbert Funck bere ikaskide ohiarekin topo egin zuen arte. Bi medikuak elkartu, eta Luftwaffe aire armadak erabiltzen ez zuen kautxua hartuz oinetako etxea sortu zuten, Maertensen lanarekin jarraituz; etxekoandreen artean eta 40 urtetik gorakoen artean lortu zuten arrakasta handiena Alemanian. 1952an lantegia eraiki zuten Munichen, eta arrakastaren bidea jarraituz beste merkatu batzuetara jauzi egitea pentsatu zuten. 1959an euren iragarkia irakurri ondoren, Griggs familiak oinetakoak Erresuma Batuan egiteko baimena erosi zien, eta euren merkatuan saltzeko egokiagoa zelakoan Maertens izena Martens egin zuen.

Alemanian erosle gehienak emakumezkoak eta etxeko langileak baziren, Erresuma Batuan 1960ko apirilaren 1etik aurrera postari, polizia eta lantegietako langileen artean lortu zuten Martensek arrakasta, ohiko larruzko botak baino malguagoak eta merkeagoak zirelako. Griggs sendiak Ingalaterra erdian eraiki zuen bere lantegia, Wollastonen. 1460 lehen modelo horrek gerezi kolorea zuen, eta hari hori batekin zegoen josia.

Berehala bilakatu ziren Martensak langileriaren ikur, eta, ondorioz, 1960ko hamarkadan Ingalaterran gorantz zetorren bestelako mugimenduek ere hartu zuten beretzat. «Hazten denean talde kontrakulturalek aurrekoen ikurrak baztertzen dituzte normalean, baina Dr. Martens oinetakoek mod-ekin, skinhead-ekin, punkekin, grungekin eta ondorengoekin iraun dute», dio Roachek bere liburuan. Martensak biolentziarekin eta hooligan fenomenoarekin ere sarri lotu izan dira, eta garai batean Erresuma Batuko futbol estadioetan debekatu egin zituzten.

Pete Townshend The Who taldeko kide izan zen 1960ko hamarkadan Martensak janzten lehenengo pertsona ezagunenetako bat, eta 50 urteotan beste hainbatek hartu dute gero erabaki hori, gezurra badirudi ere horietako batzuek elkarrekin ezer ikustekorik izan dezaketenik: The Clash, The Cure, Madness eta Red Hot Chili Peppers taldeko kideek, dalai-lamak, Joan Paulo II.ak eta baita Stieg Larrson idazlearen Millenium trilogiako protagonista Lisbeth Salanderrek ere.

Beste leku askotara bezala Euskal Herrira skinhead mugimenduarekin eta ska musikarekin batera iritsi ziren Martensak; punk-ek gero egin zituzten bere. Modu horretan, kaskamotz mugimendua ekartzeaz gain, Martensak ere ekarri zituen Kortatuk; irudi hori erabiltzen zutenek ordura arte soldadutzako botak erabiltzen zituzten ez zegoelako ordura arte horrelakorik Euskal Herrian erosteko aukerarik eta Londrestik ekarri behar zirelako. Cicatrizeko kideek ere botatzarrak janzten zituzten, baita Baldin Bada taldekoek ere.

Beti izan dituzte aldekoak eta kontrakoak, baina azken urtean modazaleen artera itzuli dira Martensak berriro, eta horretan aritzen direnek diote gorantz datozela. Denetariko modeloak topatu daitezke gaur egun, bota klasikoak, zapata takoidunak eta sandaliak, besteak beste. Mugimendu begetarianoaren aldeko produktuak ere izan dituzte, larrua erabili gabe egindakoak. Erresuma Batuko produkzio ia guztia 2000. urtean eten zen, eta harrezkero Txinan eta Thailandian egiten dituzte Martens gehienak. Hain zuzen, Asiara joateari esker diraute oraindik ere merkatuan oinetako horiek. Orain, 50 urteurrena ospatzeko, lehen bota eta zapata modeloak merkaturatu dituzte berriro.

Ehun milioi pare. Sortu zirenetik joan diren 50 urteetan ehun milioi Martens pare saldu dira, eta gaur egun merkatura ateratzen den bilduma bakoitzeko 250 modelo ezberdin jartzen dira salgai. Hala ere, lehen modeloak oraindik ere salgai daude, sandalia modeloak eta berunezko punta duten modeloekin batera. Hastapenetako gerezi eta beltz koloreez gain, orain, gainera, denetariko diseinu eta koloretako Martensak eros daitezke.

Converse oinetakoak ere kalera itzuli dira mende erdi baino gehiagoko historiarekin

Martensak ez dira modak kalera itzuli dituen bota bakarrak. Converse etxeak oinetako arinen merkatua bereganatu zuen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, eta azkenaldian ere gero eta gehiago ikusten dira kalean. Converse ere aspaldiko etxea da, izan ere, Marquis Mills Converse zapatagileak 1908an ireki zuen bere lehen lantegia AEBetan. Lanerako ehuna erabiltzen hasi zenean iritsi zitzaien fama Converse oinetakoei, NBAko saskibaloi jokalariek eurentzat hartu eta mundura zabaldu baitzituzten. Lehenik AEBetako gazte errebeldeek jantzi zituzten, eta Elvis Presleyk eta James Deanek ere bazituzten. 1970eko hamarkadan punk mugimendura iritsi ziren, eta Ramones taldeak kontzertuetan eta euren diskoen azaletan jantzi zituzten. 1990eko hamarkadatik aurrera surfarekin eta skateboardarekin lotu izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.