Udazkena izaten da lekaleen urtaroa. Hotza iristearekin batera, eskertu ere egiten da gorputza suspertzeko eguneroko menuan lapikoan berotutako platerak sartzen hastea. Tolosako babarruna orain dela gutxi iritsi da azoketara, eta hori dela eta babarrunaren astea antolatu dute herrian lekalearen berezitasunak argitara emateko. Eusko Label zigilua du Tolosako babarrunak.
Uzta jasota, balorazioak egiteko unea ere iritsi da, urteari begiratu bat ematekoa: «Aurten uzta ona izan da; 30 tona ekoiztuko ditugu. Barrualdean, Goierri inguruan kostaldean baino hobea izan da, hala ere. Itsasotik udan laino fresko bat sartu da, eta hezetasun horrek gaixotasunak eragin dizkio landareari kostaldeko guneetan. Leku batetik bestera ezberdintasunak izatea arrunta da», azaldu du Xabier Goikoetxea Tolosako Babarruna Elkarteko kideak. Elkartea 1994an sortu zen, eta lekalea ezagutaraztea dute helburu.
Baina zerk egiten du berezi Tolosako babarruna? Hainbat faktore aipatzen ditu Goikoetxeak; itxura, zaporea, ingurua eta ekoizteko prozesua bera. «Bere koloreak atentzioa ematen du. Azoketara joaten garenean askotan esaten digute: 'Perlak ematen dute! Distira ateratzen aritu al zarete?'». Zaporeari dagokionez, babarrun «on» asko dauden arren Tolosako babarrunak gustu berezia duela pentsatzen du Goikoetxeak, eta hori argudiatzeko, adibide bat bota du: «Normalean, gainontzeko babarrunak jaterakoan ohitura txerrikia nahastea da. Hemen, ordea, joera babarrunak bakarrik prestatzea izaten da».
1999tik dute Eusko Labelak emandako kalitate marka, eta, haren araudiaren arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan erein daiteke Tolosako babarruna. Praktikan, ordea, Tolosaldeko zenbait baserritan bakarrik ekoizten da. «Klima da garrantzitsuena. Itsaso ondoan egonda, klima suabea daukagu, eta, ondorioz, motelagoa da lekalea loratzeko, heltzeko eta lehortzeko prozesua. Horrek kalitatea hobetzen du, nabarmen».
Eskulan ugari eskatzen du
Ekoizpenean ere aldeak begi bistakoak dira. Tolosako babarruna igokaria dela azaldu du Goikoetxeak. «Igotzeko zerbait behar du. Artoa, makila edo sarea jartzen zaio. Supermerkatu batean aurki ditzakegun gainontzeko lekadunek ez dute inolako euskarririk behar izaten». Ezberdintasun horrek lan egiteko moduan eragiten du. Tolosakoan guztia eskuz egiten da, eta banaka biltzen da; besteetan, mekanizatuta.
Maiatzaren erdialdean iristen da babarruna ereiteko unea, behin izotzaldiak izateko arriskua pasata. Jorratze eta lurreztatze lanak datoz, ondoren, eta tutoreak ere jarri behar izaten dira. Artoa da gehien erabiltzen den sistema. Bildu eta gero, lekak lehortzen uzten dira baserrietako ganberetan, aleek %14ko hezetasuna galdu arte. «Elkartearen egoitzara ekartzen dituzte orduan. Hemen aletu, garbitu eta onak eta txarrak bereiztu egiten dira».
Tolosako Babarruna Elkartea 55 ekoizlek osatzen dute, eta 28 hektarea dituzte guztira. «Aurten kiloa 12 eurotan salduko da, iaz baino euro bat gutxiagoan.Kanpotik datorrena baino hamar aldiz garestiagoa da gure babarruna, baina ez pentsa aberasten ari garenik». Babarruna ekoiztetik inor ez dela bizi nabarmendu nahi izan du Goikoetxeak; haien kasuan, baserriko ekonomiaren «osagarri» baizik ez baita. «Gastuak ikaragarriak dira; arrisku izugarriak ditu, eta eskulan asko eskatzen du, gainera». Baserritarrari kiloa 7 euro ordaintzen zaio hemen. Kanpotik datozen babarrunen ekoizleek, aldiz, 10 eta 20 zentimoren artean saltzen dute kiloa, elkarteko kideak azaldu duenez. Labeldunak ez diren asko daude, Tolosako izena erabiltzen hasi direnak faltsuki kontsumitzailea amuan erortzeko, gainera.
Eusko Label zigilua eskuratzeak nolabaiteko indarraldi eta egonkortzea eman dio produktuari. «Elkartea sortu zenean, 1994an, babarruna etorkizunik gabeko produktua zen. Denborarekin produkzioa ugaritu dugu, eta irudi bat lortu. Merkatuak ekoizten duguna baino gehiago eskatzen zuen urte batzuk izan ditugu. Gaztetze bat behar dugu orain, eta ekoizle bila ibili gara».
Egitarau oparoa
Tolosako babarrunaren erakusleiho bihurtzen da herrian produktuaren inguruan antolatzen duten astea.Atzo hasi zen, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte hurrengo egunetarako ere. Gaur lehiaketa gastronomikoa eta herri bazkaria izango dira. Lehiaketan 21 lagunek erakutsi beharko dute su artean duten abilezia, Triangulo plazan. Ongien prestatuta dauden babarrunak aukeratzeko epaimahaia Martin Berasategi, Hilario Arbelaitz eta David de Jorgek osatzen dute, besteak beste. Ondoren, Gure Kayola elkarte gastronomikoaren eskutik, herri bazkaria izango da Zerkausian, 14:30ean. 24 euroko menua prestatu dute, eta txartelak Triangulo plazan egongo dira salgai, 10:00etatik aurrera.
Astea biribiltzeko, ostegunerako babarrunaren inguruko topaketa antolatu dute Donostiako Londres Hotelean, Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eta hotelaren eskutik. Menu gozoa dastatzeko modua izango dute han biltzen direnek. Eskulangintza azoka ere izango da datorren asteburuan Tolosan, ostiraletik igandera bitartean.
Ezarian. Tolosako babarruna
Ezberdintasuna kalitate
Tolosako babarrunaren uzta ona izan da aurten; 30 tona jaso dituzte. Produktuaren erakuslehio izateko, Tolosako Babarrunaren Astea antolatu dute herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu