Bilboko aurtengo inauterietan desfile bakarra nahi zuten konpartsetako kide eta gainerako herritarrek ez dute euren desioa beteta ikusiko. Izan ere, udalak desfile bateratua ez antolatzeko erabakia hartu du zazpigarren urtez. Adostasun bat lortzea posible zen honetan udalak «ezezko biribila» eman duela azaldu zuen Bilboko konpartsen bozeramaile Itziar Villafañezek atzo. «Beste urte bat; honek istorio amaigabearen ipuina dirudi. Jai batzorde mistoan biltzen gara, teorian desadostasunak konpontzeko eta bideak zabaltzeko esparrua delako». Baina udalaren «zintzotasun bortitza» eskertu nahi izan du: «Behintzat, ez digute sinetsarazi nahi batzordeak erabakiak hartzen dituenik. Haiek ezetz esan dute, ez garela beren gustukoak, eta kito!».
Era berean, bozeramaileak nabarmendu zuen udaleko EAJ alderdiak PPren babesarekin hartutako bideak «desengainu itzela» eragin diela konpartsei. Hala ere, zinegotzi jeltzale batek jaietako bilera batean esandakoa entzun eta hausnartu ondoren, ez dira harritzen batere. «Noraino hel daiteke batzorde bateko bilera EAJko zinegotzia komentario honekin hasten bada? 'Badakizuegobernu taldeak erabaki duela ez dela egongo desfile bateratua'». Konpartsen ustez, zinegotziaren hitzetan aurki daiteke udalak zerideia duen jai esparru misto eta parte hartzailearen inguruan .
Bestalde, Villafañezi aipagarria iruditu zaio hiriko eragile politiko eta sozialek desfile bateratua egiteko eskatu izana jendaurrean: «Argi gelditu da, parte zaharreko dendari eta tabernarien aldetik eta alderdi politiko batzuen aldetik ere, hala nola PSE eta Bilduren aldetik, iraganeko egoera gainditzeko beharra ikusten duela; beste talde eta sindikatu batzuek ere berdin ikusten dituzte gauzak».
Horrez gain, aurten arte udalak antolatutako desfileak Kale Nagusia zeharkatzen zuen, baina konpartsenak Hurtado Ametzagatik egiten zuen ibilbidea. Gainera, urte askoan jende mordoa bildu duen desfilea egiteko gai direla nabarmendu zuten: «Pertsona ugari bildu ohi duen festa egiteko trebatuta gaude, Hurtado Ametzaga kalearen muga txiki gelditu zaigu».
Era berean, azken urteetako egoera gogorra egiten zaiela salatu zuen Villafañezek. «Alboko kalea etsipenez onartzearekin nekatuta gaude. Kasu honetan, inauterietako desfilea lan mistoaren zati bat ez izatea, etsipenez onartzearekin nekatuta gaude. Baita gure egokitasuna frogatu beharrarekin ere».
2010eko Aste Nagusian konpartsek bete zutela botatako erronka, azaldu zuen bozeramaileak: «Baietz mugiezina ematen duena mugitu. Eta hitza bete genuen. Kale Nagusitik autobus erraldoia mugitu genuen». Orain, 2012ko inauterietarako, desafioaren bigarren zatia bete nahi zutela adierazi zuen; hau da, udaletxeko ordezkariak jai herrikoi eta parte hartzaileek ziurtatzera bultzarazi.
Desfilerik ez aurten
Zailtasunak zailtasun, azken urteetako inauterietan konpartsek beste desfile bat antolatzea lortu dute; aurten, ordea, ez da horrelakorik gertatuko. «Konpartsok jaia gara, baina festa herrikoi eta parte hartzaileak gara. Ez gara erakusleihoko jaiak, ez azpikontratatutakoak; ez gara mugatuak eta zentsuratuak», adierazi zuen Villafanezek.
Konpartsek aldarrikatzen dituzten inauteri herrikoi eta parte hartzaileak gozatzeko helburuarekin, otsailaren 18rako zenbait fanfarre eta batukada antolatu dituzte; baina ez, ohiko desfilea. Musika doinu eta kolore ugariko jaiaz bustiko dituzte hiriburuko Zazpikaleak, hala ere. Horretarako, herritar guztiei mozorrotzeko gonbita egin die. «Mozorrotzeko deialdia egiten dugu. Izan ironiko, satiriko eta bestelakoak. Bakoitzak nahi duenaren kritika garratza bota».
Konpartsek erantsi zuten euren jaietan parte hartzeaz gain, udaletxearekin batera antolatutako ekitaldietan ere egongo direla. «Farolin eta Zarambolasi egindako epaiketan, sardinaren erreketan, trapu zaharrak, indaba eta tostada lehiaketetan...».
«Ezetz esan digu udalak berriro, ez garela bere gustukoak»
Aurten ere inauteri festa bi egongo dira Bilbon, Bilboko konpartsek egindako eskaerari udalak berriro ere uko egindaInauterietan mozorrotuz parte hartzeko eskatu diete herritarrei konpartsek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu