Komunikazioa. Ekografiak

Ezin dena esan

Aritz Galarraga.
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Egun beltza izan zen asteazkena. Beltz-beltza herenegungoa, aspaldi ikusi ez bezalakoa. Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea hustu zuten, modu ez sobera amikalean, Polizia indar autonomikoek. Istiluak sortu ziren ondoren, bitartean eta aurretik. Nola ez ba. Gazteek indarkeriaz erantzun omen zutelako oldartu ziren armadunak, beraiek indarrez aritu ez balira bezala erantzuna sortzen. Eta den-dena ikusi ahal izan genuen, ile eta seinale, den-dena. Edo ia. Ez alferrik, ertzainak iritsi zirenerako hedabideak hantxe baitzeuden.

Baiki, albistegietan atera zituzten eguneko irudiak (besterik ez genuen behar), lehen berri gisa ETBetan —«Istiluak Kukutxa (sic) husterakoan (sic)»—, tarteki beste hainbat katetan. Baina irudi muntatze hotzak, ahots neutro nahiak, kazetaritzak berezkoa duen pose horrek ezin izan zuten jaso Errekalden bizitakoa. Telebista molde tradizionalaren mugak gainditu zituen asteazkenak.

Kilometrotan urrun, bertatik bertara bizi izan banu bezala joan zen eguna, streaming bidez jarraitu nuelako gertatzen ari zena, hedabideetako webguneek irudiak jartzen zituztelako maiz, herritar anonimoek ere partekatzen zituztelako berenak. Eta ezin onartuzkoak egin zitzaizkidan, mingarriak, zintzurretik pasatzen gaitzak. Zail egiten zait inor irudion ondoan para daitekeela irudikatzea, Kukutzaren hustearen kontra egon, nahiz alde —bide batez, zeintzuk dira Kukutza hustearen alde egoteko motiboak?—.

Gero, Aresek esan zigun bere gizonek —emakumerik izango al zen tartean?— modu «profesional eta neurrizkoan aritu zirela». Arrazoirik ez zaio falta, beltzezkoek profesio dute egur banaketa, basozain alegerak bailiran. Eta neurrizkoa ere izan zen, bai. Neurria non jartzen den, hortxe koska. Balantze ofiziala: hiru zauritu —horietako bi ertzain zirela esatea falta izan zitzaion— eta lan ondo eginaren satisfazioa. Ez dakit Aresek nire gisan eman ote zuen asteazkena —ez dakit zergatik, lasai demonio imajinatzen dut bera—. Nire gisan eman izan balu, jakingo luke bere hitzak ezin direla zinismotik baino jaio, egia dutela hezur, eta mamia, berriz, gezur galanta.

Gaur, berriz hitz egingo da Kukutzaz telebistan, epaileak eraikina eraitsi edo ez erabakiko baitu. Berriz hitz egingo da, baina ezin izango da berriz dena esan, bizitza, lagunok, telebista molde tradizionaletik kanpo baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.