Alazne Orozek hogeita sei urte ditu; irakaslea da Iruñeko Mendigoiti ikastetxean, eta bost urte darama sokatiran Berriozarko sokatira taldean. Sokatira aritzea gogorra dela onartu du, baina ahal duen arte jarraituko du. Atzetik datozenei ere erakusteko prest dago.
Zergatik hasi zinen sokatiran?
Euskal kulturarekin lotura handia duen zerbait dela iruditzen zait, eta horrek erakarrita hasi nintzen. Eskoletan ere lantzen da kirola, baina herri kirolak bazterrean uzten ditugu. Heziketa sisteman ere sartu beharko litzateke.
Horrelako ahaleginik egin da?
Bai. Joan den urtean Iruñeko Amaiur ikastolan aritu nintzen. Euskal aste bat egiten dute. Taldeko hiru neska joan ginen, nesken sokatirak Nafarroan eta Euskal Herrian duen indarra azaltzera. Proba konbinatu bat ere prestatu genuen. Aurten Mendigoiti ikastetxean badugu antzeko zerbait egiteko asmoa.
Noizbait izan duzu sokatira uzteko tentazioa?
Bai.
Zergatik?
Gogorra delako; batez ere, entrenamenduengatik. Lehen bi egunetan entrenatzen ginen, eta orain hiru egunetan aritzen gara. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, zazpietatik bederatzietara entrenatzen gara. Astelehenean lan fisikoa egiten dugu, eta beste bi egunetan tiraldiak eta lan fisikoa uztartzen ditugu.
Teknika ikastea asko kostatzen da?
Bai. Hamabi neska hasi ginen sokatiran, baina inork ez genekien tiratzen. Lau hilabete kosta zitzaigun teknika ikastea, eta guk geuk gure pisuari eustea. Orain etortzen diren berriak dakigunon artean sartzen dira, eta teknika segituan harrapatzen dute.
Zer behar da sokatiran aritzeko?
Talde lana, prestakuntza fisiko on bat, eta burua hotz. Beste taldea tiraka datorrenean, zure taldeak joan behar du mantso-mantso, eta ongi sinkronizatuta. Urduritzen bazara, bakoitzak egiten du ahal den indar guztia, baina sinkronizaziorik gabe alferrikako lana da. Taldean lan egiten duenak irabazten du beti.
Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?
Ezin dudan arte jarraituko dut. Haurdun gelditzen naizenean-edo utziko dut. Ondorengoei ere erakusteko asmoa dut.
Zergatik?
Kulturarekin zerikusia duen zerbait izateaz gain, asko ikasten da talde lanean aritzean. Sortzen den giroa ere asko gustatzen zait. Sokatirak harrapatu egiten zaituela esan daiteke.
Nola ikusten duzu sokatiraren etorkizuna?
Sokatiran hasi ginenean Nafarroan baginen sei talde: Lesakan; Iruñean, Txantrea eta Amaiur; Sakanan; Basaburua-Imotzen; eta Berriozarren. Egun bi talde bakarrik gelditzen gara. Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketetan parte hartzen dugu eta udan erakustaldietan. Etorkizuna nahiko kaskar ikusten dut. Hasi ginenean mutil gutxiago ari ziren, eta orain mutilak gehiago daude.
Transmisioa zaila da?
Talde oso berria gara. Han eta hemen jarri ditugu kartelak eta iragarkiak, jendea gurera etortzeko. Jendea hurbiltzen da, probatzen du, baina oso zaila dela esaten du, eta utzi egiten du. Aurten hiru neska berri hasi dira. Eskerrak Berriozarko Kirol Elkarteak baduen harrobia, eta hor badaude neska gazteak gure lekukoa hartuko dutenak.
Alazne Oroz. Berriozarko sokatira taldeko kidea
«Ezin dudan arte jarraituko dut»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu