Iruñeko Alde Zaharreko San Agustin elizako ezkilen soinua doitu egin beharko du Artzapezpikutzak. Beraz, ordua ematerakoan ezkilen doinua 90 dezibeletik 50era jaitsi beharko du. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratutako epaiaren arabera, ezkilek mezetara deitzerakoan eta beste ekitaldi erlijiosoak ospatzerakoan bakarrik jo ahal izanen dute «erabateko indarrez».
San Agustin elizako ezkilek goizeko zortzietatik gaueko hamarrak arte jotzen dute, ordu laurdenean behin, orduak, ordu erdiak eta ordu laurdenak adieraziz. Halaber, mezatara deitzeko ere egunero bitan jotzen dute, eta beste erlijio ekitaldietarako ere jotzen dute, tokatzen denean; igandeetan, adibidez.
Elizako kanpaien soinuak auzokideei eragiten dien trabaren afera ez da oraingoa. Iruñeko Alde Zaharrean oso espazio tarte txikian hainbat eliza daude, eta guztiek jotzen dituzte kanpaiak orduro. San Agustin kaleko auzokide batzuek ezkilek egunez egiten zuten soinuagatik salaketa jarri zuten udalean 2008. urtean. Salaketa jarri zutenen ustetan, ezkilen soinua ozenegia da, eta eguneroko bizitzan eta loan eragiten die. Ezkilen bolumena egokitzea eskatu zuten, eta, Nafarroako Zarataren Legeak dioen moduan, ezkilen soinuak 50 dezibel ez gainditzea nahi zuten. Alabaina, udalak, legeari muzin eginez, ezkilen soinua ez jaisteko agindu zuen. Yolanda Barcina alkateak ezkilek orduak emateko soinua «ohitura» zela argudiatu zuen erabakia hartzeko.
Auzokideak ez zeuden amore emateko prest, eta epaitegira jo zuten. Lehen instantzian, ezkilen hotsa «onargarria» zela erabaki zuen epaitegiak, baina auzokideek helegitea jarri zuten. Orain, erabat ez bada ere, Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die auzokideei, eta elizako kanpaiak doitu egin beharko dituzte. Gainera, epaiari ezin zaio helegiterik jarri. Beraz, ezkiletara egokitutako kanpandorreko erlojuaren zeregina ezbaian jartzen du epaitegiak. Epaiaren arabera, «egun edonork du erloju bat etxean, eta orduaren abisua emateak ez du izateko zentzurik». Horregatik, ezkilaren soinua 50 dezibeletara «doitzea» agindu du. Hala ere, eta udalari arrazoia emanez, ezkilek mezetarako abisua ematerakoan eta beste ospakizun erlijiosoetara deitzerakoan, orain arte bezala 90 dezibeletan egin dezaketela ebatzi du.
«Katedralekoak nahikoa dira»
San Agustin kaleko auzokideen artean iritzia ez da bakarra. Atzo goizean, San Agustin kaleko 8. zenbakian bizi den emakume heldu bat ezkilen soinua apaltzearen aurka mintzatu zen. Ez zuen bere izenik eman nahi izan, baina salaketa jarri dutenak «bazter nahasle» deitu zituen: «Lau bazter nahaslerengatik bizitza osoko ohitura kendu nahi digute. Gauez isildu zituzten, eta orain egunez gutxitu behar dira. Leihoak ixten badituzu ez da txintik ere entzuten».
Baina ez dira iritzi berekoak kale berean bizi diren bi gizon. Biek ezkilak «traba» egiten dutela aipatu zuten. «Mezetara joan nahi duenak badaki noiz diren, eta ez du ezkilarik entzun beharrik». Haietako batek, Alde Zaharrean eliza asko daudela gogoratuz, katedraleko ezkilak nahikoa direla dio: «Ordua jakiteko eta elizkizunak deitzeko nahikoa dute katedraleko ezkilekin. Hainbeste zaratak traba egiten digu auzokideei».
Ezkilak 50 dezibeletan
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aginduta, Iruñeko Alde Zaharreko San Agustin elizako ezkilen soinua 90 dezibeletik 50era jaitsi beharko du Artzapezpikutzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu