Donostiako Aste Nagusia. Irutxulo baino gehiago

Ezkonberriak eta 'Air' Jordan

Saskibaloi jokalarien mugimendu azkarrak eta «gora ezkonberriak» oihuak nahasten ziren atzo udaletxe aurrean; Alderdi Ederren gori-gori zegoen erlauntza Aste Nagusiaren azken egunean.

Bikote mordo bat ezkondu zen atzo Donostiako Udaletxean, eta argazkiak terrazan atera, saskibaloi txapelketa jokatzen zen bitartean. XABIER MARTIN.
xabier martin
Donostia
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Bi motatako langileak zeuden atzo Alderdi Ederreko lorategietan Ricasa etxearen (Valentzia, Herrialde Katalanak) ikuskizun piromusikala prestatzen: Kontxako badiari eta hondartzari begira zeudenak —besoak baranda txit ezagunean jarrita— eta haiei begiratzen zietenak —aurpegi txarrez oso—. Bero sapa ez zen txantxetakoa; eguerdia jo gabe, eta 30 gradu inguru. Azkenean eguzkia Donostian. Zoriona nabaritzen zen tamarindoen itzalean esertzen ziren askotariko oinezkoen aurpegietan.

Denetarik egiteko parada eskaintzen zuen hiriko posta txartel ezagunenetakoak. Paseoan zebiltzan bikoteak, seme-alaba txikiekin, eta adinduak —euren zaintzaileekin batzuk—; The New York Times-en arabera munduko hondartza onenetakora jaisten ziren nerabeak eta gazteak, eguzki printza oro berenganatu nahian; saskibaloian lehiatzen ziren neska-mutilak Grande Street Basketen, udaletxe aurrean; piragua hartu eta Monpaseraino joanak ziren beste batzuk... Eta ausartago izanez gero, Pasaiaraino iritsi eta itzultzeko asmoz ziren beste batzuk, Pasealeku Berriko zeharkaldia osatuz...

Pantxikaneko mondejuak

Jaien azken egunak eguraldi onaren oniritzia zuen, eta hori ez da txantxa hemen. Galde diezaietela udaletxeko terrazetan ezkondu eta gero argazkiak ateratzen zituzten bikoteei. Jendea adi-adi zegoen saskibaloiko partidak ikusten. Pantxikaneko mondejuak eta Helados mojados ez zirela agertu-eta kanporatu egin zituztela zioen speaker-ak Miles Davisen melodia ezagun bat hautsiz. Erdiko kantxan zegoen ikuskizuna: erakustaldi itzela ematen ari zen bi metroko beltzaran bat. Kiloak soberan zituen beste jokalari inprobisatu bat —euskaldun jatorra bera— San Martinen oloa pagatzen ari zen Air Jordanen errepasoarekin.

Eta bai, dibertigarria zen hura, baina gora begiratuz gero, ikuskizun erakargarriagoa zegoen: ezkonberriak familiako argazkiak ateratzen. «Gora ezkonberriak», entzuten zen udaletxeko terraza zabalean noizbehinka. Bikoteak bata bestearen atzetik lotzen ziren paperez, hiriko erakunde nagusia Las Vegasko kapera bat balitz bezala.

Soineko zuriz jantzitakoak ez ditu jasotzen egitarauak, baina atzerritarrak —mordo bat, eguerdirako— klik eta klik ari ziren kamerarekin etengabe. «Begira zein leku politean ezkontzen diren Donostian», azalduko diete lagunei itzultzean. Batek daki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.