Ezkutuko harresia, bistan

Gasteizko Erdi Aroko harresiaren lehengoratze lanen bigarren fasea amaituta, pasealeku berria ireki dute San Migel elizaren eta Frai Zacarias Martinez kaleen artean.

Erdi Aroko harresia lehengoratzeko lanei esker, lorategi gunea eta begiratokia sortu dira. QUINTAS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Duela hamar urte aurkitu zituzten aurrenekoz Gasteizko harresiaren arrastoak, Santa Maria katedrala lehengoratzeko lanak egiten ari zirela. Murruaren arrastoak aurkitzearekin bat, harresia XI. mendean eraikia izan zela jakin zuten aztarna horien bidez, eta Gasteizko historiaz zeuden teoriak aldarazi zituen aurkikuntzak. Hiribilduko harresian egindako lanengatik,Europa Nostra saria jaso zuen iaz Gasteizko Udalak. Ondarearen Nobel sari gisa ezagutzen da sari hori.

Ordutik, Erdi Aroko harresia hiriko erakargarri nagusietako bat da, oraindik lehengoratze lanak amaitu ez badira ere. Martxoaz geroztik, gainera, harresiaren beste zati bat ikus daiteke: San Migel elizaren eta Frai Zacarias Martinez kalearen artekoa. Harresia lehengoratzeko lanen bigarren faseari esker, 160 metro harresi eta ia 1.300 metro koadroko lorategi gunea bisitatu daitezke. Horretarako, hiria defendatzen zuen harresiaren gainean ibilbide bat eraiki dute.

«Gasteizek beste igarobide bat izango du hemendik aurrera, Erdi Arokohirigunean bertan». Hitz horiekin inauguratu zuen Patxi Lazkoz alkateak harresiaren bigarren zatia. Dagoeneko, murruaren inguruan 8.200 metrokoadro gehiagolehengoratu dira. Zabaldu berri den esparruan, aldapan behera, harresiaren oinarrietaraino sigi-sagan doazen bidexka zolatuak egokitu dituzte, mugikortasun urriko pertsonekere bertatik joateko aukera izan dezaten. Hortik gora, eskailera multzo batek eta igogailuak behatoki itxura duen pasabide batera igotzeko bidea ematen dute.

Harresiaren gainean eraiki da zurezko igarobidea, eta garai bateko eskolen atzeko plazaraino iristen da. Zedro gorriarekin eraiki dute, eta XI. mendean harresiak zuen garaiera berberean jarri dute, lurretik bost metrora. Barrutik ibiltzeko aukera ematen du, eta modu horretan bisitariak garai batean erronda paseoak nolakoak ziren imajinatu dezake.

Harresiaren gainean eraikitako pasealekutik, antzinako elur zulo baten hondar arkeologikoak eta inguru horretan metro eta erdi azpitik dagoen indusketak ikusi ahal dira. Gune horrek, balio historiko handia ez ezik, plastika eta didaktika aldetik ere ahalmen izugarria du, XIX. mendeko hiriaren funtzionamendua ezagutzeko aukera ematen duelako.

Memoriaren gordeleku

Urteetan sastraka artean eta etxeen atzeko lorategien azpian gordeta egon den hiriaren historia ez ahazteko gonbita da gunea. Pasealekura doazen eskaileretan Mario Benedettik ahanzturaren eta memoriaren inguruan idatzitako hainbat poema horren lekuko dira.

Azaleratutako harresiaren zatiak bisitatu eta garai bateko istorioak ezagutu nahi dituenarentzat, bisita gidatuak antolatu ditu Santa Maria Katedrala fundazioak. Hilaren 18tik aurrera, gainera, gaueko bisitak hasiko dira. Izan ere, harresia egunez baino ederragoa da gauez ikustea, ederki zaindutako argiztapena duelako. Erreserba egin nahi izanez gero, aldez aurretik deitu behar da (0034) 945-25 51 35 telefonora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.