Jai giroz beteta dator zubia Legazpira. Astelehenarekin batera abiatuko dira santikutzak, eta aste osoan egitarau betea izango da: musika, bertsoak, kirola, dantza... Tradizioa eta berritasuna nahastu dituzte egitarauan, eta herritarrek badute non aukeratu.
Pregoia idatzia izango dute jadanik Floren Gutierrezek eta Mikel Gurrutxagak; herri mailako egitasmoetan buru-belarri ibili dira urte askoan biak ala biak, eta aurten herritarrei dei egingo diete festetan murgiltzeko. Etzi, txupina lehertzearekin bat, erraldoi eta buruhandien kalejira aterako da, urtero legez. Herri bazkariak emango dio merezitako segida egunari. Arratsaldean, berriz, pilota txapelketako partidek, batukadak, herri kirol jaialdiak (Izeta II.a eta Aimar Irigoien harri-jasotzaileak izango dira, besteak beste) eta musikak animatuko dituzte Legazpiko kaleak. Ilunabarrean iritsiko da eguneko ekitaldi berezienetakoa: Bertso Olaria elkarteak LBO irratia, bertsoetarako lizentzia antolatu du. Bertsozaleentzako ekitaldia da hori. Gauari rock kontzertuak emango dio bedeinkapena, 23:00 aldera, eta gauanahi beste luzatuko da. Lleidatik etorriko den talde batek, Antalgiak, eta Elbereth eta Gramones taldeek jarriko dituzte doinu azkarrak.
Bizikletak eta danborrak
Legazpin usadiozkoa den proba bat jokatuko da astearte goizean: Santikutz txirrindulari klasikoa. 13:30 arte txirrindulariak animatzeko aukera izango da kale eta txoko ugaritan. Ordu horretan iritsiko dira Kale Nagusira. Girorik ez da faltako kirolarien ahalegina saritzeko.
Arratsaldean, santikutzetan ekitaldi arrakastatsuenetakoa dena iritsiko da: haur danborrada. 17:30ean aterako da, Laubiden, eta ia 19:00 arte, kalez kale ibiliko dira haurrak, dinbi eta danba, kolorea eta soinua zabaltzen. Gurasoak, atzetik; hori ere tradizioa da. Festen bigarren egunari musika kontzertuek emango diote hauspoa, nahi duenak eguna gauarekin lotzeko.
Astea bukatu artean ekitaldi uholde bat izango dute herritarrek, aitzakiarik egon ez dadin. Maiatzaren 2ko goizean, adibidez, Ganadu eta baserriko produktuen feria izango da Latxartegin; haurren bizikleta festa eta idi probak ere jokatuko dira asteazkenean. Gauean, berriz, herri danborrada, 23:00etan. Gauerdian, herriko ikurrina jartzea izango da Euskal Herria plazan.
Maiatzaren 3an izango da Legazpik bere-berea duen ekitaldi kutuna: ezpata dantza. Eguerdian hasiko da, plazan. Ezpelur gaiteroen emanaldiak, Olaria sariak, ohiko sokadantzak eta larrain dantzak lagunduko dute ezpata dantza. Iaz egin bezala, aurten ereemakumeak ariko dira.
Jaiak. Santikutzak Legazpin
Ezpata dantza, txirrindularitza eta bertsoak jaietarako osagai
Astelehenarekin batera hasiko dira Legazpiko santikutzak; pregoia prest dago aste osoko festari ekiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu