Festa usaina dario Donostiari. Aste Nagusia gaur hasiko da, eta festak eztanda egin dezan, dena prest dute hirian. Kanoia, batetik. Luis Mokoroa artillero nagusiak piztutako kanoikadarekin abiatuko baita aurten ere Aste Nagusia. Kantariak, bestetik. Artillero abestera Donostiako Piraten kolektiboko kideak igoko baitira oholtzara. Halaxe abiatuko da hiriko asterik zoroena.
Kanoikada aurretik ere festa giroa nagusituko da. Erritmoarekin Kanoikadara ekitaldia antolatu dute, eta hainbat txarangak hiriko kaleak zeharkatuko dituzte. Kanoikada bota aurretik, denak Alderdi Ederren bilduko dira eztanda bertatik bertara jarraitzeko.
Zortzi egun. Aste oso bat. Udalak gaurtik hurrengo larunbatera arteko egitaraua prestatu du, eta guztira 350 ekitalditik gora antolatu dituzte. Denetariko ekitaldiak izango dira, denetariko publikoarentzat antolatutakoak: sagardo azoka, txirrindularitza klasikoa, bertso saioak, askotariko txapelketak eta lehiaketak, haurrentzako jolasak... Zerrenda amaigabea da. Eta, nola ez, urteroko protagonista handiak: Kontxako su festak eta Sagueseko kontzertuak. Donostiako Su Festen Nazioarteko 49. Lehiaketan zortzi piroteknia etxek parte hartuko dute, eguneko batek. 22:45ean izango dira.
Musikari dagokionez, Saguesekoa izango da agertoki nagusia, eta 11 kontzertu izango dira bertan. Horietako zortzi Euskal Herrikoak dira: Zea Mays, Doctor Deseo, Esne Beltza, Aste Nagusia Dance, Gose, 100% Gourmet, Anai-Arrebak eta Ken Zazpi.
Antzerkiak ere tarte handia du. Sei antzerki talde arituko dira, eta honako lan hauek antzeztuko dituzte: Bejondaigula, El tipo de al lado, Testigo de cargo, Carcajada salvaje, Yerma eta Bodologuak. Guztira, hogei emanaldi inguru eskainiko dituzte, Viktoria Eugenian edo Antzoki Zaharrean.
Piratak ere, festarako prest
Piratek egitarau ofizialean tartea izan arren, euren egitaraua prestatu dute, bederatzi egunekoa. Ez da egitarau makala. 75 ekitaldi baino gehiago prestatu dituzte, denentzako modukoak. Abordatze ospetsua astelehenean egingo dute, Gazte Egunean. Goizeko zortzietan ekingo diote baltsak muntatzeari, arrapalan. 14:00etan, bazkaria egingo dute, denek batera, Zuloaga plazan. Eta, horren ondoren, piratak itsasoratu egingo dira.
Musikari dagokionez, hainbat kontzertu lotu dituzte horiek ere. Taldeak ez dira nolanahikoak: Governors, Ze Esatek, 3gabe2 eta Obrint Pas Herrialde Katalanetako talde ospetsua izango dira, beste batzuen artean. Kontzertu guztiak Kaimingaintxo plazan izango dira, piratek portuan jarriko duten La Flamenka gunean, hain justu.
Egun bakoitzari izen propioa eman diote, eta horrekin lotutako ekitaldiak antolatu dituzte. Horietako bat Umeen Eguna izango da. Ostegunean ospatuko dute, eta txikiek gozatzeko hamabost ekitaldi prestatu dituzte: erraldoiak eta buruhandiak, haurren bazkaria, abordatze txikia eta txokolate jana, besteak beste. Gainera, gehiago dibertitzeko, mozorrotuta igaroko dute eguna. Eguneko ekitaldi gehienak Portalesetik Nautikorako gunean egingo dituzte.
Bada ia egunero errepikatuko duten ekitaldi bat: Trinitate plazako afari girotuak. Oilaskoa eta saiheskia eskainiko dituzte. Asteazkenean ez da afaririk izango, eta, horren ordez, Elektrotxarangak lagundutako poteoa egingo dute. Egunero ordu ezberdinetan egingo dira afariak: 20:30ean, 21:30ean edo 22:00etan.
Autobus zerbitzu bereziak
Zortzi egunetan zerbitzu bereziak eskainiko ditu Dbus konpainiak. Linea guztien ordutegiak aldatu egingo dira; baita ibilbideak ere, zirkulazio aldaketak direla medio. Ordutegiak zabalagoak izango dira, esate baterako: suak amaitutakoan, zerbitzuak 00:50era arte luzatuko dira, eta, gero, Gautxoriak ibiliko dira goizaldera arte. Informazio gehiago www.dbus.es webgunean.
Eztanda handirako prest
Gaur arratsaldean hasiko da Donostiako Aste Nagusia, Luis Mokoroa artillero nagusiaren kanoikadarekinPiratek kantatuko dute 'Artillero' abestia, zortzi eguneko festari hasiera emanez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu