Eztanda, izatearen jatorri

Napoka Iriak gaur aurkeztuko du Eibarren 'Lehertarazi edifizioak' diskoa, taldearen lehenengo lan luzea

Miren Narbaizak eta Ander Mujikak 2005ean sortu zuten Napoka Iria. BERRIA.
Maialen Unanue
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Napoka Iriak bere lehen disko luzea aurkeztuko du gaur Eibarko Karrika tabernan (Gipuzkoa), 22:00etan. Urtarrilean Bergarako Zabalotegi aretoan (Gipuzkoa) emandako kontzertu batean grabatu zuten Lehertarazi edifizioak lana.

Guztira hamar abestik osatzen dute diskoa: abesti berri, zahar eta bertsio bat edo beste entzun daitezke bertan.

Halere, ez da taldeak argitaratzen duen lehen lana. Izan ere, seina abestiz osatutako bi disko kaleratuak dituzte aurretik. 2005ean sortu zuten Miren Narbaizak eta Ander Mujikak Napoka Iria, eta ordukoak dira euren lehenengo abestiak.

Urte berezia izan zen 2008a bikotearentzat. Izan ere, euren hurrengo lana argitaratzeaz gain, mugak gainditu eta kontzertu-itzuli labur bat egin zuten Japonian.

Bi gitarrak eta Narbaizaren ahotsak osatzen dute Napoka Iria taldearen musika. Noizean behin kolaborazioren bat edo beste izaten dute, baina ez dute bateria edota perkusio lagungarririk behar agertokia betetzeko.

Narbaiza eta Mujikak pixkanaka gaur egungo musikan euren lekua aurkitu dutela nabari da, eta, horren erakusle, hamaika kontzertu eskainiak dituzte dagoeneko.

NAPOKA IRIA

Noiz. Gaur, 22:00etan.

Non. Karrika tabernan, Eibar (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.