Bere historia ezagutzen ez duen herri bat hutsak errepikatzera kondenatua dago». Esaldi hori barneratua du Mikel Rueda zinemagile gazteak, eta bere egin zuen BERRIAri eskainitako elkarrizketa batean. Historiaren pasarteak zinemagintzaren bitartez zabaltzea herrialde askotako joera dugu, eta Euskal Herrian ere bada horren premia. Ongi etorria izan dadila, beraz, Saturrarango espetxearen gaineko euskarazko film bat.
Filmaren emaitzaren azterketaren gainean, berriz, ez zuri ez beltz geldituko ginateke. Beltz ikusi zuten batzuek Donostiako Zinemaldian. Moja frankistak, guardia zibilak eta preso guztiak euskara biribilean entzutea ez zela sinesgarria esan zuten batzuek. Ez nieke arrazoia kendu nahi, baina euskaraz lan bat egiteak halakoak ekartzen ditu berarekin.
Debekatua dago oroitzea dokumentalarekin konparatuta-gai bera jorratzen du-, dokumentala hobea zela esan zidan beste batek. Baina ez dago konparatzerik. Bizirik dauden emakume haien ahotsa zuzenean entzutea gauza bat da -ez diet Josu Martinezi eta Txaber Larreategiri meritua kendu nahi-, eta beste kontu bat film oso bat egitea. Kasu honetan, zailagoa dirudi fikziozko filma egitea.
Eta bai, noski, baditu gabeziak Izarren argia-k. Zenbait unetan baliabide faltak eragiten du pantaila aurrean dagoen koadroan. Fakturazioa hobea izan zitekeela suma dezake ikusleak. Badirudi istorioan zerbaitek huts egiten duela guztia sinesgarriago egiteko. Beltzerako urtzea maizegi erabilita dago, eta ez dio mesederik egiten kontaketari.
Baina, hala eta guztiz ere, duina da Mikel Ruedaren opera-prima. Presoen itolarria sentitzen da hainbat eszenatan. Kameraren mugimendu bizkorrarekin ezegonkortasuna sortu nahi zutela aitortu du zuzendariak, eta hori lortu egiten du neurri batean behinik behin.
Eta goraipatzeko modukoa aktoreen lana da. Barbara Goenaga bikain dabil, nahiz eta agian politegi ageri zaigun pertsonaiaren sufrikarioa muturrekoa denean. Klara Badiolak ederki betetzen ditu bere une dramatikoak. Itziar Lazkano moja gaizto eta gezurtia da, etaVaya semanita-ko esketxetako aktoreaz ez da inor akordatzen. Bada ezaguna egiten zaigun beste preso bat ere, eta amaieran jabetzen gara Estibalitz Gabilondo dela (CQC-ko erreportaria).
Gabeziak gabezia, ahanzturatik ateratzea merezi zuten emakumeak ageri zaizkigu lan honetan. Errespetuz kontatzen da haien istorioa. Eta ez da gutxi.
############
Izarren argia
+7. Euskal Herria, 2010. Zuz.: Mikel Rueda. Akt.: Barbara Goenaga, Itziar Lazkano, Klara Badiola, Estibaliz Gabilondo, Amaia Lizarralde, Sara Cozar. 93 min. Gasteiz (Florida, Gorbeia), Bilbo (Capitol, Alondegia, Multicines), Barakaldo (Max Ocio), Getxo (Lauren), Donostia (Antiguo Berri, Principe), Eibar (Coliseo), Errenteria (Niessen), Ordizia (Herri Antzokia), Zarautz (Modelo), Iruñea (Golem Yamaguchi, Carlos III), Uharte (Itaroa).
############
Faxisten krudelkeria ez dugulako ahaztu behar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu