Vindicación duazken lana Susana Koska zuzendariak (Donostia, 1966). Bi urte eman ditu proiektua gauzatzeko, eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian lehenengoz aurkeztu ondoren, Bilbora ekarriko du gaur. Bidebarrieta liburutegian dokumentala aurkeztuko du, 19:00etan; horren ondotik mahai-ingurua antolatu dute.
Nondik dator Vindicación dokumentala egitearen ideia?
2004an Mujeres en pie de guerra lana egin nuen, eta horretan emakumeek 36ko gerran, Errepublikan eta borroka antifrankistan izandako esperientzia kontatzen zuten. 1975ean amaitzen zen, Franco hil zenean, baina emakumeen borroka ez zen han bukatu. Ez ziren Errepublikan izandako eskubideak berreskuratzen hasi ere egin. Beraz, Mujeres en pie de guerra lana hasi baino lehen suertatu zitzaizkidan galderek hor jarraitzen zuten oraindik ere.
Aurretik egindako lanaren ildotik jarraitu duzu?
Giltzarri diren hitz batzuk bilatzen joan naiz, emakumeak arduratzen dituzten hitzak. Berdintasuna, abortua, hezkuntza sexuala, dibortzioa, emakumeen aurkako indarkeria... 1975ean zeuden arazoak ziren, baina orain ere badaude. Planifikazio zentroak bultzatu zituzten emakumeak bilatu nituen, hezkuntza sexuala eskoletan berriro jartzen saiatu zirenak, Basaurin abortatzeagatik epaitu zituzten emakumeen abokatuak... Nire nerabezaroan garrantzi handia izan zuen Basaurin gertatu zenak; 15 urte nituen epaiketa hasi zenean. Eta gehienbat defentsa feminista hartu dut oinarrian, guztiaren lema izan zena.
Zer nolako materiala erabili duzu dokumentalean?
Material grafikoa eta borroka hori bizi zuten emakumeen testigantzak bildu ditut. Material grafiko asko aurkitu dut: paretetan idazten zituzten gauzak, deialdiak, aldizkariak... Horiek erakusten digute nola aldatu diren eskatzeko moduak. Lehen berdintasuna eskatzen genuen, eta orain, berriz, erantzunkidetasuna. Horrela erakutsi nahi izan diet belaunaldi gazteagoei, jakin dezaten borroka hori zer izan den.
Gaztetxoentzat izango da, beraz.
Haurrek esaten dute «feminista bat zara», edo «matxista bat», baina ez dakite zer esaten duten. Ez dakite orain dutena borroka gogor baten ondorioz lortu dela. Uste dute eskuetan duten guztia zerutik jaitsi dela. Eta gaztetxoei zer gertatu zen erakusteko material grafikoa aukeratu dut, baita dokumentalaren iraupena ez oso luzea izatea ere, 60 minutukoa, hain zuzen.
Nola ikusten duzu feminismoa?
Feminismo hitza oso irainduta dago, eta nik erakutsi nahi nuen ez diogula beldurrik izan behar, eskubideen aldeko borroka bat dela. Eta horien alde egitea zilegi da. Konturatu nintzen feminismoa ez zela amaitu ez 1975ean, ez 1985ean, ezta 1995ean ere. Berdintasunik gabe jarraitzen dugu emakume eta gizonezkoen artean.
Zaila da feminismoa gaitzat duen lan bat aurrera ateratzea?
Oso zaila. Emakume orkestra baten emaitza izan da Vindicación. Feminismoa ez zaie interesatzen ez ekoizpen etxeei, ez telebistei. Zapping egitea besterik ez dago ikusteko horrelako zerbait ez luketela aukeratuko. Aretoetara dokumental batekin iristea ere oso zaila da, baina jende askok lagundu dit. Zailena lana jendeari erakustea da; ez zaio jarduera komertzialik ikusten, eta kanpoan geratzen zara.
Susana Koska. Dokumental zuzendaria
«'Feminismo' hitzak ez gaitu beldurtu behar; eskubideen aldeko borroka zilegi da»
Frankismoaren ondorengo urteetako borroka feminista lantzen duen dokumental «didaktikoa» aurkeztuko du Koskak gaur, Bilbon. 19:00etan hasiko da 'Vindicación' lanaren emanaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu