Herenegun, txikienak izan ziren protagonista Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietan. Atzo, berriz, blusa eta neska beteranoei iritsi zitzaien jai giroaren lekukoa hartzeko txanda. Ondo baino hobeto erakutsi zuten adinak ez duela inondik inora ere axola festan murgiltzeko. Ehunka lagun bildu ziren eguna elkarrekin pasatzeko, bai eta gazteagoei sentiarazteko ere sasoia ez dela adinarekin galtzen. Festari nortasuna emanez, giro ezin hobean alaitu zituzten Gasteizko kaleak.
Goizean goiz altxatu, eta poliki-poliki bildu ziren guztiak San Migel elizako atarian, meza izaten baita eguneko lehen ekitaldi garrantzitsua. Ohiturari eutsiz, Andre Mari Zuriari lore eskaintza egin zioten elizatik irtendakoan. Izan ere, zorrotz zaintzen dituzte ohiturak beteranoetako askok, eta, beraz, ezin huts egin ama birjinari eskainitako ohorezko aurreskuari. Hala, umore onez ekin zioten beteranoek euren egun handiari.
Kontu kontari ibili, aspaldiko txutxumutxuez aritu eta tabernaz taberna ibili ostean, Probintzia plaza hartu zuten hurrengo helmuga. Izan ere, ikusmira handia pizten duen ekitaldi bat heltzear zen. Urtero ospatzen den Meneito dantzaldi ezagunean, nor baino nor trebeago aritu ziren gorputzak mugitzen. Izan ere, eguerdiko hamabi eta erdiak pasatxo zirela, beteranoz josita zegoen horientzat propio egokitutako dantzalekua. Bikoteka gehienak, nahiz eta atrebituenak bakarka ere animatu ziren dantzara. Txaranga doinuez lagunduta, dantzagunetik kanpoko jendeak ere mugitu zituen gorputzak. Nekazariak izeneko kuadrillak antolatzen du ekitaldia urtez urte, eta, nola ez, kuadrillako zenbait dantzazale aritzen dira epaile lanetan, dantzaldia bukatutakoan saria bikote onenari emateko. Sari gehiago ere banatu zituzten atzo, parte hartutakoek dantza bakarrik ez, barre ere egin zezaten: bikote baldarrenarentzako, ederrenarentzako eta maitagarrienarentzako saria, besteak beste.
Eguzkipean, bikoteka zein sueltoan aritu ostean, nekea nabari zen beteranoengan. Bero handia egiten zuen ordu horretan, eta, itzalik ezean, ura izan zuten dantzan segitzeko pizgarri. «Gu zahartuak gaude horrelako kontuetarako», zioen dantzarietako batek. Hala ere, neke horri aurre egiteko zer hoberik lagun artean bapo bazkaltzea baino.
Hala, San Antonio kalean dagoen alkartetxean bazkaldu zuten blusa eta neska beterano guztiek. 150 lagun inguru eseri ziren bazkaltzera, eta kalea kolorez bete zuten. Tarteka, Gasteizko betiko kantuekin lagundu zituzten solasaldiak, gazteenak ere kantuan jartzeraino. Edatekorik ere ez zen falta izan. Ardoaren lurraldean sobera omen dago halakorik, eta, beraz, ardo botilaz bete zituzten plater inguruak, denborak aurrera egin ahala.
Kalejirako gatza eta piperra
Tripak ondo bete eta ardoarekin pixka bat alaitu ondoren, zezenetara joatea bezalakorik ez dago. Plaza Berritik, Dato eta Florida kaleetan barrena egiten dute kuadrillek zezen plazarainoko bidea. Atzo, baina, blusa eta neska beteranoen kuadrilla izan zen bideari ekiten lehena. Bostak aldera hasi bazen ere, lehenagotik zeuden bertan, urduri samar batzuk, jende aurrean paseotxoa egiteko prest. Dantzan eta kantuan aritu ziren asko eta asko kaleetan barrena, abiatzeko ordua iritsi aurretik. Mariasun eta Rosa Mari, neska beteranoak biak, ilusioz beterik zeuden eguneko protagonista izate hutsagatik. «Lehen, blusak bakarrik ateratzen ziren festara, eta, orain, guk ere jai giroaz gozatzeko aukera dugu», zioen Mariasunek. Rosa Mari, berriz, belaunaz kexu zen, nahiz eta garbi izan atzoko eguna erabat gozatuko zuela, «zer gerta ere».
Zezen plazara sartu ziren biak, beste beterano batzuk kanpoan geratu ziren arren. Hala ere, zezenketa bukatu arte itxoin, eta berriz ere bildu ziren guztiak. Zezenetatik itzuli ziren ostera Plaza Berriraino. Mariasunek eta Rosa Marik alai esaten zuten: «Bihar biharkoak, badakigu-eta lur jota egongo garela». Algara artean biak, egun handiari ez zioten hutsik egin nahi izan. Afalordua heltzear zela, zenbait beteranok etxeranzko bidea hartu zuten. Gorputza gehiago astindu nahi zutenek, ordea, aukera izan zuten euren eguna luzatzeko, hurrengo urteko jaiei itxaron bitartean.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Blusa eta Neska beteranoak
Festarako, adinik ez
Blusa eta neska beteranoen eguna izan zen atzo, Andre Mari Zuriaren jaietan. Eguneko protagonistak izanik, goizean goizetik atera ziren kalera, festa alaitasunez betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu