Festarako azken ukituak

Inauterietarako karrozak prestatzen ari dira Tolosako Ferialekuan. Urtarrilean hasitako lana bukatzear daude; gehienak, Inauterietako igande eta asteartean aterako dituzte.

Goiz eta arratsaldez dabiltza lanean Tolosako Ferialekuan, inauterietarako egun gutxi falta direla. M. ALUSTIZA.
Maite Alustiza.
Tolosa
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Mozorro eroso, merke, eta ahal izanez gero, original bat aukeratzea ez da Tolosako (Gipuzkoa) herritarrek inauterietarako duten lan bakarra. Horrekin batera, askok eta askok karrozak prestatzen dituzte jaietako igande eta asteartean kalera irteteko. Inauterietarako egun gutxi falta direla, lanak amaitzen dihardute Tolosako Ferialekuan, goiz eta arratsaldez.

Egurrez, margo ontziez, burdin barrezeta erremintez beteta daukate Ferialekua. Iskanbila momenturen bat tarteko, zerren eta soldatze makinen zaratak dira nagusi. Dagoeneko prest dituzte karrozen oinarriak, eta orain, eszenatokia behar bezala apaintzen ari dira. Talde txikiak nahiz kuadrilla handiak biltzen dira egunero; bakoitzak ahal duen moduan egiten du lan: «Gurasoek lagundu digute egurrak mozten; zailena egin dugu, pintatzea bakarrik falta zaigu», dio Lorena Colomo gazteak. Lehenengo urtea da karroza egiten dutena, eta sei arrantzaleko taldean irtengo dira Estanque Noestan urmaelarekin. Oraindik inauteriak iritsi ez badira ere, hurrengo urtean esperientzia errepikatzeko asmotan dabiltza: «Oso entretenigarria da. Datorren urtean karroza gainetik margotu, eta kito».

Askok aprobetxatzen dituzte aurreko urteetako materialak: Mikel Arreseigor eta bere kuadrillaren kasua da hori. Hirugarren urtez dabiltza Ferialekuan lanean, eta iazko materialak birziklatuz, Txiki Park jolastokia eraikitzen ari dira. Astean zehar batzuek egiten dute lan; asteburuan, berriz, txandak aldatzen dituzte. Kolore biziz margotu duten egitura pilotez betetako eszenatoki bihurtuko da, lurrera jaisteko txirrista eta guzti. «Jendeak parte hartzeko jolasak antolatu ditugu, eta dantza ere egingo dugu». Zail izango dute, halere, aldamenekoen koreografiak hobetzea: Donostiako Kontxako hondartzaren parean dantza egiten duen ballet talde bat dute ondoan, barandaren piezekin lanean.

Taldean hamaika lagun izanda, antolakuntza beharrezkoa da karroza aurrera atera ahal izateko: «Batzuek egurra mozten dute; beste batzuk, soldatzeaz arduratzen dira; besteak, aldiz, materiala erostera joaten dira», azaldu du Mikel Arribillaga ballet taldeko kideetako batek. Gabonen ondotik hasitako lanak amaitzeko nahikoa denbora dutela dio, eta eguna iristerako plana eginda daukate dagoeneko: «Igandean goizetik irtengo gara karrozarekin; asteartean, berriz, eguerdi aldera».

Gazteak dira gehienak Ferialekuan, baina badira horien artean beteranoak direnak ere: hogei urte baino gehiago daramatza Antton Garroren kuadrillak, urtez urte, karroza egiten. Hogeita hamar bat munstro bilduko dira aurten, Halloween festan girotutako gazteluaren inguruan: «Helduak eta gaztetxoak irteten gara urtero; gazte gutxi biltzen dira, euren kabuz irten nahi izaten dute eta». Karroza eraikitzearena, ordea, helduen ardura izaten da. «Lan asko da, eta denbora gutxi hori egiteko». Dena den, egindako esfortzuak pena merezi duela diote Ferialekuan lanean dabiltzan gazteek. Baita Garrok ere: «Kosta egiten da egunerokotasunetik ateratzea eta hona etortzea, baina pentsatu behar da lanak merezi duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.