Iraila hasi zenetik ez da giro Altsasun (Nafarroa). Garagardo azokarekin ekin zioten hilabeteari, zirku ikuskizun batekin jarraitu, eta gaur eguerdiko Eztanda Handiarekin hasiko dituzte herriko festa nagusiak. Jaiak zaratatsu hasteko asmoa dute, gainera. Jai batzordeak zarata eta burrunba ateratzeko deia egin die altsasuarrei; udaletxetik txupina botatzearekin batera, zintzarri, lapiko, karraka eta zarata atera dezakeen beste edozein tresna jo dezatela, alegia.
Jai burrunbatsuei ekin aurretik, ordea, 2010ean jaiotako altsasuarrei harrera egingo diete Gure Etxean, eta zapi bana jantziko diote haur bakoitzari. Hamaiketakoa Peñen Batzordearen eta Altsasuko Gazte Asanbladaren eskutik dastatzeko modua izango da, gaztetxean, eta handik guztiak joango dira jaiei hasiera emango dion ekitaldira, Eztanda Handira. Zarata ateratzeko eta ongi pasatzeko gonbita egina dago.
Gaur hasi eta bost egun dituzte aurretik altsasuarrek festarako. Egun bakoitza adin tarte bateko herritarrei eskainiko diete, baina badira eguneroko ekitaldi eta jarduerak. Altsasuko Peñen Batzordeak, esaterako, kafeak, kalejirak eta bazkariak antolatu ditu egunero. Altsasuko Gazteak, Ajolabaikoak, Muthiko Txikiak eta Lagun Onak dira lau peñak, eta elkarrekin antolatu dituzte ekitaldi gehienak.
Ostegunekoa adinekoen eguna izango da. Urtero legez, egitarau zabala prestatu dute haientzat; bazkaria, besteak beste, Burunda pilotalekuan, eta, bazkalosterako, jotak eta dantzaldia.
Ostegunak badu beste bereizgarririk: iazko etenaren ondoren, txirrindularitza proba egingo dute berriro Altsasun. Euskal Herrian antolatzen den lasterketarik zaharrenetakoa da; aurtengoa 82. ekitaldia du, eta afizionaturik onenak bilduko ditu.
Festarako dei zaratatsua
Suziri jaurtitze, ezkila jotze eta Eztanda Handiarekin hasiko dituzte gaur eguerdian Altsasuko jaiakZintzarri, lapiko, karraka... zarata ateratzeko deia egin die herritarrei jai batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu